Ez dira gaur goizeko kontuak formazio arazo hauek baina ez ditut sekula burutik kendu gure eskola urteak eta urte haietan, Francoren altxamenduak bete-betean jo eta su ziharduenean, eta ondoren, zer formazio klase gureganatu eta eman ziguten. Norbaitek esango du eskola barneko ikasketa haiek (Matematika, Geografia, Historia…) ez zutela gainerakoan bizi izan genuen giroarekin ikustekorik. Nola ezetz? Eskola, eskola zela eta kito!, esan behar ote oraino?
Esaterako, Hizkuntza eta Gramatika, espainolak ziren. Euskara, baserritar gizagajo batzuen ele-melea baizik ez omen eta zigorpean eta makurrena halaxe behar zuela pentsatu ere pentsatzen zela, eskola ikasteko euskarak ez zuela balio pentsatzen baitzen, harik eta ikastolen mugimendua eraiki zen arte. Matematika. Nik neuk zenbakiak salbu, eta nik bezala orduko jenderik gehienak, operazio eta kontaketa guztiak gaur egun berean erdaraz egiten ditugula gauza jakina da.
Geografia, izatez inguruaren ezagutza dena eta pedagogiari jator jarraitzekotan haurra ingurua ezagutzera eramanez inguru mundua zabaltzen joateko zientzia dela esan beharrik. Guretzat ez zen ingururik. Ibaiak ikasten jarri eta Ebro, Tajo, Guadiana…, baina Euskal Herriko ibairik aipatu ere ez. Urumea eta Oria hurbilean izanik, entzunak genituelako. Baina gainerakoan Deba, Zadorra, Arga edo Ega adibidez, bazirenik ere ez. Mendiak, hiriak, probintziak edo eskualdeak berdin baina guri eman ohi zitzaigun begi bistaren abiapuntua ez zen hemen kokatzen, Espainiaren baitan baizik.
Historiaren kasuan gauza bera. Nork aipatu zigun inoiz eskolan Nafarroaren konkista, esaterako? Bidenabar esango dut ekainak 27, igandea, ospatuko dela, urtero bezala Noaingo gudua (1512) deitu ekitaldia Getze herrixkako mendixka batean. Gauza bat eta ongi oroitzen naiz Historiako liburuak zein terminotan ekartzen zuen gertaera hura. “Anexion de Navarra por la Corona de Castilla” eta lau lerro ustel baino ez.
Gainerakoan, Formacion Nacional delakoa burutik oinetaraino. Eskolan sartzerako, atarian militarrak bezala lerro jakinetan jarri eta eskua zabalduz eskuineko besoa jaso bandera hori-gorria agurtuz, eta “Cara al sol”, “Viva España” edo Espainiako ereserkia goraki kantatuz hasiera izaten zuen gure goizeko saioak.
Geroago ere, berrogei urte izango nituen ordurako eta Euskal Udalekuak antolatzen han-hemenka Araba eta Nafarroako puntu desberdinetan, aldi berean haurrentzat klima aldaketa bilatuz eta uda sasoian haurrek euskara atzendu ez zezaten ahalegin betean. Norbaitek legearen aurrean arduradun nagusi gisa aurpegi eman behar, eta 80 orduko ikastaro bat, “Principios del Movimiento” ikasiz lortu behar izan nuen zuzendari titulua.
Horregatik, eta orain lehengoaz gain formazio berria datorrela gure eskoletara? Bai, bakearen programa deitu diote eta horixe ezarri nahi dute oraingo Eusko Jaurlaritzakoek. Biktimak ez omen daitezke ahaztu (alde batekoak, noski) eta haurrak txikitatik jakin behar omen du horien arazoaren berri. Politika hutsa nire ustetan eta hegoaldetik gora heldu den haize kirastua, bakea, demokrazia eta konstituzioaren izenean ezarri nahi dutena. Ez dakit zertaraino eta zer konponketa mota egin duten horretarako PNVrekin. Dakidana da eskoletako irakasleriarekin ez dutela oraingoz batere kontatu. Eta hori zinez gauza larria ez bada, zuk esan zer den...
Guztiz modernoa den pedagogia halafede! Erregalo ederra benetan eskaintzen digutena. Beste erregalo bat ere izan dugu, edo hobeto esan, zirikota bat da sartu digute. Lehengo Jaurlaritzak bazuen lege bat emanik denda, bulego eta lantegi edo fabrikei ere bezeroa euskaraz atenditzeko eta publizitatea, oharrak, etab. euskaraz izan zitezen ahalegintzeko. Ez dakit jendeak oso aintzat harturik zuen lege hori baina ez zen inola ere atzera pausoa gure hizkuntzarentzat. Oraingoek desegin dute bada, delako legea.
Ekonomiaren krisia eta aipatzen diren murrizketa horiek direla eta, muturra atzeratu dute pixka bat. Ikusiko noiz arte.