Bai, eta halaxe aldarrikatu zen joan den larunbatean ezker abertzalearen legalizazioari buruz Bilbon egindako manifestaldi jendetsu hartan. Edotariko jendea zela han esan nahi da eta pentsatuko duzu zeintzuk ez. Ibilaldi isila batetik baina azken batean Espainiako gobernuaren zoko moko guztiak astintzeko hainbateko burrunba hotsa hedatu nahi zuena. Izan ere iragan hilabeteotan zenbat manifestaldi burutu ditu gure herri honek, Bilbon, nahiz Iruñean edo Donostian herri eskubideak, gure presoenak, atxilotuekiko tratua, euskara eta Sortu legalizazioari dagokiona goraki exijituz? Pentsatzeak ere lanik asko eman behar die, hala fede!
Ezin gehiago berregarriak ez badira gero! Hainbat urtetan politikoen esanera epaileek erabakiak hartuz Batasuna hor erabili dute trapu zahar baten modura eta zuek hor isilik! egoteko agindupean zigorra erakutsiz, aldi luze baterako legez kanpora botatzeraino azkenean. Eta orain politiko hauek berek eskuak garbiturik, jakina, ez dute bada berau legeztatzeko auzia osoki epaileek erabaki dezaten utzi? Hau ere ikusi behar genuen, ezta? Hariari jarraiki, joan den astean berean, asteazkenez uste dut, Londres hirian non eta britainiar parlamentu nagusian (Westminster) bilera soil bat ez baina biltzarra esango nuke burutu dutela, inon diren ingeles politiko eta beste hainbat adituren artean. Gaia: Euskal Herria eta beronen arazo politikoa. Espainiar ordezkari bi omen ziren bertan. Bata isil eta ahoko ezpainik mugitu ere ez zuena. Besteak, berriz, Euskal Herrian ondo bizitzen dela eta ez dagoela beste munduko arazorik esan ez du bada, biltzarreko partaideak erabat inozotzat hartu ondoan!
Zenbat urtetan ez dira gau eta egun ibili terrorismoa gora eta terrorismoa behera zer nolabait gure herri hau zapaldu edo gutxienez menpean eduki nahirik edota etsipenak behin betirako jango gaituen ustetan? Euskaldunok bestetik garbi esan behar dugu, jasan dugun kalbarioaz aparte, Euskal Herriaren ezagutza munduan zehar berek eman dutela neurri aski on batean eta ez zaiela egin nahi izan duten joko zikina batere ongi atera. Egia da berebat, euskaldunok ere ez garela etxe zuloan sartuta eguzkia noiz aterako zaigun besoak tolestaturik egon. Diasporako euskaldunei aipamen berezi bat zor diegu puntu honetan eta han-hemenka batik bat Europa eta Ameriketako hiri eta herrialde ezberdinetan euskal nortasuna eta gakoari dagokionean buruak argitzen eta indarra sakatzen dabiltzan gure arteko askori ere bai.
Hala-hala, gure burrunba hotsa, zorionez, Espainiara ez-ezik mundu osora ere iritsi dela esan behar. Alegia, ia oraintsu arte Euskal Herria bazenik ere ez zekiten hainbat eta hainbat herrialde munduan errealitate honen berri izatera heldu direla, batzuei gustatu ala ez gustatu. Alabaina utz dezagun burrunba albo batera, herria geroz gehiago mugitzen ari den zentzua, era berean, geroz garbiago gertatzen ari zaigula jabetzeko, eta inoiz bada-eta, “abertzale naiz” aho betean aitortzea beste gabe aski ez denez, herri lanera eman behar ditugula gure bi eskuak, nola bakoitza bizi den inguru edo lagunartera hala herriak antolatzen dituen ekintza nagusietara. Egon konbentziturik, gu geu nor bagara, mugimendu honek ez duela atzera biderik.
Lehengoan Bilbon gutxi-asko esaten zena: Espainiatik ezezkoa badator, geuk baiezkoa beti eta bi pauso aurrera eta bat atzera egin behar badugu ere, beti aurrera, geroa geurea dela pentsatuz. Joko berri bat asmatzen dihardute orain. Gure presoak kartzela zulotik atera nahi baditugu, “Damu det Jauna…” aitortu beharko duela bakoitzak Espainiako gobernuaren aurrean. Frankismoari eta faxismoari buruz berek erakutsi duten damutasun eredua ikusita, zer?, Gitarra jotzen hasi al zaizkigu? Badaude pixka baterako, esan ohi den bezala.
Duela aste pare bat, Ibarretxe lehendakari ohiak ere, guztiz indar berriturik etorri zaigunez, hala zioen, beste gauza askoren artean Donostian eman bere hitzaldian: funtzionamendu berri batekin gizarte berri bat bilakarazi behar dugula E. Herria. Ez dago, nire ustetan, batere gaizki laburbildua euskaldunoi une honetan heldu zaigun zeregina adierazteko. Mezu aberatsa benetan gure lehendakari ohia zabaltzen hasi dena!