Bainuetxea

Bada bospaseigarren aldia osasunari urteko ibili hau bi lagunek ematen dioguna. Horretarako Espainia aldera jo behar eta norbaitek aurpegiratu izan dit, “hi hain euskalduna izaki eta…” Erantzuna ere prest izaten du. INSERSOren bidez joaten gara eta honek seinalatzen duen bainuetxe batera. Urtero ezberdina eta horrela hobe guretzat, zeren eta bateko edo besteko herri eta parajeak ezagutzeko modua izaten baitugu.

Sarrera-eguneko goizean medikuaren azterketatxo bat pasatu behar izan ohi denez, honengandik ondo hitz eginean ureko ekitaldiak goizetik izatea lortuz gero, arratsalde osoa gelditzen da harat-honat ibiltzeko. Paraje ederrik bisitatu dugu oraingoan ere.

Banaka denak ezin aipatu hemen baina bat guretzat bitxia izan denaren berri eman nahi nuke. Mahaia zerbitzatzen geneukan gazteari “cabrales” deitu gazta aipatu eta berak inolako gupidarik gabe non esaten digun: “hemengo lanak bukatzean nik eramango zaituztet, gaztagile familiakoa bera, eta ikusiko duzue”. Esan eta izan. Arratsaldean hor goaz hirurok Bejes herrira eta zarpa zahar batzuk eta bota handiak jantzirik, mendi hegalean daukaten haitzulo batera. Barrura sartu eta ezker eskuin, mahai luzeetan ipinita agian mila bat gazta bai bere onera erakartzen. Ikuskizun harrigarriagorik…!

“La Hermida” bainuetxea izan dugu aurten kokaleku Picos de Europa deitu mendi kankarren erdian aurkitzen den bainuetxea, Kantabria eta Asturias bi hauen muga-mugan. Alboan ibaia eta oso kontuz autoa gidatu behar den errepide estu bihurri bat. Gainerakoan, mila metro eta gehiagoko pareta tzarrak bailiran harkaitz mokorren tartean aurkitzen da. Eguzki izpiek ez omen dute jotzen martxoan hasita uda sasoian baino. Ez naiz batere harritzen. Guk geuk, hala ere, eguraldi ona izan dugunez, aire eta eguzki ederrik bilatu dugu mendi gain zoragarri haietan. Euri apur bat igandez (urriak 24), nora joko eta Kobadongara. Meza nagusi jendetsu eta jaiera handiko batean partaide izan eta itzuleran asturiar tradizioko bazkaria nahiz egun pasa egin ondoan, etxera.

Eta zer esan urak hartzeari buruz? Nire kasuan, medikuaren agindua jarraituz, lehenik eta behin piszina. Bikoitza hau. Bata estalia eta aire librean bestea, mendi hegaletik zurrustaka ur beroa jasotzen duena. Txorro desberdinak. Bost orotara. Burbuila mordo bat. Jakuzi txikia eta handia, sauna hezea eta irteeran zangoak ur hotz eta berotan atzera aurrera ibili eta ia txingor-itzeraino ipintzen genituelarik. Jatekoari buruz kexurik ez gure aldetik behintzat. Ororen buru, gauza bat ona. Mahaiak bete ahala zerbitzatzen zitzaigula.

Eta honek zer esan nahi duen? Otordu bakoitzean kasik jende desberdinarekin harremana izateko bidea zenuela eta nik neuk ongi aprobetxatu dudan ustetan etorri naizela. Gure txandan ehun bat pertsonetatik, euskaldun bakarrak ginen ustetan izan gara.  Hurrengo txandako oñatiar  bikote bat ezagutu genuen, hala ere. Kantabria, Palentzia, Burgos eta Madrilgo jendea izan da gehienbat. Mahaian eseri eta berehala ohartzen ziren euskaldunak ginela. Ez zen harritzekoa izaten puntaren bat ateratzea ere gure alde edo ez hain alde. Guk, halaber, ez dugu aukera bat bera utzi alferrik galtzen.

Gutxienez, Euskal Herriak arazo politiko larri bat zeukala Espainiari korapilo latza zitzaiona esan ohi genuen. Rubalcabari belarriak gorritzeko modua ere egin dugu behin baino gehiagotan. Berebat gure gain bizi dugun errepresioa ez genuen isilik gordetzen.

Oroitzen naiz behin madrildar bikote bat gure ondoan, geroko egunetan oso adiskide egin garenak. Arrunt ibiltariak ziren ziotenez, baina duela gutxi arte Euskal Herria ezagutzen ez zutenak. Zergatik eta halakoxe beldur edo erreparo puntta bat zutelako. Nik beste arrazoi bat agertu nien: Espainiako prentsa eta politikak burua janda zeukatelako zela. Eta egia, halaxe aitortu ere, aitortu zuten.

Beste harreman polit bat ere izan dugu. Bainuetxetik behera, kilometro erdi batera dago izen bereko herria, edo hobe, herrixka.  Farmaziara sartu eta andoaindarra hain zuzen botikaria, bere gurasoak bezalaxe Potes herrian bizi dena eta Urnietan izeba-osabak eta lehengusuak dituena. Elkarrizketa bat izan, agurtu eta hartan gelditu zen ordukoz, baina igande ilunabarrean non aurkezten zaizkigun bainuetxean, amona, ama (botikaria) eta Maider izeneko honen alaba txikia. Emakume argia zinez gure amona hau. Zenbat gauza ez ote genuen aipatu solasaldi hartan! Guretzat deigarri, Andoaingo Inttui baserriko alaba zela jakitea eta umetan Urnietako Larburugain baserritik Xoxokako eskolan ibilia.

Amaitzeko, gure antzera-edo, Espainiari koxkatxo bat egitera gomendatzen dut beste gabe, irakurlea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!