Pilarika eguneko pasadizoak dira gaur hemen kontatzeko ditudanak. Ez noski, Madril aldekoak. Hispanitatea, Arraza Eguna eta Guardia Zibilen ospea edo Zapaterori jotako txistu hotsak aipatzeko, baizik eta Iruñeko kaleetan kimu berrien manifestaldi jendetsuari eta bertan luzatu mezuari buruz jardungo naiz lerro hauetan.
Eta besterik gabe, lehenari helduko diot. Garaiz iritsi ginen. Autoa utzi eta zuzenean jo genuen manifestaldiak abiapuntutzat zeukan Golem zinema aldera. Harantz bidean goazela, taberna batera sartu ginen kafetxo bat hartzeko asmotan. Ondoan bikote bat, batere usain onik hartu ez nion bikotea, eta haietariko batek non galdegiten didan, ea manifestaldira zihoan jendeak zeraman bandera berdeko izarrak zer esanahi zeukan. Ez nekiela argi eta garbi esateko, baina Espainiaren menpetik atera eta duela 200 urte beren independentzia lortu zuten Hego Amerikako herrialde desberdinen (Peru, Bolivia, Venezuela, Argentina…) askatasunaren oroitzapena zen ustea nuela. Horretan gelditu zen harremana.
Jendea barra-barra kale zoko guztietatik Golem aldera eta bostak eta erdietan puntuan ekin zitzaion jardunari. Egun batzuk aurretik deia luzaturik zeukaten haren antolamenduaren ardura zutenek, esanez soinean zerbait berdea eramateko (gona, jertsea, zapia, txapela edo kapelua, prakak, edo…) eta egia esan, denetarik bazen manifestaldi kikirriki hartako jendearengan. Jende beltzarana ere bai. Hegoamerikarrak esan nahi da.
Bestetik, hori bai, ongi zainduta egin genuen ibilbidea. Bidegurutzetan trafikoaren ardura zuten udaltzainez aparte, polizia nazionalaren sei furgoneta aurretik eta lau atzetik izan genituen. Aurrean mantal zabal ederra, berdea, jakina, eta independentzia aldarrikatzen zuena bere zabaltasun guztian; jarraian, Bolibar askatzaile ospetsuaren irudi erraldoia. Ezta santua izan bazen ere seguru aski halako prozesiorik ezagutuko. Ondoren jende multzo handi bat bandera bana haizearen arabera astinduz, izar berdea goian eta independentzia hitza hizki handiz egina zeramana. Geroxeago furgoneta ireki bat herri musika, inon diren kantu eta trikitia barne, giro alaia bezain bikaina sortuz eta jendearen aldetik independentziaren aldeko oihuak tartekatzen zirelarik.
Esan behar dut, Independentistak deitu taldea zela manifestaldiaren antolatzaile, baina ez dira gisa horretan identifikatzen, baizik eta Independentistak sarea dute deitura. Sare honen deialdiari erantzunez han bildu ginen edo beste abertzale edonor kimu berde bezala izendatuak izan ginen. Kimu berdeak udaberri usaina du beti ere, eta orain beraz, sasoirik hoberenez kimuon sarea zabaldu nahi da Euskal Herri guztira, gure jenderik gehienaren buruak argitzeko bidea eginez eta ekintzara sakatuz. Herri ekintza esan nahi da, edo herri ekimena edota norbaitek esan lezake herri borroka ere. Dena den, har dezagun gogoan herria dela nor, bere buruaren jabe egin dezagun espainol edo frantses moldeak urratuz.
Gainerakoan, dei berezi bat luzatu zitzaien gure artean genituen hegoamerikarrei. Hala nola: “Zuek, beste lurralde batzuetatik heldu zareten guztiok zinez animatzen zaituztegu Euskal Errepublika eraikitzera”. Euskal Diasporatik (Argentina, Txile, Mexiko eta Uruguai) iritsi zen mezua ere eman zen irakurtzera. Hona zer esaten ziguten han haietako euskaldunek: “Independentzia da biderik zuzenena gure nortasuna eta beronekiko lotura segurtatu ahal izateko”.
Arratsalde alai eta ederra benetan urriaren 12koa Iruñean, iragarpen bat gehitu zitzaiolarik. Kate honek hurrengo maila datorren azaroaren 9an izango zuela. Erne, beraz, non eta zer guztien berri jakin nahi baduzu.