Euskal munduan hitz zabalagoa delako erabiltzen dut inausketa, funtsean zuhaitz bat kimatzea adierazten duen hitza delarik. Esan behar dut Madril aldetik inausketa gogorra egiten ari zaiela euskal haritzari nola politikoak hala poliziak eta epaileak, amarrurik handienez elkar harturik. Edonork daki udazkeneko lana dela zeregin hau eta horregatik ariko direla esango nuke jo eta su frankismoan baino areago gure lurraldean txikiziorik handienak egiten.
Azkenekoa izan da nabarmen, bihurri eta ankerrena: 34 gazte atxilotu, 90 etxeren miaketa (bizileku, taberna, gaztetxe eta elkarte) Grande-Marlaska epaile beraren presentzia euskal lurrean (nola ez bada!), eta diotenez, 665 guardia zibil eta polizia nazionalen erasoa jasan omen dugu. Barregarriak dira benetan eta beren beldurra erakusten dute muturren aurrean. Ez diote ETAri beldurrik. Aspaldi esanik dut nik aitzakia polita dutela talde armatua. Euskal Herriari diote beldurra, hotz ikaraz jartzen dituen beldurra, noski. Herri mugimendua da hemen, herri lana, zigor dantza bihurria Madril alde horretan astintzera sakatzen dituena.
Mina eman behar die nahitaez ideiak soilik edo herri ekintza beste gabe juzkatuz gure jendea atxilotu eta urteetako kartzelara kondenatuz hain lotsagarri eta biluzik munduaren aurrean beren burua erakutsi beharrak. Orain arte ETAko ziren aitzakian eraman izan dituzte gure atxilotuak. Oraingoak, aldiz, ETAren “harrobi” edo omen. Trauskil eta moldakaitzak ez badira gero! Azken batean eraso hau beren kontrako bilakatzen ari den erasoa baita. Gainera, inoiz bada eta, begi bistagoan gelditu da euskal zuhaitza errotik atera eta erauztea dutela helburu. Ikusi besterik gure herrialde guztietatik eraman dituztela oraingo gazte hauek, bakoitzetik eskukada bat: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta...Iparraldetik. Zer esan nahi du hori baino horrek? Itxura gabe herri hau ezabatzea dutela jomuga.
Baina haritz honek sendo dauzka bere erroak (euskara, langile sindikatuak, gazteak eta independentista izan ala ez abertzale guztiak eta... presoak, jakina). Ikusi besterik Zestoako herrian azaroaren 27-29ko asteburuan gazte abertzaleek burutu biltzarra edota 28an larunbatez Bilbon egin zen 20 mila eta gehiagoko manifestazioa.
Udazkena bai, baina negua datorkigu gainera. Abenduaren 14an emango diote hasiera EGUNKARIAko arduradun akusatuei. Ikusiko handik hurrengo larunbatean, hilaren 19an, Bilbon hauei eskainiko zaien babesa. Udalbiltzaren epaiketa ondoren. Ez du izenik presoekin egiten ari direnak ere. Esanik dudana, negua eta neguarekin, agian, inoiz baino sufrimendu gaitzagoa, baina ez gaude inola ere bizirik jango gaituztelakoan. “Zer egin behar du Madrilek egiten ari dena baino makurragoko zerbait? Milosevitx Kosobon bezala tanke eta guzti sartu E. Herrian”? Ospe handiko abertzale batek oraindik orain zioen esaldia luzatu dut lerro hauetara.