Sobera filosofia egin beharrik ez dago, zeren eta guztiz arruntak baitira hitz biak euskal ahotan edota buruetan. Hustu, adibidez, ontzi bat betea eta edukia kentzen diogunean, hustu esan ohi dugu eta era berean norbaitek zerbait geurea dena kendu, lapurtu eta ebasten digunean ostu esaten dugu. Irakurtzen jarraitzen baduzu, ikusiko duzu zer adierazi nahian natorren gaurkoan.
Joan den larunbatean Hernaniko herrian, edukinontziak kendu eta atez atekoari bidea eman zioten eguna izan zela badakizu, baina ez noa horretara. Larunbatean Hernaniko herrian, nik dakidanez, lau gauza burutu ziren: hilean behingo merkatu txikia, liburu azoka, feministen eguna emakumearen nortasuna goraipatuz eta gazte independentisten kontzentrazioa. Gazte multzo handi bat bildu zen bertan independentzia aldarrikatuz eta aurreko egun batean Iparraldean izandako lau gazteren atxiloketa salatuz. Azken puntu honi atxikiko natzaio.
Txilotu hauetarik bat, urnietarra, gure Olatz emazteki erne eta jatorra, hain zuzen. Argiro eta gogor aireratu zuten Rubalcaba asta-pikoaren ateraldia, beste askotan bezalaxe oraingoan ere hanka zulorik utzi gabe ez baita gelditu. Zer oihukatuko ahobero horrek eta, jakinaren gainean egon ez bazen ere hor nonbait, baina esan ez du bada, ETAko kideekin harreman bila eta hor sartzeko asmoak zituztela. Eta makurrena zera da, kideko den frantses ministroak berak ere ontzat eman eta lauak, beste gabe, kartzela zulora.
Ikusten profeta berri hauek zer nolako gaitasunak dituzten pertsonaren pentsamenean sartu eta gauzak berei komeni bezala interpretatzeko? Harrigarrizko dohainen jabe direla ezin uka. Esan gabe doa zer trebezia daukaten hustu eta ostu egiten. Eta ez bakarrik pentsamena, nahimena kendu nahi digute aldi berean eta askatasuna eta dirua fidantzaren aitzakian gure presoei. Frantses eta espainiar kartzeletan dauden guretar gehienak, inolako duda-mudarik gabe esan genezake, beren ideiak eta herri ekintzagatik dauzkatela barruan. Ez dakit noiz arte. Oraindik puska batean bai, noski.
Bestetik lehen urteurrena handiki ospatu berriak dira Lopez eta bere koadrila, aldaketaren ekarle finak direla beren buruak harro erakustera emanez. Eta mundu guztiak daki Jaurlaritza gobernua ostu egin dutela eta husten ari direla berebat, prentsa irakurriz gero, hainbat jenderen iritzi edo ustetan.
Dena den, Hernanin bildutako gazteok argi eta garbi esan zuten “atxilotuek bizitza erabat normala egiten zutela” eta horren berri ongi zekitela bai poliziak eta bai gobernuko besteok. Atxiloketa hauek “independentziaren aldeko proiektua kolpatzeko saiakerak” baino ez direla, eta azken ostikada modura, “horrelako erasoekin herri baten nahia isilaraziko dutela uste badute, jai dute” zioten aho betean.
Eta besterik? Bai, eta hau esan gabe ez dut amaitu nahi nire lantxoa. Urnietako herriak ere egin duela bere ekarpen polita. Bat ez, bi baizik. Lehena, ostiral iluntzeko kontzentrazioa, gazte jendearen partaidetza nabarmenarekin. Eta larunbateko prentsa aurrekoa, bertan hiru udal zinegotzik erakutsi jarrera zintzo eta jatorrarekin.