Edonork daki normalean hotza izan ohi dela iparraldeko haizea, neguan bederen, eta freskoa, aldiz, udako hilabetetan. Eta harrigarria, bestetik, aurtengo maiatzaren bigarren igandeko Herri Urrats ospakizunaren ondotik etorri zaigun deialdia ez dela batere hotza gertatu, zinez beroa baizik, larria ez esatearren. Eguraldi narrasa izan baitzen eta beste urtetan baino askoz jende gutxiago hurbildu bertara, eta ondorioz diru bilketa eskasa izan dute, eskuartean dituzten gastu normalak estali ahal izateko. Aurtengo urtean, gainera, bi ikastola berri (Itsasu eta Lekorne) eraikitzea pentsaturik daude eta bigarren mailako handiago baten obrak gauzatzeko asmotan dabiltza.
Egia, eguraldiak ez zuela biziki lagundu, baina giro ona sumatzen zen hara joan zen jendearen eta antolatzaileen artean. Oztopo guztien gainetik jaialdi ederra borobildu ahal izan zen Senperen bertako aintziraren inguruan. Hara joan ohi den jendea, haur, gazte eta heldu, besteetan bezalaxe, harro eta gogotsu sentitu eta azaldu ohi da bai euskara eta bai ikastolarekiko ahaleginean.
Bestetik, aitortu behar dut sentipen berezia bizi dudala nire baitan, besterik ahantzi gabe, Iparraldeko ikastola mugimenduari buruz, eta esango dut zergatia. Iaz konplitu zituen berrogei urte 1969an Ikastolak gure Iparraldean hasiera izan zuenetik. Lazkaon nire adiskide min baten alaba, Libe Goñi, irakasle karrera amaitu berria, ihesari eman beharrean gertatu, muga pasa eta andereño lanari heldu ziolarik, hala-hala hasiera izan zuen ikastolak han, Arrangoitze herrian hain zuzen. Beste iheslari batek ere geroxeago lan polita egin zuen andereño bezala, Jone Forkada Txilardegiren emazteak. Era berean, bi andereño-gai berri, bata iholdiarra eta itsasuarra bestea, Lazkaoko ikastolara praktikak egitera etorrita, gure etxea izan zuten ostatu hiru hilabete haietan. Harritzekoa ez da, beraz, nik neuk halakoxe sinpatia berezia izatea gure Iparraldeko ikastolei dagokienez.
Gauza bat daukat garbi. Herria izan dela ikastola mugimendua martxan ipini duen eragile nagusia edo protagonista. Ikusi besterik, oraintxe berean Nafarroan zer nolako oztopo eta arazoak gainditzen ari diren bertako herritarrak euskara eta ikastolen alde agintari urdanga batzuei gogor aurpegi emanez. Ikastolaz aparte, inoiz burutik galduko ez ditudan bi kasu aipatuko ditut, zein aberatsa den gure herri ekintza erakusteko. Hara, EGIN egunkaria itxi eta hurrengo egunean GARA zutik eta gauza bera EGUNKARIA itxi eta biharamunean BERRIA. Bego horretan aipamen hau, baina oraindik orain hala galdegiten zuen kazetari batek, bai ote den munduan gure herria bezalako beste kasu bat. Baliteke baina ez asko seguru aski.
Ikastolari jarraiki, oroitzen naiz oraindik urte asko ez direla Nafarroa Oinez ospakizuna Irunberrin. Bezperatik dena prestaturik eta hurrengo egunean goian-behean euria. Jaialdia suspenditu eta deialdi luze bezain larria euskal herritar guztiei, kutxa desberdinetan ekarpenak egiteko zenbaki ezberdinak aditzera emanez. Zer gertatuko, eta jaialdi egunean eskuratzea espero zuten baino diru kopuru handiagoa bildu zutela azken batean Irunberri hartan. Halaxe izan zen, bada.
Alabaina, SEASKA deitu Iparraldeko ikastola sarearen erakunde arduradunak, ez du nafarrek behinola hartu zuten bidea hobetsi, nahiz eta ez duten baztertu. Zer arraio! Estatuak edo gobernuak burutu behar luken zeregina betetzen ari gara eta bidezko gauza da beti herriari eskea luzatzen ibili gabe. Zalantza-balantzan ibili ordez, ausarki Parisera jo dute zuzenean. Eusko Jaurlaritzatik eta beste erakunde batzuetatik ere espero dute diru kopuru bat jasotzea. Agindu ba, agindu omen. Gero ikusiko hauengandik zer nolako erantzuna jasoko duten.