Gaur goizean kafetxo bat hartzera herriko taberna batera sartu eta non topo egiten dudan aspalditxoan ikusia ez nuen lagun batekin. Enpresa koxkor baten jabea da, dozena erdiren bat langilerekin. Lehenengo agurraren ondotik, lantegiaren berri galdegin diot. Aski suturik azaldu zait jubilatzeko urtemuga berria ezartzeari buruz. Berak iraun lezakeela zioen, zeren kudeaketa lana delako bereziki berea, buru lana alegia. Baina bai omen ditu bi langile bata 61 urtekoa eta 62koa bestea. Burdin lana, lan gogorra nonbait eta erretiroaren ametsetan omen biak. Nola luzatu ote daitekeen zioen 67ra arte. Harri eta zur eginik zegoen. Presaka zen eta hori eta horrenbestez amaitu da gure arteko solasa.
Nik arazoa buruan, aste honetako zutabetxoa osatzeari ekin diot etxera bildu bezain laster. Beste gabe betiko jokabidea ikusten dut, sozialistak egon agintean (langilearen ordezkari eta ezkertiar direnak, izenez behintzat) ala eskuindar muturrekoak izan, beti eta hemen bederen, langilearen bizkar gainera irauli behar zamarik astunena. Ez diote badaezpada politiko, enpresari handi edo goiko kargudun horien soldatak eraitsiz, arazoari irtenbidea aurkitzeari heltzen, ez! Eta soldatak igo behar direnean ere berenak %11 edo proportzio handiagoan igotzen baitituzte, langileari berriz %1,5 edo hor nonbait ibili ohi dira, muga horien arabera nolanahi ere.
Bi urte luzatzeari (67) beste gako bat ere ikusten diot nik. Gazte edo sasoiko jendea langabeziara barra-barra doan garaian, lana duenari beste bi urte gehiago ezartzea, ez ote erabat desegokia? Esan nahi baita, gurasoen adineko jendea eskuak bete lanekin eta seme-alabak harpa jotzen. Hala ez bada, nik neuk piperrik ulertzen ez dudan seinalea dela esan behar. Berrogeita gehiago urtetan zehar ziur aski Aseguru Soziala kotizatzen ari izan den langileak ez al du ongi irabazia 65 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea ala? Eta dirutan, aldiz, konparatu besterik ez dago handi-mandi horiek berentzat segurtatzen dituzten kopuru mardulekin.
Iduri du Alemania salbu, aipaturiko jokabide berria ezartzekotan baitabil hau, eta agian Danimarka, Europako beste Estatu guztiak erretiroa 63 edo 65 urtetara errenditzeko asmotan dabiltzala. Bestetik, aurre-jubilazioak, gure kasuan, zuzendaritza lanetan diharduen pertsonalari soilik mugatuko omen aurrerantzean. Lehen esan duguna! Alargun pentsioen murrizketa aipatzen da berebat.
Burutik behera etorri zaigun egoera ikusita, ez al da esaten den guztia egia gertatuko. Bestela…, estura franko izango dugu bazterretan.