Sanmigelak pasatu dira, hurrengo asteburuan Xoxokakoak badatoz ere, eta egia esan inoiz baino xumeagoak, herrikoiagoak eta gure girokoak izan direla esango nuke.Eta jendearen partaidetza seinalatuko nuke xehetasunik nabariena bezala. Atseginak benetan, norbaitzuek bestelako esamesak erabili dituzten arren. Eguraldia ere aparta izan dugu. Beude, bada, horretan gure aurtengo herriko jaiak.
Gaurkoan beste urrats batzuk aipatzera natorkizue, egunotan gertatuak hauek ere eta izenburuan esan bezala zinez baldarrak direnak. Gainera, aurrerantzean ez naiz batere ele-meletan ibiliko ez eta gertaerak apur bat zuritu nahian ere, uste baitut euskaldunok gure aldetik bai kritikak bai jokabideak geroz zorrozkiago hartu beharrean aurkitzen garela pauso baldar horien aurrean. Hortzak ondo erakutsi beharrean gaudela, alegia.
Lehenengo eta behin Zarauzko gertaera dut gogoan eta bertan zipaioek izan zuten jokabidea. Mingarria izan da Frankok eraila izan zen Jon Paredes Txiki zenari familiak eta lagunarteak urteetan eskaini dion omenaldia hori eta horrenbestez urratzea. Eta ez batere gutxiago Jon Anzaren kasua. Egia bada behintzat, Baionatik Tolosara trenean zihoala polizia espainolak atxilotu, garbitu eta bazter batean lurperatu duela. Bestaldera izan balitz makakorro ederrik aterako zuten politiko, agintari eta kidekoek. Isil asko gorde dute hemen. Frantzia aldetik etorri diren aire ufadatxoak izan ez balira...
Gauza bat da, bestetik, gure presoen argazkiak eta aztarrenak desagertu nahi izateko obsesio hori. Gainera lege jakin bat egon ezik, Ares eta jende honi sudurraren puntan jarri zaiotela eta beste gabe. Argazkiak kendu ondoren, hauek tirokatuz punteria zorrozten ibiliak omen zipaioak Lizartzako kasuan. Oraindik ikusteko guztiak...! Eta orain gainera 500.000 euro ezarri ditu Lakuak lan hori behar bezala burutu ahal izateko. Higuingarriena, aldiz, niretzat, EUDEL deitu udalen elkarteko buruak bere urrezko sinadura ezarri izatea akordio honetan.
Ez ote dira ohartzen presoen eskubideen aurkako bidegabekeria edo basakeria guztiokin sugarra bizitu eta berpiztu baino ez dutela egiten euskaldunon baitan? Gure presoak dira eta maite ditugu. Esaiozu astero edo hamabostean behin Puerto de Sta Mariara bisitatzera doan amari (2.000 kilometroz goiti) semea ez duela berea eta ez duela maite. Gure presoak dira eta preso politikoak, gainera. Eta esan behar da gehienak delitu apur bat ere ez dutenak. Euskaldunok isilarazteko helburuarekin barrura eraman dituztenak. Torturapean poliziak nahi duena sinatzera behartu eta barrura. Prebentibo modura han bakardadean hilabeteak edo urteak eduki eta kanpora. Egunero begien aurrean ditugun jokabideak dira, horra.