Joan den larunbatean euskal sindikatuek deitu eta Donostian burutu manifestazio jendetsuak (37.000) zoko guztiak harrotu eta astindu ditu gurean, hala fede! Ea bada, urrats berri bilakatzen zaigun larunbatekoa E. Herriaren benetako aldaketa politiko eta aldi berean egungo faxismoaren urraketa ekartzen digun edota ekartzeko modua egiten dugun. Denok, noski.
Alabaina, gaurko nire lantxoa ez doala bide horretatik esan behar dut. Sekulako debozioa edo jaiera duen santu bat aipatu nahi dut egun. Ez al zait santua haserretuko! Ez dut uste. Mezu bat luzatuko diot hori eta horrenbestez: nire esku balego, jaiera handiko jende honen Zaindari izendatuko nukeela.
Zein den jende klase hau galdegingo du irakurleak. Ezkondu, urte batzuk edo gehiago elkarrekin egin eta banandu edo dibortziatzen den jendea dut gaurkoz gogoan, dibortzioa alegia, hitz bakarra erabiliz esateko. Gaur egun fenomeno nahikoa arrunta egin zaiguna. Espainiaren mailan %32 osatzen omen dibortziatuen kopuruak eta hogeitik gora Euskal Herrian ere diotenez.
Gauza bat deigarri gertatu zait egunotan. Donostian Euskal Unibertsitatearen babesean zentro bat ipini dutela Master ikasketak egiteko banandu edo dibortziatuentzat. Orain asko eta asko tituludun bilakatuko zaizkigu, gainera. Zer esatea nahi duzu? Ez zaidala batere gaizki iruditzen. Gu geu, lehengo belaunaldiko jendea, hasiera batean harri eta zur eginik gelditzen ginen halako edo beste halako senar-emazte haiek banandu egin zirela jakitean, baina hogeita hamar urteetarik azken hamarkadan esaterako, ez digu arazoak inolako belarriko minik sortzen.
Gauza bat daukat garbi: senar-emazteak banantzen badira ere, eta ondorioz ezkontza desegiten, familia desegitea ez dela gauza bera. Ondasunen arazoa ere tartean izango da, baina haurrak, seme-alabak alegia, bat izan edo gehiago baina hauek gertatzen direla gehienbat nozitzen dutenak. Esan gabe doa, haurrek emaztea ama duten bezala senarra aita dutela. Eta hor dago koska nagusia, niretzat eta edonorentzat, noski.
Dena den, baina arazo honetan makurrena zera izango litzateke, aita eta ama, dibortziatzean, erabat haserre bukatzea elkarrekin. Nik ez dut esango garai bateko adiskidantza eta elkar maitatzea eskatu behar zaienik, baina psikologoek diotenez, nolabaiteko lotura jator bat behar dute bata bestearekin, baldin eta haurrak elikatu, jantzi, eskolatu eta behar bezala hezi ahal izango badira.
Gurasoek behin bananduz gero, nahi duena edo ahal duena egingo du bakoitzak bere aldetik, baina ezin ahaztu inola ere, senar-emazte izatea utzi arren, guraso izaten jarraitzen dutela.
Horra, beste gabe, nire kezkatxoa azaldu eta azaltzen ahalegindu, behintzat.