Joan den ostiral iluntzean enkartelada Hernaniko plazan gure hainbat herritan egin ohi den bezala. Gu ere han eta aspaldiko adiskide batekin topo eta nik zer moduz? galdegin eta hark: “ondo baina barrutik prozesioa, badakik”. Goibel ikusi nuen eta ez genuen solasa luzatu. Jakina, semea dauka Parisko kartzela batean eta ez nintzen batere harritu. Bere koinatuaren esana hartu nuen aintzat bereziki. Ostiral iluntzetan trenaren erdia betetzen omen Hendaian Pariserako bidean gure presoen senitartekoek. Egoera bortitza benetan!
Eta zer egin? galdegiten diot nire buruari behin eta berritan. Gu bezalakoak ezer askorik ez. Manifestaldi erraldoiren batera azaldu (Bilbo esaterako), ostiral iluntzetan euskal presoen aldeko prozesio batean (Hernani, Donostia edo Urnietan) parte hartu, sos batzuk luzatu hauen alde eta deus ez hortik aurrera. Barruko sumindura hortik aurrera, hori bai.
Hogeita hamar urte luzeotako ehunka eta ehunka familia hauen sufrimendua zait zinez kezkagarri, eta aldi berean hauen eta gure presoen kuraia nahiz ausartzia miresgarri. Ez dute, ez, dena, arraioak ez badu, beren alde espainiar eta frantses ahaltsu eta larderiatzaile horiek. Gezurra barra-barra, nola ez, eta gertaerak puzten biziki iaioak direla zozomikoteena ere ohartzen da gurean. Gezurra bota, egia gorde. Behatz txikarra aurkitzen badiote bati, eskua eta zangoa berehalaxe moldatzen dituzte. Eta inolako deliturik gabe barruan dauzkatenak kontatzen hasiko bagina? Bestalde, Estatu bietako prentsak zerbitzu ona egiten diote jendea engainu batean edukitzeko, hemengoa laguntzaile dutela, jakina.
Beharrik, Egin eta Egunkaria itxi zizkiguten arren, ordainez, herriari esker, arnasa hartzeko bidea badugun, Gara alde batetik eta Berria bestetik bizigarri onak ditugu-eta. Horien orrietatik jakiten ditugu gobernu bien, epaile eta polizia barne, ematen dituzten pauso baldarren berri. Azkenekoa, baina ez zaie ondo atera. Presoa bisitatzera joaten den guraso edo senidearen miaketa. Erantzi eta ia biluzik jarri behar poliziaren aurrean. Ez jauna! eta etxera, hainbat kilometro harat-honat egin ondoan. To, sar ezak atzeko zulotik! esanez bezala. Hori duintasuna hori! Eta miragarriena zera da, barrukoa ere pozik gelditzen dela, nahiz eta bisitarik ez.
Urtearen aurrenetik ekin diote dinamika berriari gure presoek, aditzera emanez terrorismoa ez baina, Euskal Herriaren kontrako zapalkuntza dela hemen auzia, eta beraz, guztiz antzuak direla errepresioa, espetxe politika eta presoen biziarteko zigorra. Erronka ederra kanpoan gaudenok ere zerbait baino gehiago egin dezagun.