Munilla

Erabiltzailearen aurpegia Hiazinto Fernandorena 2010ko urt. 20a, 18:51

Honezkero, familian, lagunartean edo prentsaren bitartez baina belarriak ongi berotuak izango dituzula uste dut, baldin eta  Elizako arazoetan oraino interes apur bat ipintzen baduzu behintzat.   Gipuzkoara datorren apezpiku berria dugu Munilla, esamesa franko ematen ari dena egunotan.

Alde eta kontra gauza asko entzun ditugu beronetaz. Nik neure ikuspegia daukat eta lerro hauetan honen berri ematen saiatuko naiz.

Badakizue Gipuzkoako Elizan parroko eta ardura bereziren bat duten %80ak  gutun bat luzatu dutela beren iritzia izendapen honen aurka adieraziz. Hau dela eta, politiko aho bero batek,  Basagoitik, izena esanda ere berdin da, hala zioen gutxi gora-behera, elizgizon hauek beren sotanapetik politika erakusten dutela lehenik eta ondoren erlijioa. Bapo mutil, hi etxerako! Mokordo hori botata lasai gelditu baldin bahaiz, horrek ere zerbait balio izango dik baina zuentzat, noski, ez guretzat.

Gauza bat esango diat karia honetara nik neuk. Urte luzeetan zehar Frankok izendaturiko apezpikuak izan ditugula eta orain halatsu gertatzen hasi dela. Hori bai dela, hori, politika eta politika zikina! Kristau herriak ez al du zereginik bere gotzainak hautatzerakoan? Rouco Varela bitarteko, ez ote da espainiar nahiz frantses gobernuen eta Vatikanoren arteko jokoa edo tratuaren emaitza izendapen hau? Joango nauk jarraian gauzak zehazten.

Azken hilabeteotan hiru apezpikuren izendapenak ezagutu dizkiagu E. Herri koxkor honetan. Bata Bilbokoa, eliztarrek zinez usain txarra hartu diotena. Baionakoa bigarren. Jakin nahi al duk aldarean laguntzaile neskatoak eta mutikoak normal ikusten zirela han eta eme izateagatik soilik bai aldaretik eta bai komunioa ematetik emakumeak erretiratzeko modua egin duela? Emakumeak elizako kakak garbitzeko nahiko dizkik. Seguru!. Emea izango duk, bada, bere ama, ezta?  Eta orain Gipuzkoa gure elizbarrutirako beste hau. Ene uste apalean nor izango balitz, izendapenari uko egin eta ospa egin beharko likek begien bistatik. Usteak, ordea, erdia ustel izaten omen.

Eta oraino zenbat denbora da Iruñara artzapezpiku berria etorri zela? Eta militarra, gainera. Urte pare bat gehienik. Galde egiok lehenari jarraituz, Falange eta espainiar batasunaren hain zalea zen Sebastian jaunari, alegia, Nafarroan zenbat herritako eliza, ermita, apaiz-etxe eta lurzoru pasatu dituzten bien artean herri bakoitzaren izenetik atera eta elizbarrutiaren jabetzara.

Hala ere, fedea, fededuna eta Ebanjelioa miseria guzti hauen gainetik dagoela uste dut. Euskal Eliza oinarri sendoak ematen ari dela esango nuke.  Ez da garai batean bezala, behe mailan edo herri mailan, jakina, gure eliza aginteduna (hemen nago ni!), apala eta bilduagoa baizik. Oraingo apaizak ere herrian txertatuagoak dira. Politika egitea al da hori? Laikoak eta emakumezkoak berdin, arduradun bilakatzen ari dira. Eta kristau multzo handi bat, lehen bezain elizkoi ez izan arren, Ebanjeliotik hurbilago ikusten dira (pobreak, karitas, misioak, etab) zuloak betetzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!