Joan den igandeko Zazpika astekarian (GARA) udazkena aipatzen zen, eta jakina, urteak, uda amaitzearekin batera, une honetan egin ohi duen sasoiaren aldaketa. Interes handiko gauzak aztertzen zituen, aditu desberdinek parte hartu eta bakoitzak bere iritzia luzatzen zuelarik. Hala nola, psikologo bat, sexologo bat, naturopata bat eta moda diseinatzaile bat, poetak bere bat idatzi honetan aintzat hartzen baziren ere.
Nik neuk beste ikuspegi batetik heldu nion, egia esan, sasoiaren aldaketari. Bezperan Bilbon izana nintzen beste milaka askoren artean bertako kaleak mukuru bete genituelarik. Kilometro eta erdiko luzera izan omen manifestaldiak eta azken urteotan izan den handiena esan denez. Eta zer esango dut nik? Euskal Herriaren sasoiaren aldaketa ikusi, sentitu eta bizi izateko arnaskada luzearen jabe egin ginela batere zalantzan jarri gabe. Han izan ginenok eta joaterik ezin izan zutenek ere bai seguru aski.
Bertaratzeko deia oraingoan ez zen Adierazi EHk egina aurrekoan bezala. Politika munduan batere ezagunak ez ziren herritar talde baten ausartzia izan zen eragile. Beraz, nola debekatu edo galarazi, nahiz eta aurrekoan irailaren 11koaren antzeko helburua izan, eskubide zibil eta politikoen errebindikazioa eta defentsa, alegia. Ez ziren ausartu nonbait gure “demokrata” alhatsuok horretaraino. Ez gai ez direlako, baina jostorratza baino hariak luzeagoa izan behar duela ohartzen edo ikasten hasirik daudelako ene ustetan.
Inon diren talde eta ordezkarien presentzia izan zuen eta euskal sindikatu eta alderdi politiko guztiena, PP eta PSE salbu, jakina. PNVk ere bere ordezkaritza erakutsi zuen han eta batzuek esango zuten, zer gutxiago? Askok, ordea, bozkario handiz ikusi genuen hauen presentzia. Besterik da gero, hurrengo egunean, Urkullu jaunaren ateraldia, aurreko manifestaldi lotsagabeki debekatu hartako bi lagunek, batak euskaraz eta besteak erdaraz, egin zuten adierazpenari dagokionean. Egia esan ez dut ikusten garbi Alderdiaren jokabidea. Edo pilotari onen antzera ezkerrez eta eskuinez jokatzea dute helburu edota bi talde daude beraren baitan guztiz markatuak eta joera ezberdinekoak.
Nola esan lezake EBBeko jaun prestu honek ez dagoela batere ados eta hauek traizio bat egin balute bezala hartzeko, gure herriak bizi dituen zenbait arazo larriren aipamena baino egin ez zutenean? Esaterako, herriaren eskubide eta ekimena, presoen arazo larria, atxiloketa eta gainera heldu zaigun zuzengabeziaren eraso beltza, etab. Zer uste dute hegoaldeko jauntxo boteretsu horiek (izenik aipatzeke) ETAk behin betiko amen esan eta dena egina dagoela edo?
Bai eta esaten hasirik daude Eusko Jaurlaritzaren jabe iruzur nabarmenez egin diren bi taldeak edozeinekin hitz egiten hasteko prest daudela, beti ere alderdi desberdinekin benetako demokrazia bat egitekotan. Halaxe uste diat! PNV bilduko balute berekin, bai, baina honek ez al du egingo horrelakorik herri hau biziki mugiturik dabilen bezala aurrerabidea gogotik urratzen ari den sasoi honetan! Badakite zer egin behar duten Markel Olanok eta Adolfo Muñozek lehengo asteleheneko agerpenean Estatu espainolari eskatzen zioten bezala: Partiduen Legea ezabatu.
Orduan ikusiko demokrazia non finkatzen den, baldin eta herri osoari hitz egin dezan uzten badiote behintzat.