Zenbat aldiz ez ote ditut zeharka edo zuzenean aipatu AIURRIko lantxo hauetan gure presoak eta zirikada batzuk jo ere bai aldi berean! Batere harrokeriarik gabe baina hauen aldeko nire jarrera aski nabarmena dela esango du norbaitek. Bost axola niri! Gureak dira, etxekoak, eta zer gutxiago egin dezakegu hauek defendatzeko? Askotan pentsatu izan dut gazteago izan banintz, agian, horien artean edukiko nindutela, baina aitona zahar hau zertarako dute zigorraren pean mantenu truke hartu behar izanik?
Berriketak alde batera, burutik ezin joan zaidan pertsona maitagarri baten berri emango dut, nahiz eta ARGIA astekarian edo GARA egunkarian nik neuk bezalaxe beste batzuek ere beronen kemena eta barne kuraia ongi ikasteko bidea egina duten seguru aski. Nor den horrelako pertsona hau? Mattin Troitiño, oraintxetik nire errespetu eta xerarik handiena duen gaztea, eta gaur egun ETXERAT presoen aldeko erakundearen bozeramaile dena.
Baditu beste horiek ere oso arruntak ez direnak eta bihotza, berdin, nolanahikoa ez dena. Bere biografia edo bizitzaren haria jarraitzeak halakoxe hotz ikara moduko zerbait sortzen du eta ez da gutxiagotarako. Lehenik, atera kontuak! Aita, osaba eta anaia dauzkala kartzela zulo ezberdinetan: Curtis (A Coruña), Huelva eta Alcala Mecon hurrenez hurren. Nik ez dakit zer delitu klase leporatuko zioten bakoitzari baina gogorra da etxe beretik hiru daudela preso pentsatzea bera. Aitaren kasua, berriz, gertatzen zait harrigarriena, zeren eta 2006an askatu behar zuten, zigorra bete ondoan, eta etxeratu, baina gauzak aldaketarik izango al dute, bestela 2018 urterainoko luzapena ezarri diote bizkar gainean.
Mattinen biografiari so, goazen bere bizitzako tragediaren zer nolakoa ezagutzera. Hasteko, Guardia Zibilek aitaren bila etorri eta etxea miatzerakoan, sei hilabeteko haurdun zegoen ama lurrera bota zuten eta esan gabe doa, haurra, Mattin, denbora baino lehen jaio zela. Aitak errefuxiaturik zen garaian ikusi ahal izan zuen haurra. Semeak, aldiz, hiru urte zituenekoa omen aita lehenbizikoz ikusi zueneko zentzu apurra. Pentsa, harrezkero zer joan-etorri metaketa eginak izango diren (etxe berean hiru preso) ama, familiakoak eta gure Mattin hau. Maitagarri egiten zait benetan! Ez du gorroto, herra edo mendeku grinarik bere baitan. Eta hona zer nolako esaldiarekin irten den egunotako batean: “Nik bizi izan dudana beste inork ez bizitzea da nire nahia; ez dut mendeku goserik”. Urrezko hitzak ez badira gero!
Joan den larunbatean, bestetik, Bilbon presoan eskubideen aldeko manifestazio erraldoia, orain arteko marka guztiak hautsi dituena ene ustetan eta barne guztia hunkitzen edo astintzen duen horietakoa. Nola ez bada! Besteak beste, senideen jokabidea izan zen zinez eta ezin gehiago goraipatzekoa dudarik gabe. Preso guztien bisita oro eten eta Bilbora denak. Senideak pozik, presoak ere bai, noski. Mila pare batetik gorako senide multzoak “Euskal Presoak Etxera” goiburutzat eta gure mapa daraman zapia bi eskuen bitartez sostengatu eta lau lerrotan bidea eginez hasiera eman zitzaion ibilaldiari. Haiek txaloak jaso zituztenak jende masa guztiaren aldetik! Oihurik sonatuena ere zapiak zeraman lema bera izan zen.
Jende masa honek (65.000 omen bertan) ez bakarrik kaleak duen errepidea, alboetako bi espaloiak ere bete-betean hartu zituen. Presoen eskubideak aldarrikatu ziren han, oso bidezko gauza dena, bestetik. Izan ere eskubide urraketa lotsagabea burutzen dihardute hainbat urtetan zehar frantses eta espainol gobernuek ETAren aitzaki-maitzakian. Dispertsioa aipatuko nuke lehenik. Esaterako, ikus “etxerat” web orria interneten eta ongi jabetuko zara zer nolako gurutze astuna (ibiliak, gastuak, arriskuak…) eramaten ari diren presoen familiak. Gaixotasun larria eta senda ezina dutenak kartzela barruan edukitzea bigarrena. Eta bizi osoko kartzelaldia dutenak, hogei urte edo bertan egin, kondena bete alegia, eta etxean behar luketenak, beste hamar edo gehiagoko luzapenaren mendekua buru gainera jausi zaielarik. Edota kartzela barruko isolamendua eta bakardadea eta beste zigor klaseak.
Lantxo honen azken lerroak idazten ari naizelarik, ETAren adierazpenak harrapatu nau bat-batean. A zer nolako burrunba hotsa zartarazi duen! Baina hori hurrengo baterako utziko dugu.