Lehengo egun batean, iragan larunbateko kontuak dira, bagaude taberna batean kafetxo bat hartuz berriketan, eta non sartzen diren bi gizonezko eta emakume bat. Solasaldi bat egiteko aukera izan genuen. Emakumezkoa batik bat hiztuna eta atsegina zen. Etxera zoazela eta joan zirenean, bertan zegoen batek hala dio: emakume honen ama ezagutu bazenuten zer nolako sorgina zen, Frankoren altxamendukoan “margarita” izana zen.
Ni neu oso umea nintzen baina oroitzen naiz margaritak bazirela garai horretan gure edozein herritan. Ez nago ziur zer ziren: erreketeak, falangistak edo... baina jantzi zuria eramaten zutela, bai, eta txapela gorria buruan borla bat (horia uste dut) zintzilik zuela. Mutikoena gehiago oroitzen naiz: korreajeak eta txapela gorria jantzi eta instrukzioak egiten, Urnietan behintzat, nola beheko kalean zehar ibili ohi ziren. Guk etxetik genuen horiekin parte hartzeko debekua eta ikusle soilak bilakatzen ginen. Espa puska batekin, hori bai.
Aurtengo neguan berean ikusita nago, Amara plazan larunbat eguerdi batean, Madriletik autobus pare batean etorri eta zer nolako manifestazioa egin zuten, Inestrillas buru, falangista multzo batek bertan. Ikustekoa zen haien janzkera (garai batean bezalaxe jantziak), bandera espainol pila bat, oihu klase guztiak, hau ez zela E.Herria eta Espainia zela baizik goraipatuz. Ehun metroko distantziara, ni ere hala beharrez hantxe gertatu nintzen eta jende multzo bat bildu ginen.
Pentsatuko duzu gure oihuak beste zentzu batekoak zirela. Zipaioek berehala zigorra astindu (etxekoei beti bezala) eta sakabanatu gintuzten. Falangistak, aldiz, ardura handienez zainduak izan ziren (gu kale ertz desberdinetatik kuxkuxean) harik eta espainiar himnoarekin ekitaldia amaitu eta autobusetan sartuz hemendik at joan ziren arte. Ikusi egin behar zen haien harropuzkeria!
Eta orain hori eta horrenbestez non jakiten dugun Guardia Zibilek zenbait falangista atxilotu dituztela eta armak eta guzti harrapatu gainera. Etxekoak nonbait Espainian eta, putzak min esan ohi den bezala, ez dira gutxi ahalegindu gertaera isilik gordetzen. Gureak izan balira Rubalcaba ministroa ere aho betean ariko zen direnak eta ez direnak salatzen. Baliteke egun horietan arrunt nekaturik loak hartuta izatea ere gure gizona. Ulertzekoa da berebat. Baina eta komunikabideek? Hauek ere isil mutu. Zinez ahalegindu dira, arraioak ez badu!, izenak, helbideak eta gainerako xehetasunak, ezer gertatu ez balitz bezala, ezkutuan gordetzen.
Alde batetik ulertzekoa ere bada. Etxeko zipriztinak etxetik at ez dira-eta hedatu behar. Esan gabe doa, gu ez garela etxekoak, beste batekoak baizik nola jorratzen gaituzten ikusita. Horra nahi gabe, noski, baina nola aitortzen duten, berek aitortu ere, euskaldunak ez garela espainolak.