Uztaileko larunbat eder hartan Bilbon burutu zen manifestaldi jendetsuak Bai eta Bai zeramatzan lematzat izenburuko bikote honen esanahi bera baleuka bezala. “Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari”. Iraila ere gainean dugu eta hegoaldeko triperre jende hori zigorra astintzen hasiko zaigunez, hemendik doa nire gaurkoa. Aurrera baino lehen, ordea, Udalbiltzako hogeita bi auzipetu horien artetik bi zaizkit aipagarri: Karmele Urbistondo (Urnieta) eta Urko Irastortza (Lazkao). Eta arrazoia zera da, aski hurbilekoak ditudala biak.
Udalbiltzaren historia labur bat bederen gogoratuz ekingo diot lerro hauek idazteari. Sorrera 1999ko urriaren 18an izan zuen erakundeak, Bilbon Euskalduna jauregian hain zuzen. Euskal Herri osoko eta alderdi guztietako, PSEko batzuk tartean (PPkorik ez, jakina), 1.800 alkate eta zinegotzi bildu ziren bertan eta luzaro baino lehen ekin zioten, Udala oinarritzat harturik eta denak bat eginik, inoiz ez bezalako munta handi eta zabaleko herrigintza lanari. Urte asko ez zuen bizirik egin ahal izan, zeren “Udalbiltza ETA da” akusaziopean 2003an Madrilek gure erakunde hau debekatu eta desegiteko bidea hartu baitzuen. Nardagarriak direla esango ez duzu bada!
Harrezkero zazpi urte luzeetan zehar zalantza-balantzan hor ibili dira, zer egin eta nola justifikatu ez dakitela beren jokabide makurra. Eta orain ia bi milako horien artetik hogeita bi hautatu eta kartzelarako bidean dituzte ipini. Ikustekoa da, agidanez, epaile dontsu horien trikimailua. Lehenik, “Udalbiltza ETA da” ondorioa izan behar lukeena hartzen dute oinarritzat, eta beraz, hau justifikatzeko arrazoiak nondik atera eta bila ibili ohi dira jokoa moldatzen, eta ez alderantziz. Ikusteko guztiak ikusi oraino!
Baieztapen hutsal hori dute oinarri adituek diotenez. Talde terroristako kide izatea (itxuraren arrasto apurrik ez duen akusazioa) eta diru publikoa bidegabe erabiltzea (berdin hau ere) leporatzen diete. Min eman die nonbait han-hemenka Udalbiltzak Zuberoaren garapenerako osatu zituen 400 mila haiek. Bestenaz, El Salvador edo Nikaraguara bidalitako diru-laguntzak ez ziren hain mingarri gertatu.
“Udalbiltzako erabaki guztiak publikoak ziren, aurrekontuak eta proiektuetarako ematen zituen diru-laguntzak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertzen ziren: Euskal Meteorologia Institutua, Pika haurrentzako aldizkaria, Herrien Eskubideen Aldeko Nazioarteko Konferentzia, euskararen aldeko kanpaina, garagardo fabrikari laguntzea, euskal selekzioaren eta komite olinpikoaren eraketa, barne turismo sarea, industria katalogoa, ondare dokumentalaren inguruko ikerketa, hezkuntza curriculuma, etab” (ARGIA, 2010-07-18).
Deigarri gertatu zaizkidan xehetasun batzuk aipatzea ere buruan dut. Bata, Euskal Herriak aro modernoan ezagutu duen erakunde nazionala dela Udalbiltza, eta ez du esaldiak nire ustetan arrazoi faltarik. Bestea, Xarlo Etxezaharretak (Hazparne) hogeita biko horretan sartua zegoen arren, uko egin diola epailearen deiari eta aintzat hartu ez duenez, etxean gelditu dela. Eta hirugarren, Maribi Ugartebururen freskura, esanez, korapilo latza dela Auzitegi Nazionalean akusatuen aulkian eseri beharra, baina jasotzen ari diren era guztietako babesa ikusita (herria, Udalak, Europako hamabi diputatuak, atzerriko zazpi abokatu horiek) adorez beterik daudela. Herriari eskerrak, harro eta irmo sentitzen direla.
Azken batean, gure herri mugimendu oro itotzea dutela helburu ez dago bi aldiz esan beharrik. Ez dakit Ikastolen mugimendua jendilaje horren galbahean nola pasatu ahal izan zen garai haietan. Ez ziren, bada, haiek ere oso onak baina… Dena den, gezurra eta tranpa, badute lanik asko beren demokrazia delako hori saltzen eta…, salbatzen.