Lehengo arratsalde batean Jeovako arduradun horietako batekin egonik naiz solasean. Gizon umila eta jatorra iruditu zitzaidan. Hor aritu ginen biok Biblia gora eta Biblia behera. Liburu Santuak ongi ezagutzen zituelakoan gelditu nintzen, baina gizakiari eta gaurko munduari buruz ikuspegi ezkorra ematen zuen. Iritzi hori behintzat utzi zidan.
Gaurkoan, hala ere, Bakearen alde PP/PSE prestatzen ari diren programa aipatu nahi dut, gure eskoletara eraman nahi duten katekesi berria. Hitz ederrak erakusten dituzte, hala nola, biolentzia erro-errotik ateratzea, elkar bizitza sanoa eragitea, etab. Beren ikuspegia eta aldi berean jokabidea, biak ala biak ere, osoki susmagarri eta ezkorrak gertatzen zaizkidan arren.
Edonolako jukutria klase guztiak egin ditu espainol jende honek euskal indarrak zokoratu eta agintea eskuratzeko, eta orain jaun eta jabe direla uste dutenean, gai sentitzen dira herriaren gainetik edozein erabaki klase hartzeko eta ezartzeko. Hauetarik bat, biolentziaren aurkako dotrina, eta beraz, hori irakasteko biktimak izango omen katekista lana gure eskoletan egingo dutenak. Bai, bai, ikusi besterik zer nolako hasiera polita izan den oraindik egun asko ez dela burutu dutena. Han-hemenka gure artetik hamarreko talde bat, tartean hiru abokatu, atxilotu dituztenean, Saioa Agirre andereñoa izan da hamar horietako bat, haurrei klasea ematen ari zelarik, guardia zibilek lotu eta berekin eraman dutena. Haur horiek bederen ondo gogoan izango dute biktima nor den kasu horretan.
Gu ere bai, ongi ohartzen gara horiek dioten bezala biktimak ez direla soilik ETAren biktimak. Egia da, hauek sufrimendu handia jasaten ariko dira ETA dela eta ez dela, baina ez dira biktima bakarrak inolako moduan eta ez dute ezein eskubiderik ene ustetan eskoletako gure haurrak buruberotzeko. Eta gainera lan horretan hasten badira ere, berek ikusiko dute baina kontrako eragina jasoko dute luzarora, abertzaleak udaberriko zizak baino ugariago sortuko baitira. Zenbait guraso esaten hasita dago horrelako baten presentzia gertatzen den egun horretan beren haurrek ez dutela eskolarik ikusiko.
Zer nahi dute, biolentzia aitzakiatzat hartu eta bakearen izenean gure eskolak espainolizatzeko bidea egitea? Kostako zaiek, hala fede! Lehen ere, gure umetako eskolan, gerrakoan eta frankismoaren urte luzeetan esan nahi da, ahaleginak eta bost egin zituzten, baina ez alferrik. Adibidez, espainol himnoa eta bandera eta aipaturiko katekesi mota hori ongi ezagutu genituen. Nafarroako hainbat kuneta eta zokotan jendea garbitzen ibilitako pistolero ohi bat izan genuela maisu zenbait urtetan zehar esaten badut? Egia da, bada, eta ez nire asmakizuna.
Esan gabe doa, gaur egun Euskal Herrian biktimak ez direla soilik alde batekoak eta terrorismoa ere ez halaber. Jon Anzaren familia eta beste, bat banaka ez aipatzearren, ez al dira biktimak? ETAkoak direla-eta (buru, kide, laguntzaile, arnasadun, idazle, abokatu…) urteetako kartzelan daukaten gure jendea ez al da biktima? Dispertsioa dela eta Frantzia guztian eta Espainian berdin bi gobernuek sakabanaturik dauzkaten presoak ez al dira biktimak? Eta etxekoak bisitatzera astero edo hamabostean behin milaka kilometro eginez joan-etorrian dabiltzan senitartekoak ere ez?
Bestetik, ETA bakarrik ote terrorista? Bai, to, halaxe uste diat! Dena den, politikoek hitza eta pitza besterik ez dutela, gezurra eta trikimailua ez esatearren, konbentziturik, beharrik herria hasi dela mugitzen ez Katalunian bakarrik baita hemen ere. Baina hurrengo batean jorratuko hau.