Aspaldi honetan, Usurbilgo herria aitzindari, modan jarri zaigu zaborra edo hondakinak atez ate biltzeko jokabideagatik. Usurbilek bidea markatu, eta Hernani eta Oiartzun orain jarraitzaile bilakatu. Nik neuk Urnieta ere arrastoan sartuko zela uste bizia nuen baina ez da horrelakorik itxura guztien arabera. Eta zer nahi duzu, pena izugarria ematen dit, zeren eta Urnieta izan baitzen duda-mudarik gabe, zentzu honetan, erbia lehenik altxatu zuena. Alabaina, gero da bihar eta esperantzarik ezin galduko dugu.
Bestetik, gure kasuan, EAJ/PNV atez atekoa alde batera utzi eta beste bide bat markatuz agertu zaigu herritarroi. Ikus lehengo asteko Aiurri astekaria, non argi eta garbi esaten duen 5. edukiontzi baten alde dagoela eta prest halaber edonori arrazoiak azaltzeko ere. Ez da ene ustetan batere jarrera txarra.
Halatan bada, jarrera bikoitzaren aurrean aurkitzen gara Urnietan: bata atez atekoa eta bestea 5. edukiontziaren aldekoa. Zer nahi duzu esatea? Ni neu atez atekoaren aldekoa naizela eta hau esaten badut ez da inolako propagandarik luzatu nahi dudalako, baizik eta zergatiak balantza batean jartzen hasita atez atekoaren aldekoek pisu gehiago dutela irizten diodalako.Dena den, nola batean hala bestean arrazoi bat dago nagusi oinarri-oinarrian eta benetan azpimarragarria den arrazoia gainera: gu geu garela zaborraren sortzaile eta oro eta bakoitzak izan behar duela bere “kaka” guztien ardura hartu behar duena. Garbiago esaterik ez dago.
Hau horrela, irtenbide biak izan daitezke zilegi, biek ala biek exijitzen dutelako norberak izan eta hartu behar duen ardura hori. Hala ere, gorago esan bezala ni lehen irtenbidearen alde nagoela diot. Atez atekoak ondorio larri bat saihesten du. Bigarrenak, berriz, ez. Erraustegia edo intzineradora plantatzea, alegia. Eta guztiok dakigu hemen ezarri nahi zigutela-eta, Urnietako kasuan zer nolako istilu eta kalapita gaitzak gertatu ziren, eta zer deiadarrak atera ohi genituen honako esaldi hau goraki oihukatuz: “Erraustegirik ez hemen eta ez inon” harik eta agintariek Urnietan zer eginik ez zegoelarik atzera jo zuten arte. Alabaina, esan dezagun oihu edo arrisku hura zutik dagoela oraino, baldin eta bazterrak jorratu eta behar bezala mugitzen ez bagara.
Gainera, hutsa, Usurbilgo esperientzia soila baino ez balitza, Ipar Amerika, Kanada, Japonian eta urrutira joan gabe Kataluniako hainbat herritan aspaldidanik irtenbide hau martxan jarrita omen, eta hori horrela ez dago sobera zertan kezkaturik ene ustetan.
Usurbilgo kasuan gauza bat zinez gertatu zait deigarri, herri kontsulta; esperientzia abian ipini eta handik hainbat hilabetera herriari zuzendu zaion galdeketa. Honek benetan poztu nauela esan behar. Ea Urnietan ere horrelako zerbait ezagutzeko modua izaten dugun, dena delarik ere kontsulta hori, hondakinei buruzkoa edota nork daki behin edo behin…, independentziari buruzkoa ere. Barka urrunegi joan banaiz.