Pentsatuko duzu, irakurle, kirola dudala gaur jorratuko dudan gaia, eta hain zuzen futbola, horra. Bakarren batek edo gehiagok esan dezake, futbola? Ez zait batere interesatzen, eta idazlantxo hau irakurtzea bertan behera utz lezake. Eta neuk esango diot ez dela soilik futbola, “gure futbola” baizik eta gure futbol horren inguruko arazo nagusi zenbait dudala esku artean oraingoan...
Duela bi urte sekulako eztabaida gertatu zen Federazioaren eta euskal jokalarien artean, batik bat izenaren ikuspegitik planteatu zena. Federazioak Euskadiko selekzioa deitzen jarraitzea nahi, eta jokalariek, berriz, deitura zabalago bat behar zuela derrigorrez, baldin eta bidezko zen bezala nafar edo iparraldeko jokalariak bertan partaide izango baziren. Euskal Herriko selekzioa deitu behar zitzaiola, alegia. Nik ere lantxo bat egin nuen hemen berean Euskadi izena baztertu, hiru baskongada probintzien izena denez, eta Euskal Herria izenaren aldeko arrazoiak aletuz.
Halatan bada, jokalariek amore eman ez eta urtero Eguberri sasoiaz baliaturik gurean jokatu ohi zen futbol partida bertan behera joan zen, orain bi urte eta iaz ere berdin. Ez zen, agidanez, izen kontua bakarrik, diru kontua ere bai orain azaldu denez. Sosa ederra franko biltzen omen egun horretan Federazioak, eta hala ere, kaskagogorra izan behar elkarte horretako buruak bereari modu horretan eutsi ahal izateko. Atzetik xaxariko jendea duela pentsatzekoa ere bada.
Bi urteren ondotik, jokalariak ere ez lasai nonbait, eta berriro ekin diote ohiko futbol partidari, nahiz eta Federazio buruak lehenean segitu. Gauzak argi eta garbi aditzera eman dituzte jokalariek beren aldetik. Lehenik eta behin futbola ez dela hogeita bi ostikalariren jokoa bakarrik, herri zentzu bat ere badakarrela berekin. Izena edo deituraz aparte, Euskal Herria gure kasuan, beharrezko duela esaten da, ageriko ezaugarri nabarmen bat izatea berebat. Esan gabe doa, kamiseta berdea, alegia. Espainolek, azken aldian garbi erakutsi duten bezala, kamiseta gorria izateko eskubidea badute, guk geuk zergatik ez berdea?
Dena den, ez daude lo gure jokalariok ere eta Federazioak onartu nahi ez dituen sei eskakizun zehatz luzatu dituzte ezker-eskuin alde guztietara. Guztiak dauden-daudenean emateak luze joko lidakeenez, laburbildu eta ahal den argien ematen ahaleginduko naiz.
Lehenak, Euskal Herri osoko selekzio bat dela gurea eta ez Espainiako selekzio autonomiko bat dio, zazpi probintziak bat banaka aipatzen dituelarik. Nazio bat, selekzio bat eta ofizialtasuna exijitzen du. Bigarrena gertatu zait oso polita. Partida guztien aurretik argazki bat aterako omen jokalariek, aurrean pankarta bat ofizialtasuna eskatuz eta atzean Euskal Herriko mapa erakutsiz.
Hurrengoan, selekzioa gure zazpi lurraldeetara zabaltzen denez, Nafarroa eta Iparraldera begira lan egitea eskatzen da eta harreman edo lotura ezberdinak egiten hasteko jarrera adierazten dute. Laugarrenean, Federazioari FIFAren aurrean selekzioaren eskakizunak lortzeko eskaera luzatzen diote eta honek ez badu egin nahi, publikoki salatuko dutela jakinarazten. Bosgarrenean, nazioarteko txapelketaren antolaketa, hainbat aldiz aipatu dena martxan jartzea. Eta azkenik, beren borondate ona erakutsiz, hainbat tirabira ikusi ondoan, nahiz eta berek nahiago duten Euskal Herriko selekzioa deitura, prest leudekeela “Euskal Selekzioa” bera onartzeko ere.
Horra bada, euskal futbolariek defendatzeko daukaten gogo biziarekin, zeintzuk diren eskakizun sakon hauek, nahiz eta Federazioak muzin egin eta folklore eta diruaren jokoa gainditzeko asmo izpirik erakusten ez duen.