Bai, betikoa da hemen (eta nonahi), behekoa, ezinean dabilena, bere bizimoduarekin lanik asko duena, langabea edo langilea baina danba-danba kolpatzea. Goikoak betiere, eta zenbat eta gorago, are eta erosoago, alde batetik laguntza oparoak eta bestetik irabazi mokorrak lortzen dituzte. Ikus adibidez zenbait enpresa handi (Iberdrola…) eta banketxe (BBVA, Santander…). Krisialdi eta egoera larrian gaudela? Ez du itxura handirik. Nire ahalmen apurren arabera, saiatuko naiz puntu batzuk argitzen, ekonomia arazoaz sobera jakitun ez banaiz ere.
Gauza bat daukat garbi, zahartzaroa luzatu egin dela garai batetik eta hona. Zahar gehiago eta pentsio arazoa ere handiagoa beraz gertatzen dela. Korapilo hau nola askatu? Erraz. Erretiroaren urte muga lehen 65 urte baldin bazen, orain 67ra jaso eta kito. Ez al da nahikoa eta gehiegi nik neuk galdegiten dut 65 bera fundizio batean eta kamioi batekin harat-honat bizialdi guztia eman duenarentzat? Beste gauza bat, gainera, zenbait kasutan: Aita, adinean aurrera, lanean, eta seme gaztea langabe eta aitaren kontura bizitzen.
Bat hori eta bestea, pentsio publikoak nola ez diren behar hainbat izango edo denentzat iritsiko, pentsio pribatuari heldu beharko zaiola eta neurri batean edo bestean bakoitza berea segurtatzeko modua egiten hasi beharrean gaudela. Hau banketxeen bitartez egin behar izango dugunez gero, horiek beti irabazian. Bestela esanik dirua nagusi eta ezin duena izorra dadila kaleko hizkeran esan ohi den bezala. Adituek garbi diote, Espainiako gobernuak halako arazorik ez duela oraingoz gizarte segurantza estaltzeko eta nola plantea lezakeen hau 2040 urteari begira? Zer trikimailu ote darabilte hor tartean?
Kotizazio kopuruak ere neurri batean gora egin duela begi bistan dago. Zenbat emakume, lanera joan delarik, kotizatzen hasi da azkenaldiko urteotan eta berdin inmigrante jendea. Eta etorkizunean behera egingo duenik ere ez daiteke pentsa, lanik baldin bada behintzat. Pentsio minimum bat jaso ahal izateko kotizazio urte kopurua bera gehitu egin dute eta ez gutxi gainera. Ez dakit azkenean 38 urte multzoan ez ote den finkaturik gelditu.
Honen guztiaren aurrean pentsatzen jarrita, negargurea eman behar lieke espainiar jendeari bertako bi sindikatu nagusien CCOO eta UGT eta gobernuaren artean egindako konpota ikusita. Noizbait itzartuko al dira! Zorionez, harrokeriarik gabe baina besterik da euskal sindikatuen jarrera (ELA, LAB…) eta hau zinez pozgarri ez bazaigu gero! Bai, iragan hilabeteko 27 greba eguna porrot eguna izan omen eskuindar prentsak zioenez. Hortik aurrera aski isilik gorde dute putza mina. Ohar, hau hirugarrena zela, gainera, hilabete gutxiren baitan.
Pozgarria esan dut, eta nola ez bada? Egun horretako langileriaren mugidak batetik eta eguneko soldata galtzeak bestetik zerbait baino gehiago ez ote digu esan nahi? Gure kaleetako isiltasuna ere bazen zerbait. Gure denda, taberna, eta abarrek berdin, ez zuten, bada, irabazi handirik egin egun horretan, baina… Euskaldun jendea geroz garbiago gure gakoa non dagoen ari den seinalea ere badela esango nuke nik.
Ez dago ukatzerik behetik gora heldu den indarra biltzen ari ez denik gure herri hau. Garbiago esateko, nik neuk hiru gizarte mota ikusten ditut. Bata, agintariak goien eta hauen esanera herria behean. Herria batere aintzat hartu gabe, handi usteko obrak eta berek nahi duten erara jokatuz herria gobernatzen duten gizartea. Bigarrena, neurri batean herria aintzat hartu bai eta beronen alde jokatu ere bai era berean, baina herriarekin sobera kontatu gabe. Eta hirugarrena, benetan herria agintean duen gizartea. Kasu honetan, herriak berak bere burua jantzi, mugitu, indarrak bildu eta protagonista izanik jokoan bilakatzen den gizartea. Ni honen alde eta ea euskaldunok bide hori egiten dugun urte luzeak igaro baino lehen.