Katearen maila berri bat osatu digute eta uztailaren 15ean izango omen horrek amaieraren hasiera. Bestela esanik, egundoko zigorra datorkigula beste behin geure bizkar gainera, Udalbiltza erakundea aitzakiatzat hartu dutelarik. EGUNKARIA izan dute duela gutxi, besteak beste, hainbat hilabetetan edo urtetan zehar, beraren kazetari arduradunei lehertu ez beste guztiak egin dizkiotela ohartu eta aske utzi dituzten arte. Eta SEGIko hamazortzi gazte horien epaiketa eta urteetako kartzela? Hau duk kalbarioa hau!
Orain Udalbiltza, berriz. Hemen, euskal lurrean esan nahi dut, herri ekintzan edo herriaren alde jator samar lanean hasten edo ari den orok usain txarra isurtzen du nonbait espainol horien sudurretara. Berdin da politikoa, edo polizia edo epaile izan, baina sudurrak izorratuta dauzkaten itxura guztia erakusten dute. ETA omen Udalbiltzaren fundatzaile eta hori eta horrenbestez epaituak izango dira gorago aipatu data horretan. Horra sudurrak izorratuta dauzkatela zergatik diodan.
Udalbiltza, nik neuk dakidanez, hasi Zuberoatik eta Bizkaiko azken muturreraino bitarte horretan herri gizon diren milaka zinegotzik osatua den eta fintasun handienaz herri lanean ari den jendearen erakundea da. Hona datu bat: Euskaldunan burutu biltzarrean 1.800 kide izan zirela esanez gero, ez dut ikusten gauza gehiago erantsi beharrik. Baina datu bat edo beste bada oraino nire buruan dantzan dabilena. Non egon dira zozokume horiek gisa honetako erakunde, esan dezagun, erraldoi bat gure herri honek eraiki, martxan ipini eta berena ez bezalako demokraziarik sanoenaz lanean dihardutela ikusi arte? Eta orain zer egin? Legez kanpo utzi, noski, lehen urratsa. Esperientzia badute ezker abertzalearekin, lotsari kontra egiten ikasita daude eta.
Beste datu bat. Eta nola milaka horiek guztiak Madrilera eraman eta epaitu? RENFEk hiruzpalau tren berezi beharko lituzke prestatu aurrez. Bestetik, ez dut pentsatu ere nahi han, Espainiako hiriburuan, denak batera bilduz gero, zer nolako ardaila sortuko litzatekeen. Gainera, denak euskaraz mintzatuz gero, batek baino gehiagok esango luke, nongo jendea ote hau? Ez dira, bada, kaska gorriak ere, Europa iparraldekoak izateko? Larru azal beltzekoak ere ez Afrika behekoak izateko?
Txantxak aparte, denak ezin epaitu ahal eta zer egin? Udazkenean Nafar Erriberan edo Errioxan egin ohi duguna, mahats mordorik onenak hartu eta jan. Milaka horietatik hogeita bi (22) kide hautatu dituzte epaitegira deituz edo eramatekotan. Betikoa. Ezker abertzaleko milaka eta milaka guztiak ezin, bada, juzgatu eta Otegi eta beste batzuk barrura, gainerako guztiak isilik eta geldi geratuko direlakoan. Halaxe uste diat!
Udalbiltzaren kasuan ere ez isil eta ez geldi dago jendea. Denak kontatzen hasiz gero, zenbat Udaletan eman ote zaio aste hauetan babesa? Eta oraindik jasotzeko dagoena. Ez Euskal Herrian bakarrik, baita Kataluniako hainbat Udaletan ere. Eta ez Udalen babesa soilik, baita hango eta hemengo alderdi politiko abertzale guztiena hala berean, nik dakidan jende bati tripak ongi haserretzeko modua ekarriko ziolarik.