Espainian nahiz Frantzian, honek ere jokabide berdina hartu baitu azkenaldi honetan, gure gazteak manifestaldi batean ikusi dituztelako edo beste gabe, sailean barrura daramatzate. Nik neuk esanik dut behin baino gehiagotan, laster kartzela berri eta handiak (erraldoiak) eraiki dituzten arren, ez direla aski izango eta kontzentrazio esparruak edo muntatu beharko dituztela luza gabe. Eta hori eta horrenbestez oraindik egun asko ez dela Rubalcaba Espainiako Barne-Ministroak esan ez dut bada, ahopean eta hitz erdika baina esaldi hau luzatu du gutxi-asko: “Kontuz ibili beharrean gaude, epaitegiak eta kartzelak sobera bete ez ditzagun”. Ganbara pipitak jotzen hasita ez ote dagoen edota bere burua zuritu nahirik esango zuelakoan gelditu naiz. Baina... baina... kezka apur bat badaukate ene ustetan. Eta harritzekoa al da horien hainbat astakeria ikusita?
Zer tripako mina eman behar dien, lotsa izpirik baldin badute behintzat, ideiak juzkatzearekin soilik asko eta asko barrura eramaten dituztela gure artetik eta euskaldunok horretaz ongi jabetzen garela berak ongi konturatuta daudelarik! Nola ez dituzte, bada, kartzelak beteko abertzale izan eta herri ekintzan finezia handienaz lanean ari ziren hainbat (herritar, kazetari, abokatu, esatari...) gerok ezagutzen ditugunak barruan dauzkate eta?
Eta makurrena, kasu askotan, preso prebentibo baldintzetan dauzkatela eta halako batean, hilabete luzeak edo urteak itzalpean funtsik gabe eduki ondoren, epaitu eta kalera, aurrez milaka euro ederrak beren eskuetan uztera beharturik. Hau ere diru iturria dute nonbait. Inkomunikazioa eta torturarik ez dugu aipatuko, hori eguneroko ogia badugu ere, horren berri atxilotu bakoitzarengandik eta Amnesty erakundearen bidez ongi hornitzen baikara.
Noizbait esanik daukat lerro hauetan, ez dagoela Europa guztian beste herrialde edo estatu bat euskaldunok bezainbat, estatu ez izanik gainera, preso politiko daukanik (760 hor nonbait). Putzak min, aski isilik gordetzen dituzte horrelako albisteak COPE Elizaren eta SER irratiek esaterako, eta Vocento taldeko prentsak. Ez komeni nonbait eta... Bestetik Espainian ez dago legez heriotza-zigorra esaten dena. Ez eta biziarteko kartzela-zigorra delakorik ere. Zer da, bada, hogei urteko kartzela bete eta beste hamar urte edo gehiagoko zigorra ezartzea?
Hara, “Gatza” Joxe Mari Sagarduiren kasua aipatuko dut. Aurreko larunbatean zortzi manifestaldi jendetsua eskaini zioten herritarrek Zornotza bere jaioterrian. Kondena 2005ean konplitu zuela eta oraino kartzelan daukate. Zer lege klase dituzte epaile eta espainol jende horrek? Europa guztian, ongi frogaturik omen, urterik gehiena daraman (29 urte luze) daraman preso politikoa da Sagardui ikusten denez eta 1980an kartzelaratuz geroztik 34 presondegi desberdinetatik pasatu da agidanez, gaur egun Jaengo presondegian dagoelarik. Baina ohar gero, honek hogei urtetik ondotxo gora doazen kideak dauzkala han eta hemen inon diren kartzeletan nola Espainian hala Frantzian. Etxetik ahal diren urrunena eta hobe gainera.
Hemen, berei gustatzen ez zaien zerbait eginez gero, ETAkoa izan ala ez, berehalaxe salatzen zaituzte eta terrorismoaren apologia edo gisa horretako zaku batean sartzen. Ondoren, zigorra zigorraren gainean, besterik ez dute. Alabaina gauza bat erakusten dute nabarmen: ezina, garbiago ez daiteke esan. Ezin gaituzte menperatu eta gu geu nor bagara ez gaituzte menperatuko. Egia esan, gure aldetik ere badago ezina. ETA ez da arazoa, eta arazoa baino gehiago aitzakia da horientzat bederen. Sakon sakonean ongi dakite, ETA xahutzen badute ere, gatazka politiko serio bat daukatela Euskal Herrian eta horrek halaber konponketa serios bat eskatzen duela. Beste batean aipatuko zer jende mota eta zer nolako pentsamolde desberdinak ikusten ditudan gure honetan aurrera egin dezagun.