Pilarika arratsaldean Iruñean Independentista sareak antolaturiko manifestaldiaren oroitzapenak bira asko eman ditu geroztik nire buruan. Ukitu berezia ezarri zidan nire baitan han gure artean hegoamerikar jende beltzarana gu geu bezalaxe Euskal Herriaren independentzia eskatzen eta galdegiten ikusita. Egia da, , bestetik, aurten 200 urte bete (1810) eta ospatzen ari direla Hego Amerikako herrialde haiek, Espainiaren kateak urratu zituztenekoa gogoratuz.
Urtea badoa aurrera, baina gertaera horren aipamenik ikusi ote duzu espainiar edota espainiar giroko prentsan urte guztian zehar? Nik neuk ez. Badakite putza min batzuk ongi gordetzen hala fede! Goazen, ordea, beste gauza batzuk jorratzera.
Ondo pentsatzen jarrita, herrialde haiekiko Espainiaren kolonizazio hartan, deitu nahi baduzu konkista, lapurreta, txikizio, sarraski edo denetarik, baina euskaldunok ere partaide izan ginen. Hiru euskaldun mota aipatuko nituzke amerikano deitu hauen artean.
Oroit Euskal Herria industrializatu aurretik baserria zela hemen bizimoduaren oinarri. Seme-alaba ugari familietan, eta beraz, askok Ameriketarako bidea hartu behar. Gehiengoa jende langile jatorra, eta artzain, nekazari, artisau edo merkatari bertan finkatu zena. Gaur egun ikusi besterik zenbat Euskal Etxe dauden goi eta behe herrialde haietan guztietan. Tartean ezin uka bandidu edo bandolero jenderik izan ez zenik. Bigarren multzoa, han aberastu eta euskal lurrera itzuli zirenak, hemen bizitzeko “indiano etxe” dotoreak eraikiz. Hirugarren, han agintera iritsi eta Espainiarengandik independentzia lortzen, Bolibar, Mina eta beste askoren antzera bizia eman zutenak. Ez dut oraino eskuratu baina badakit liburu bat argitara eman berria dela herrialde ezberdin haien independentzia borrokan esku hartu zuten hainbat euskaldunen xehetasunak eskaintzen dituena.
Bestalde, esan gabe doa duela berrehun urte independentzia lortu bai, baina ia kasik orain arte jatorriz kanpoko jendea zena egin zela herrialde guztietan agintearen jabe, eta bertakoak (indigena, indio edo kreol izan) beste kolonialismo mota baten baitan egon direla. Orain komeriak! Esaterako Chavezen berri ikasi dugu aspaldian. Hala eta guztiz, beheko herriaren mugimendu olatua geroz gorago badoa ere, kezka franko bai omen bazterretan espainiar hainbat enpresa sartu eta han haietako ondasunez baliatzen ari direlako.
Etxera itzulita, geure egoera ere ez dela oso dotore edo biribila deritzot. Guk ere, euskaldunok, independentzia nahi eta gainean ditugunek ahoko arnas apurrik ere ez digutela opa. Bai, bai, baina sokatira honetan garbi daukagu ez dituztela irabazteko guztiak beren esku. Bestela, egiten ari diren ankerkeria guztiak ez dute inolako esplikaziorik. Orain armak erabiltzea eta herri ekintza juzgatzea gastatu zaie eta hitza juzgatzeari heldu diote. Ikus, adibidez, Otegi eta bi lagunen epaiketa, edo azkenik kartzelatu dituzten hamahiru gazte horien kasua, edota, diotenez, jadanik fitxaturik dauzkaten beste berrogeita hamar gazte horiena.
Alabaina, gazte jendea ez dago lo eta ausardia ere badu gutxi-gutxi ez dena. Prest agertzen dira aurpegia eman eta barrura joan behar bada joateko ere. Hona joan den larunbat goizean Usurbilgo herrian bildu zen gazte multzo handi batek zer nolako erronka jo zuen haizearen lau aldeetara: “Hemen gaude eta ez gaituzue geldituko”. Eta arratsaldean manifestazioa Donostian (1.500 lagun) eta pankarta handi bat non adierazten baitzen: “Eskubide zibil eta politikoen alde. Gazteria aurrera!”.