Elizkizunak eta oporrak iragan ondoan, esan nahi baita, Aste Santua nahiz Pazko Astea pasatu direla eta berriro eguneroko bizimoduari ekin behar, lanari alegia, eta hala berean, udaberriaren zantzu guztiekin, herri ekintzari heltzeko sasoian inoiz bada eta jarri behar dugula. Hau geroago zehaztuko dut.
Eta aurrera baino lehen albiste itxaropentsu bat, gaur eguerdikoa hain zuzen. Euskaldunon Egunkariako bost arduradunak zazpi urte luzeetako kalbarioa (torturak, kartzela, fidantza astunak, Madrilerako joan etorri neketsuak eta etenik gabeko gastuak) jasan ondoren, aske utzi dituztela azkenean. Bazen garaia, ezta? Zer, eta guztia euskarazko egunkari baten arduradun izateagatik. ETAkoak omen. Zein nardagarriak diren espainol agintari eta epaile txatxuok! Ez dakite jada zer egin Euskal Herria edo euskal herritarrokin, egia esan. Errepresioa beste tresnarik ez zaie gelditzen gu hankapean edukitzeko grina anker horretan.
Ondo pentsatzen jarrita, geroz garbiago erakusten ari dira beren ezina eta beldurra, euskaldunok aurrerabideari gogotik heldu diogula garbi ikusten ari direlarik. Hona hemen ezin edo beldur horren beste adierazpen munstro bat, lehengo soka luzearen ondotik. Oraingoan, 40 lagun hautatu dituzte eta guztiak ETAkoak direla-eta auzipetu, aldi berean.
Antzerkiak muntatzeko jende prestatua ere badago EBROz bestaldean nonbait. Lehenengo hirurak (Arnaldo Otegi. Permach eta Rufi) ETAko buru eta hamabina urteko kartzela. Beste hogei herritar (Karmelo Landa, J.K.Aldasoro…) ETAko kide. Hamarna urte hauei. Eta beste hamazazpiri, ETAren laguntzaile, zortzina urte. Antzerkia diot baina latza eta tragikoa. Antzinako Grezian ere horrelakorik!
Bai, lehen esan dudana. Ikusten ari dira zer nolako herri mugimendua, neurri batean alderdi politikoak alde batera utzita gainera, sortzen ari den hemen , eta demokrazia, giza eskubideak, herriari zor zaiola hitza eta oinarrizko balore horiek balore hutsalak gertatzen zaizkienez, ez dute gurekin errepresioa edo zigorra dantzatzea beste erremediorik. Baina guk ere berdin. Ez da arazoa orain arte bezala bizkarra ezarri eta erasoa jasatea soilik. Orain, inoiz bada-eta diot berriro, gogor egin beharrean aurkitzen gara.
Geroa gurea da. Ikusi besterik zer nola nahaspilaturik dabiltzan, teatro klase guztiak asmatuz. Ez dakite jada zer egin Euskal Herriarekin. Ohartzen dira olatua olatuaren gain sortzen ari zaiela gure lurraldearen alderdi guztietan. Aise jabeturik izango zara honezkero zu ere, baldin eta informazio fidagarrien berri ikasteko ahaleginak egiten badituzu behintzat. Sekula ez bezala mugitzen ari da gure Iparraldea. Nafarroa zer esanik ez. Hemengoaz jabetzeko berriz, begiak zabaltzea aski duzu.
Hitz gutxitan esateko, guretako oro eta bakoitza, nor bagara behintzat, buru-belarri politikan sartu beharrean gaude. Ez dut esan nahi talde edo alderdi politiko batean sartzeko, herriaren politikan baizik. Hara, hau ulertzeko iragan berria den gertaera bat aipatuko dut: Irun-Hendaia tarteko zubiaren inguru ospatu den Aberri Eguna. Ez dakit bertan izana zaren edo joateko asmoa bai baina ezina gertatu bazaizu ere, baina berdin da. Niretzat zinez liluragarri den gako bat izan du Aberri Egun horrek. Alegia, ez dela izan halako eta halako batzuek edo talde batek luzatu duen deiaren erantzuna hango milaka pertsonen presentzia eta han burutu zen jaialdi ederra. Aurrez 6.000 sinadura elkartu dira Independentistak izenpean eta sei mila hauek luzatu deialdia bilakatu da funtsean aurtengo, besteak beste, Aberri Egun hori. Herriaren politika, noski.