Joan zaigu gure Mikel. Ez ustekabean, ordea; gaixotasun luze eta neketsu baten ondotik baizik G.B.).. Aski oparo goraipatu dute egunotan bai prentsak eta bai irratiak urte ilunetako eta gerozko beraren kazetaritza eta idazle lana. Horregatik ni ez naiz sobera sartuko Z. Argia astekarian, Deia egunkarian edo Bidegileak bilduman egindako edo berak idatzitako liburu desberdinak jorratzen.
Mikel hurbilagotik hartuko dut eta gure arteko kontu txikien berri emango dut: umetakoak, gaztarokoak, apaiz izan ginekoak, etab. aipatuko ditut batik bat.
Lehengusuak ginen elkarrekin, anai-arrebak Mikelen ama eta gure aita. Gerra ondo-ondoko urteak ditut gogoan, gure umetako urteak. Mikel karlista familiako eta nire familia, aldiz, gorde-gordeka bezala, baina nazionalista. Alabaina, ez zen hau inola kausa izan ez gure eta ez gurasoen arteko harreman estuak oztopatzeko. Haiek baziren sei-zazpi senide eta gu ere bai. Hamaika jolas eta barre algara, berriketa eta aberi koxkor egindakoak ginen elkarrekin, adinez kideko ginenok behinik behin.
Eskolan ere talde berean ibili ginen haiek bi anaiak eta gu ere bi anaiok. Egia esan, Urnieta arrunt euskalduna zen garai hartan eta eskolan nahiz hitz egin, zigorra gainean bestela, nahiz ikasi erdara hutsean egin behar. Horrek asko zailtzen zuen ikastea eta Mikel gu baino txikiago zenez, atzeraxeago ibili ohi zen. Hala ere eskolatik irten eta kontzejupean pilota jokoan hura geldiaraziko zuenik ez zen adin berekoen artean. Sendoa eta mugimendu handiko mutikoa zen. Ni argal eta ahulagoa nintzen askoz.
Gero, hamabi urte zituela hura seminariora eta handik zenbait urtera nik ere bide bera. Han ere elkarrekin. Nik neuk karreran urtebeteko saltoa egin banuen ere hura beti urte bat aurrerago izan nuen, lehenik Saturraranen eta gero Donostian. Kirolaren aldetik, hark beti pilota, nik futbola eta ez asko.
Esan behar da Saturraranen hasi ginela begiak argitzen. Euskarari buruz esan nahi dut. Euskal kantua, inon diren gure kantu zahar guztiak erakutsi zizkigun irakasle batek eta alfabetatzeko modua egiten lagundu beste batek, baina hau esan behar dut kontrabandoan bezala eman zigutela laguntza hau, zeren eta espainola zen hizkuntza nagusia nola klaseetan hala elizkizunetan. Meza, latinez, jakina.
Gero, Donostiara filosofia ikastera. Seminario berrira ilusio pixka bat ekarri genuen, baina luza gabe itzali zen ilusio hau. Esango dut. Frankok inauguratu zuela seminario berria. Falangeko kaperau izana omen gure elizbarruti berria estreinatu zuen apezpikua eta irakasle gehienak ongi galbahean pasatutako jendea izan genituela, pentsatuko duzu zer zentzutan. Datu bakar bat emango dut zer nolako giroa bizi izan genuen azaltzeko: arrosario bat bera ere euskaraz ez genuela elizan errezatu karrera guztian zehar. Gaur seminarioa baino kuartela areago izan zela esango genuke, ez euskararen aldetik bakarrik, noski.
Hala ere, talde pribatu bat osatu, Mikel tartean, eta geure kontura elkarri lagunduz (liburuak, idatziak, eztabaidak..), ostegun arratsaldetan bereziki, euskara poliki landu ahal izan genuen gure karrerako urteetan.
Mikel eta bere ikaskideak Lurdesen apaiztu ziren 1958an, Ama Birjinaren agerraldiaren mendeurrena ospatzen zela-eta. Gu hurrengo urtekoak ginenok doker modura joan ginen, gaixoak zaintzera. Gurpildun karrotxoetan gaixoa hartu eta piszinara, elizara edo ostatura haiei laguntzeko modua eginez. Harrezkero, Lurdes niretzat, gure aurreko urtekoen apaizgintza eta gaixoen presentzia dira nire baitan hunkigarri gelditu zaizkidan bi puntu nagusiak.
Apaiztu eta Mikel Aizarnara, baserri giroko herri batera. Hurrengo urtean ni ere bai eta Goierriko herri batera, Lazkaora. Jarraituko nuke gure geroko pasadizoak kontatzen baina ezin baitut idatzia gehiago luzatu, baina hala ere ez dut amaitu nahi hauxe esan gabe: euskararekiko grina gori-gori, beste askok bezalaxe, bizi izan dugula beti. Gure helburua ez da izan euskaraz hitz egitea soilik, konpromiso sakonago bat burutzea ere bai aldi berean. Mikel kazetaritza eta idazle lanetan murgildu zen eskuak betean, eta nik, aldiz, Ikastola eta itzulpenari eman diot nire ahalegin oro.