Oharkabean pasatu dela esango nuke gure artean, baina ez ehunka nafar eta beste askorentzat ekainaren azken igandean Getze herrixka ondoko menditxoan burutu ohi den ospakizun mamitsua: Noaingo gudua (1521) deritzona. Nik neuk beste askok bezalaxe sinpatiarik handienaz bizi izaten dut egun hau, nahiz eta urte pare batean ez naizen azaldu bertara. Duela bostehun urte Nafar Erresuma deitzen zen Euskal Estatuak hantxe jokatu zuen bere azken partida eta hantxe galdu halaber bere independentzia.
Espainiak irabazi eta hala-hala hasi zen zabaltzen eta nagusitzen Espainia, ez penintsula barnean bakarrik, baita mundu zabaleko hainbat lurraldetan ere (Hegoamerika, Filipinak...). Alabaina, etxera begira jarrita, irabazle atera Espainia eta behin betiko E. Herria hankapean zutelakoan beti eta bostehun urte geroago oraino irabazten ari direla aho betean esanez ari zaizkigu eguna joan eta eguna etorri. Seinale txarra nolanahi ere. Hori komeria darabiltena nahi eta ezinean espainiar agintari nagusi horiek! Gu etsipenak har gaitzan ibiliko dira, baina ez alferrik, etxearen habeari tinko eusten eta etxea eraberritzen jakiten badugu behintzat. Bostehun urtetan zehar lortu ez dutena ez dute, noiz eta orain, lortu behar, arraioak ez badu.
Orain omen datozkigu normaltasuna eta demokrazia zinez eta benetan. Eta nik esaten dut, tranpa eta joko zikin guztiak egin dituzte eta nola ez ekarri bada hauek demokraziarik sakonena gure herriari? Begiko makarra baino ezin ikusi handiagoa elkarri (PSOE/PP) eta hori kontraesana erakusten ari direna. Besarkada, fereka eta leunkeria franko ikusteko jaioak gara. Horretarako, jakina, direnak eta ez direnak kartzelan sartu behar, ezker abertzaleari ate guztiak itxi, botorik gehiena lortu duena EAJ-PNV zokoratu eta kaixo motel! Edozeinek esan lezake zer nolako dohain ederrak itxaro ditzakegun horiengandik.
Urrats berriak ematen hasi eta hona hemen bakar batzuk horien delako demokrazia horren seinale garbiak direnak.
Lehenik eta behin, udaletxe, diputazio eta egoitza ofizialetan bandera espainola ezartzeko agindua. Gero, EITBko eguraldi maparen aldaketa, euskal nazioaren mugak desitxuratzea helburu duen erabakia dudarik gabe. Zozo-kumeak ere badira hein batean. Seguru nago oharkabean baina Euskal Herri (Nafar Erresuma) historikoaren lurraldea erakusten hasi zaizkigula, Euskal Herria izan baitzen garai batean Ason ibaitik hasita Jakaraino, Burgosko zati handi bat eta Errioxa barne zirelarik. Euskal historia sakontzen hasita egongo dira, eta hori estimu handitan edukitzekoa ere bada.
Ertzaintzari, lehenaz gain, zeregin berri bat ezarri diote: udaletxe, taberna, balkoi edo txosnetatik gure preso politikoen argazki eta aztarrenak kentzekoa. Eta erne gero! “maite zaituztegu” eta horrelako esaldirik jaurti, bestela badakizu...
Bestetik, Gernikako Estatutuak eskatzen dituen hainbat eta hainbat transferentzia Madriletik lortuko dituen promesa fina egin zaigu. Hau ere ez da bada, mespretxuz ikusteko erregaloa, hala fede! Eta ororen buru, gogotik harropuztu dituen albistea jaso dute Europatik aldi berean. Estrarburgok onetsi azkenean, Espainiaren aldera makurtuz, partiduen legea delakoa, bidenabar, euskal herritar milaka asko mutu edukiarazteko modua eginez, horretarako, giza eta herri eskubide guztiak zapaldu behar badira ere.
Badugu baita ere beste albiste nagusi bat: Nafarroa eta Euskadi harreman estuetan ipini dituztela, Migel Sanz eta Patxi Lopez protagonista bion artean. Harremanetan esan dut: hartu eta eman. Sozialistek lagundu diote lehenari agintean mantentzen eta honek berebat babestu egin behar, ordainez, Lopez jauna. Zer gutxiagorik!
Amaitzeko, egin ahal guztiak egingo dituzte oraingoan, azukre koxkor bat kafesnetan urtzen den modura edo, E. Herria Espainiaren baitan gozoki senti eta koka dadin. Besterik litzateke Estatu Espainolarentzat arazo nagusi-nagusi bat ez balego tartean: Euskal Herriaren burujabetza, baina...
baina...