Estrasburgo

A zer nolako oparia jaso duten Europatik bigarren aldiz gure agintari espainol prestuok, benetan harropuzturik ibiltzeko moduan ezbai handirik gabe. Lehengo asteko berria da nola Europako Giza Eskubideen Epaitegiak ezetsi egin duen Ibarretxek eta orduko Eusko Jaurlaritzak onarturiko kontsulta egiteko erabaki hura, eta espainol gobernuak esku gogorra erakutsiz debekatu zuena. Europara jo eta orain handik ere ezezkoa. Aurrekoa kontuan hartzen badugu, esker abertzalea legez kanpora botatzea edo partiduen legea deritzonari buruzkoa, alegia, bigarren gola hau Eeuskal Herriaren kontra lortu dutena.

Zein lotsa gutxikoak diren ondo pentsatzen jarriz gero! Gure herri hau borroka hemendik eta borroka handik dabilena aspaldiko urteetan zehar, mendeetan ez esateagatik, eta espainol edo frantsesen menpetik atera eta beste errealitate bat ezagutzeko ametsean, guk aldaketa nahi benetan eta non esaten diguten Lopez jaunak eta bere kideak, aldaketa? Horra guk ekarri aldaketa. Usteko dute espainolek Eusko Jaurlaritzaren jabe egin direnez gero, beren katiluan sartuko gaituztela, baina egia besterik da, gu ez garela hor barruan kabitzen, estuegia dela guretzat, ez dugula zapaltzaile nabarmenak direnen baitan egon nahi, eta guk, normala denez, geure buruaren jabe izan nahi dugula.

Gol bat bestearen ondoren sartzen dizkigutela uste arren, honek ematen die ezin egonik handiena, guk geure buruaren jabe izan nahi dugula eta ez gaudela horiekin ezkontzekotan eta gutxiagorik ere.

Askori ezaguna egingo zaizue Brian Currin jauna, baina agian batzuei ez. Jaun hau hegoafrikar bakegile sonatua da gaur egun mundu guztian eta misio hori lehenik bere herrian bete zuelarik, orain batetik bestera (Irlanda, Palestina, Kurdistan, Euskal Herria…) zeregin horrekin dabilena da  Eta badakizue lehengo astean Madrilen ibili dela eta han politiko ezberdinekin elkarrizketak izan eta etxera bidean Errenterian hitzaldi bat eman duela, bertako aretoa mukuru beterik zegoelarik? Ezin ulerturik nago errenteriarrek zer giltza mota erabili duten jaun hori herrira erakartzeko. Nazioartean E. Herriaren arazoa, beste batzuen artean, aurrera doala derrigor,  jaulki zuen diotenez eta esperantza handiak agindu gure etorkizunari buruz, gainera. Armak alde batera utzi eta ekiteko gogotik bakarka nahiz taldeka herrigintzari, geroa gurea dela-eta aho betean omen zion.
Bestetik, lehengo asteko berria hau ere. Dakizuenez hauteskundeen ondoren Europako Parlamentuan kargu aldaketa asko izan dira. Parlamentu horren barne “Zutik Euskal Herria” deitu dokumentua aintzat hartu eta talde bat sortu da Friendship deitzen dena hainbat herrialde desberdinetako ordezkariekin, hala nola Letonia, Flandria, Katalunia, Korsika, Gales, Eskozia, Irlanda, Suedia, Txekia eta Errumania eta nola Madrili belarrietatik tiraizo bat eman dien jakin dugu.

Labur bederen egunotako beste bi gertaera bitxi aipatuko ditut. Bata, Nafarroan “Hamaika Bil Gaitezen”  izena hartuz talde berri bat eraiki dutela lo zorroan edo etsipenak hartuta dauden euskaldun eta abertzaleak esnatzeko jomugarekin. Eta bestea, agian are bitxiagoa dena. “Ari Gara” honek, berriz, izena eta alderdi politiko guztien gaindi, lehen urratsa aurtengo Aberri Egunerako seinalatu du, bertan abertzale diren eta ez diren  guztiak bildu eta independentziaren bidetik aurrera egin dezagun. Ohartuko zarenez, gol guztiak ez dira beren aldekoak, gure aldera ere heldu dira golak edota… ostiko bizkorrak ematen hasirik gaude behintzat eta ez da gutxi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!