Eta egia, lehengo gau batean amets eder bat izan dut. Hori dela-eta hain zuzen euskal kantu zahar baten izenburua eman diot lantxo honi. Ametsa diozu? Bai, eta Afrika erdialde eskuineko, Sudan izenez ezagutzen den herrialde horretan barna ibili naiz. Gaur egun, ez dut zalantza izpirik, gure arteko zenbait gazte eta misiolarik ametsetan ez baina errealitatean ezagutuko dutela lurralde hura, handik zehar ibili edo bertan bizi izanik daudelako. Ni neu ere Asuan eta Abu Simbel aldean (Egipto) ibilita nago, baina Sudan lurraldera sartu gabe.
Zer eduki izan duen nire ametsak? Honako bi elementu hauen jokoa izan da dena: Itsaso Gorria batetik eta Nilo ibaia bestetik, bertan “faluka” batean bazterrik aberatsenak ezker-eskuin behatuz eta begiei ikuspegirik bitxienak eskainiz ibili naizelarik. Esnatu naizenean, ordea, errealitatea besterik dela laster ohartu naiz, Sudan herrialde horretan Iparra eta Hegoaren artean urte luzeak iraun dituen gerrarik krudelena burutu edo jasan behar izan baitute. Iduri du orain bakearen bidetik abiaturik direla, Hegoaldeak erreferenduma egin eta independentzia eskuratzekotan. Bien arteko arazo nagusia jada zera izan behar du funtsean, mugak non eta nola ipini, eta gero, jakina, hiriburua non finkatu.
Hariari tira egin eta Euskal Herrian kokatuz, galdera bat irakurle, non ipiniko zenuke gure kasuan euskal hiriburu nagusia? Bilbon? Zergatik? Diru iturri handienak han dauzkagulako? Ez bada. Iruñea da nire ustetan euskaldunon hiriburua izatea tokatzen zaion bakarra. Arrazoia? Nafar Erresuma deitu herrialde zabalaren hirigune izana delako aspaldi batean, estatu izanik gainera, eta oraino Espainia bera estatu izatera iritsi zen baino lehen, gustatu ala ez gustatu bakar batzuei. Nafar Erresumaren mugak zabalak ziren garai haietan, baina gaur egun nahikoa finkaturik dauzkagula esango nuke. Bi ibai nagusi ditugu muga, Aturri iparraldetik eta Ebro hegoaldetik, eta “hor konpon Mari Anton”! Etorriko da luzaro baino lehen gauza hauetaz pentsatzen hasteko garaia eta…, zenbaiten iritziz etorrita ere badago.
Ezin esan urrats ederrik asko ematen ari ez denik bide horretatik azkenaldi honetan gure herria. Hasi presoen aldeko larunbat sonatu hartan Bilbon burutu manifestazioa, hurrengo astelehenean ETAren adierazpena eta ondoren ezker abertzalea, EA eta Alternatibaren arteko ituna, urrats galantak ez badira gero! Min dute halafede! Ikusi besterik ez dago azken egunotako gure gazte sail baten atxiloketa bihurria! Zeren bila ote dabil luzapen usteletan luza eta luza hegoaldeko jende tentel hori? Gu geu hanka punttetan ibiltzera behartzen gaituzte, egia, baina ez ote dira konturatzen gimnasia egitera behartzen gaituztela bai, baina neurri horretan zangoak indartzen eta sendotzen ari zaizkigula euskaldunoi?
Atxiloketak? Alde batetik, barregurea ematen didate. Batik bat Nafarroa zigortu dute oraingoan. Ez naiz harritzen. Bai al dakizu Etxarri Aranatzetik (Sakana) bost autobus joan omen zirela Bilboko manifestaldira eta hogei Iruñerriatik? Garbiago, eguzkia, hodei edo lainorik ez dagoen egunean. Oro har 400 polizia inguru ibili omen (zifra ofizialak) gau horretan hamahiru gazteren atxiloketa lanean kokotseraino armaturik. Lau polizia mota, gainera. Hona hemen: Polizia nazional frantsesa, Polizia nazional espainola, Guardia Zibilak eta Ertzainak. Zer nahi duzu gehiagorik?
Aipaturiko hiru talde horien ituna ere ez da nolanahikoa. Euskaldunok gure neurriko trajea jantzi behar omen dugu. Testu luzea eta eduki handiko errealitatea markatzen digun ituna da. Nik neuk, laburbilduz, hauxe jaso dut hemen gera dadin: eta beti ere ezkerraren ikuspegitik gizarte eredu berri bat landuz.