Herria astekariaren bitartez (Baiona) jakiten edo jarraitzen dut nik berrogei urteotan Ipar E. Herriko berri, baina oraingoan hango lagun batzuek Donostian emandako prentsaurreko bat izan da (10-02-11) albistea eskuratzeko modua egin duena. Batera zer den? Gure Iparraldean aspaldi honetan herrigintza lanean ari den erakunde apal eta eraginkor bat. Eta zer kontsulta mota egin nahi duen galdegingo didazu jarraian.
“Denok batera pauso bat harago” goiburu hori duen erakundea da, agidanez. Eta zehazkiago esanik, Euskal Departamenduaren aldeko mugimendua eragiten ari dena aspaldi honetan.
Iragan hilabeteetan sekulako lana egin dute herriz herri eta pertsona bakoitzari kontsultaren berri eman eta bere baietza jasotzen. Esaten badut zeregin horretan 870 boluntario ibili direla, harriduraz beterik utzi gaitu gu÷re Iparraldeko jende honen bat bateko mugida bikain honek. Herri kontsulta hala fede! Eta goizetik gauerako arrapalada batean?
Zeintzuk arrazoi azaldu dituzten? Hara, urteetan dabiltzala Paris aldean eske eta eske Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoa, hiru euskal lurraldeok bateratu eta Biarno edo Akitaniatik at erakunde bakarra eraikitzeko gogo eta asmoarekin atzera eta aurrera. Baina Paris eta politikoak mutu eta ezezkoan beti. Azkenik, herriari kokoteraino egin zaionean, herria bere lekuan zut ipini eta aski da! esan duen arte. Lana franko ibiliko zuten batera eta bestera boluntario horiek azpilanean, ez baita gauza ofiziala, baina emaitza ederrik lortu ere bai, arraioak ez badu.
Garbi utzi zuten, bestetik, Donostian izan genituen hauek goitikako egoera gaizto hori desblokeatzea duela helburuetako bat herri kontsulta honek, ea behingoz ofizialki herriaren nahia onartua edo gutxienez errespetatua bilakatzen den. Gainera,, ez doala inoren kontra aitortu zuten, ariketa demokratiko bat baizik ez dela eskuartean daukaten kontsulta burutzea.
Heldu den martxoaren 14an dute horretarako data nagusia, Akitaniako hauteskundeak diren egunean. Papeleta bakarraren ordez, bi ipiniko dituzte euskaldunek hautestontzian. Iparraldeko populazioaren gehiengoak (%66) hain zuzen. Aski esanguratsua da papeleta horretako galdera bera: “Euskal lurralde baten sortzearen alde zirea? –Bai” Ororen buru, 95 herri dira oraingoz parte hartuko dutela hitzemanik; 73 alkate eta beste hainbat kontseilari, zinegotzi eta herrigizon. Datu bat gertatu zait benetan deigarri, Zuberoako alkaterik gehienak eman dutela beren baietza.
Eta beste gauza bitxi bat: kostaldeko zortzi herritan hiru papeleta ipiniko dituztela hautestontzian: AHTari (abiadura handiko trena) galdeketa hirugarrena.
Arras begi onez eta esparik handienaz ikusi omen zuten Ibarretxek bere garaian planteaturiko kontsulta hura. Alabaina, hura hutsean geldi zen, bai, eta orain guri dagokigu begi onez ikus dezagun Iparraldekoa.