Lehengo egun batez, nire iritzi-lantxo hauen irakurle nonbait, kalean topo egin nuen emakume batek hala esan zidan: “ea Eguberri politak izaten ditugun aurten eta zure Aiurriko idatzia ere halaxe izaten den”. Beste gabe, beraz, hari horren puntari helduz hartzen dut gaurko eginkizuna.
Eguberriak, urte berriaren atarian jakina, aho betean esango diot amona prestu honi, eta gainerako irakurleei berdin, esperantzaren pizgarri direla niretzat, zarpa zaharrak baztertu eta esperantza berritzeko aldaba joka datozkigun egunak, alegia. Fededun izan ala ez. Fededunontzat Belengo haurra gogo bihotzetan, haur guztien ispilu eta etxeko haur bat bezalaxe maitagarria dena, edota Asia eta Afrika hego herrialdeetan urte oro goseak beste mundura eramaten dituen milioika haur horiek bezalaxe. Esperantza, bai, baina ez edozein esperantza, eta are gutxiago esperantza ustela dena, egikorra eta bakoitzaren konpromisoa berekin daraman esperantza baizik...
Fededun sentitzen ez denak ere bizi du, inolako duda-mudarik gabe, Eguberrien zantzua, zeren eta urtea bera zahartzen doan heinean gastatzen joaten baita eta berritzen hasten aldi berean. Gutxi bada gutxi, baina gauaren iluna beherantz eta egunaren argia gorantz abiatzen den egunak dira hauek, euskaldunok bederen, Eguberriak deitzen ditugularik eta arrazoi osoarekin deitu ere.
Gabonak, Gabon zaharra barne, Olentzaro eta espainolen artean batik bat orain modan sartzen ari den Papa Noel, bi horien izenean, inon diren erosketak nahiz opari klase guztiak egiteko ohitura nahikoa finkaturik genuen gure artean, urtean zehar kontsumismoaren baitan erosketarik egingo ez bagenu bezala. Hala ere krisia dela eta ez dela, gehiegikeriari lumak mozten hasirik omen gaude, dendari, jatetxe eta merkatuetan diotenez. Lehen, zentzu puska batekin xuhur jokatu ez, eta agidanez orain, derrigorrean datorkigu benetako jokabidea. Esan nahi dut, jateko, jantzi, jostailu eta opariei bere neurri bat hartu eta han hemengo beharrari zuloak itxi orde, hor ibili garela umetan bezalaxe zer nahi dugun ez dakigula. Orain ikasiko dugu seguru aski mundura begiak zabaldu eta esperantzari bere bideak egiten, norbere beharra bezalako irakaslerik ez baita besterena ikusi ahal izateko.
Egia esan, gaur egun han-hemenka munduan zehar behartsuei esku bat luzatuz inoiz baino jende gehiago dabil eta gure artetik ez proportzioz gutxien. Ez dakit Nazareteko kaskabeltzaren erreferentzia dutenik, baina jokabidea bai. Eskua luzatzea diot, sakela pixka bat murriztuz, edota garai bateko misiolarien antzera, laguntza pertsonala emanez, dela mediku eta erizain, dela irakasle edo mekanikari. Nik neuk ezagutzen ditut talde bat baino gehiago, langile soilak direnak bestetik, hemendik zenbait makina eta tresna hartuta halako leku jakin eta behartsu batera doazenak. Zertara? Lurra zulatu eta edateko ura eskueran izango duten iturria muntatzera. Edo tailer koxkor bat, eskola bat, granja bat, barazki ezberdinak ezagut ditzaten lur zati bat, ospitale txiki bat, etab... Edota jantzia, botikak edo jatekoa eta dirua esku egokietan uztera doazenak.
Eredu gisa aipa nezake familia bat, gurasoak, bi alaba eta semeak osatzen dutena. Eguberriak etortzearekin, bakoitzak bere kalkuluak egin ondoan, kartazal itxi batean amari entregatzen diote urteko kuota modura beren emaitza, amak dena baturik hirugarren mundura igor dezan. Gisa horretan ez ote genituzke Eguberriak benetan polit bihurtuko? Nire ustetan herria zentzu honetan geroz gehiago mugitzen ari da. Ikusi besterik. Eta beste zentzu batean ere bai, herrigintza lanean alegia, Euskal Herriaren nortasun eta geroari dagokionez hain zuzen. Ez dakit iragan gerra aurretik nola izango zen, baina egun sekulako olatu zabala altxatzen ari da herri hau, politiko eta agintariak, polizia eta epaileak albo batera utzita, eta aldi berean, goiko guztiok dantza nahasi batean ezartzeraino, hala fede.