Bai eta adardunak gainera. Beltzak, Espainia edo hegoaldetik datozenak. Bertakoak bestetik, etxekoak direnak, betizu kastakoak, gorriak eta menperagaitzak eta adardunak besteak bezalaxe. Haiek handi eta indar handikoak; hauek koxkorragoak baina bizkorrak eta hainbat mendetan zehar haien erasoari iskintxo egiten ongi trebatuak, tartean hibridorik ere badugun arren. Ikusi besterik.
Jabeturik izango zara erretolika honen esanahiaz, ezta? Esan gabe doa, Espainia eta E. Herriaren arteko adarkada hotsa dudala gogoan, egunotakoa bereziki. Urteak eta urteak oso dotore ibili dira, nik uste, ETAren aitzakian. Hain dotore, non euskaldunok pentsatzen hasirik gauden egoera hark jarraitzea ez ote zuten helburu, edo bederen nahiago. Oinarri-oinarrian ETA ez baita benetako arazoa eta hau gure jendeak garbi dauka, arazo politikoa baizik, bestela esanik, gure herri izatearen etorkizuna, alegia.
Eta horri hortzak ezarri orde, muntaia klase guztiak egin dituzte beren demokraziaren izenean (tortura, kartzela berriak, ideien pertsekuzioa, dispertsioa, bizkartzainak, biktimak, kondenak, etab.). Eta orain komeriak! Ezker abertzaleak, kokoteraino eginda, herri mailako politikagintzari heldu eta EA eta beste elkarrekin bide horretatik abiatu direnean, Lopez jauna eta kideak non ateratzen zaizkigun esanez, batasun demokratikoa eginik dagoela eta alferreko gauzak direla gainerakoak.
Alabaina Ezker Abertzaleak garbi adierazi du, hitzez nahiz egitez, bere norabidea, herriz herri taldeka nahiz bakarka jende multzo handi baten iritzia jaso eta kontrastatuz, atzera pausorik ez emateko asmo hoberenarekin. Bestetik, ETAk ere egun gutxiren barne bi agiri sendo argitara eman ditu bere arma-hotsak isildurik dituela aspaldiko hilabetetan aitortuz eta, Brusela eta Nazioarteko zenbait bitartekari hartuz gero, bakearen bideak urratzeko prest dagoela atergabe zalantza- balantzan ibili gabe. Betiko lelokeriak jaulkitzen ari omen nola batzuk hala besteak eta ez duela merezi aintzat hartzerik aurpegiratzen digute, berek aspaldidanik harturik duten bidea, errepresioarena noski, bide segurua dela argudiatuz. Baina edonork ikusten ahal du egoera berri baten aurrean jarri dela gure herri hau eta ezkerreko nahiz eskuineko, bat bera berezi ere egin gabe, dantzan ipini dituela alderdi guztiak, hitzez besterik dioten arren. Nora jo orain? Zer jokabide hartu? Nondik ote etorkizuna? Bada dudarik asko bazterretan.
Egurra eman edo zigorra astinduz soilik arazoak konpontzen direla uste izateko garaiak pasatu direlakoan dago jada gure herri hau. Oraindik ostikada batzuk luzatuko dizkigute eta seguru ez direla azkenekoak izango Bilboko manifestazioaren debekua eta lehengo asteko gazte taldearen atxiloketa. Ez seguru aski, baina nahitaez beste bide bati heldu beharrean aurkitzen dira. Euskaldunok geroz areago gaude zigorraren menpe ez jarraitzekotan eta aldi berean burua zut gure etorkizuna behar bezala landu edo moldatzeko asmotan.
Adierazi EHk Bilbora deitu manifestaldia datorkit burura. Behin debekatu eta bigarrenez debekatu. Batere sustantziarik gabekoa debekuak biak ere. Zer dabiltzala esango zenuke? Burutik edo ez dakit nondik baina nahikoa jota dabiltzala esango nuke. Eta guk zer, isilik jarraitu? Halaxe uste diat!
Bai eta, ia zabaldurik dago, patxada pixka batekin baina Bilbon lehengo manifestazio hori eta oraingoan erraldoia izango dena prestatzen ari direla, bertan gonbidatu gisa izango direlarik, Europako Nobel saridunak, Europa guztiko estaturik gabeko nazionalitateak, Euskal Alderdiak, Katalunia, Galizia, Fronte Polisarioa , Kuba eta Venezuelako ordezkariak eta Europa Parlamentuko Friendship taldea. Guztion gainera zigorra eta debekua jaurtikitzeko ausartzia izango ote dute horretan ere?