Garai batean bezala hasi beharrean gaude xuhur-xuhur jokatzen argia, ura nahiz jantzi edo jatekoarekin. Eta hein batean ausardia pixka batekin diot, ohartzen bainaiz okerrena pasatzen ari direnak hipoteka maltzurrari aurpegi eman behar diotenak edo goizetik gauera lantegitik bota eta langabezian jausi direnak direla. Orain baditugu sekulako aholkuak ura nola gutxiago gastatu, argia nola aurreratu edota aparatu bat erosterakoan zer hartu behar dugun kontuan adierazten zaigularik. Baina puntu hau, idatzia sobera ez luzatzearren, beste baterako utziko dut.
Goazen oraingoan igoera desberdinak, hilabete honetako lehen egunetik hasita, non eta nola eman diren ikustera. Lehenik Euro dirua datorkit burura. Hau martxan ipintzearekin batera ohartu ginen, zerbait erosi nahi izanez gero, gauzek prezioz zer gorakada egin zuten. Beharrik burua lehenari atxikiz, oraino esan nahi dut, adineko jendeak pezetak dauzkagula presente eta nahi gabe ere bi diru motak, euroa eta pezeta, elkarrekin konparatuz moldatzen garela kalkuluak egiteko garaian.
Hariari jarraiki, gaur egun oso normala da jadanik kafetxo bat hartzera taberna batera sartuz gero, 1.20 euro ordaindu behar izatea (ia-ia lehengo 200 pezeta), non eta Zaharren Egoitzaren kasuan ez den. Urnietan, hala ere, bada leku bat, bakarra agian, Bar Pepe, euro bat baino kobratzen ez dutena. Eta nik galde egiten dut, honek galerarik ez edo hau galtzen ateratzen ez bada, gainerakoek zenbat sartzen dute kafe bakoitzeko beren poltsan? Ikusi besterik: lehengo 33,28 pezeta hain zuzen. Beste adibide bat. Esaterako, 5 zentimoko bat huskeria dela iruditzen zaigu, baina ondo pentsatzen jarrita, lehengo 8,32 pezeta dira. Lehen igoera hemen jasan dugu, euroaren etorrerarekin, eta gehiegizko larritasunik gabe, gainera.
Puntu hau oso kontuan hartuz, goazen igoera berriak zeintzuk diren ikustera. BEZa edo IVAren arazoa da igoera guztiak finkatzen dituena, eta hala ere diote beren burua zuritzearren edo, Europako zenbait herrialdetakoa baino apalagoa gelditzen dela hemengo igoera. Nik besterik ere ezarriko nioke honi, ea langileen soldatak berebat hemen baino borobilagoak ez ote diren haietan. Edonork daki gaur gero zer den BEZa delakoa. Tasa bat. Orain arte faktura nagusi batzuetan soilik ikusi duguna baina erosten ditugun produktu guztiak daramate gutxi-asko tasa gehigarri hau.
Deigarriena zera gertatzen zait niri, erosleak diru gehiago utzi beharko duela hemendik aurrera gauza bat erostean eta saltzaileak ez duela irabazi berririk izango. Egin dituzten kalkuluen arabera, Gobernuak, igoera hau dela eta ez dela, 5.150 milioi bildu nahi dituela bere zuloak bete ahala izateko. Hau da garbi dagoena.
Hala ere, esan dezadan, %18an gelditzen da tasa nagusia, non sartzen diren edari alkoholdunak, tabakoa, arropa, oinetakoak, etab.; tasa murriztua (%8) deitu diotena dator hurrena eta hor garraioa, autopistak, zabor bilketa, ostalaritza, ileapaindegiak, etxebizitza berriak…; eta tasa apala (%4) gelditzen dena aplikatzen zaie ogia, esnea, barazki, lekale eta frutari, liburu eta aldizkari, egunkari eta eskola materialari, besteak beste.
Gainerakoan, esatera noana ere ongi kalkulaturik dago. Alegia, urtean zehar batez beste familia bakoitzak 300 euro (ia 50.000 pezeta) utzi beharko dituela Estatuaren kutxa hornituko bada. Beharrik, arazoa arintzearren edo, tasa hauen igoerarekin batera, beherapenen edo merkealdien sasoia ere heldu den.