Esan gabe doa guk geuk ezagutu dugun baserriaren moldeak eta bertako izaera edo bizimodua urte asko baino lehen joan dela hankaz gora. Bizimodu zaila, nekagarria nonbait, eta sosa aiseago irabazteko bide berriei ekin zaielako gertatu da gainbehera hori. Egun, baserri-etxerik gehienak zutik mantentzen dira, hein batean berriturik edo alboan etxetxo polit eta erosoagoa dutela. Eta baserri bezala dirauten banaka horiek ere baratzegintzara jo behar izan dute edo haragia edota esnea ekoiztera.
Gainerakoan, garai bateko landa lur eta larreak nahikoa lan bada bazterretan sasiak har ez ditzan garbi eusten. Beste askok pinua landatu eta hor konpon, baina nolanahi ere lanik askorekin hauek ere. Lurrik erosoenak, bestetik, industriak nahiz etxebizitza berrien eraikuntzak hartu ditu. Autobide desberdinen sarea ere ez da isilpean gordetzekoa eta trenbide berri hori etortzen denean, etortzen bada, izango dira kontuak. Ziur, oinez ibiltzeko tokirik gabe gelditu gara.
Harira datorrenez, aspaldiko egunetan buruan darabilkidan gertaera bati helduko diot. Hilabete honen 5an Karrantza eskualdetik abiaturik eta Bilbo hiria helmuga zuela traktore zerrendaren amai gabeko kate luze batek egin zuen bidea eta Bilbon beren manifestaldia burutu. Zer zela eta halako mugida ausarta? Une honetan baserritar eta ganaduzaleek bizi duten egoera larria adierazteko eta herriari garrasi estu bat luzatzearren egindako manifestaldia izan zen. Nola ez bada egoera larria han aipaturiko zifra lotsagabeak gogoan hartuz gero?
Hara, duela esaterako hogei urtetik hona 12-13.000 ganaduzale izatetik (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa iparraldea) 800eko multzo soila izatera pasatu baitira, eta hori kontuan hartuz, gaur egun, ukuiluak tresna eta aurrerabidez horniturik daudela. Zertan datza arazoa orduan? Esnearen prezioa da benetako larridura bilakatu zaiena gure baserritarrei: litroko 22-26 zentimo bitarteko salneurria ordaintzen zaiela, bai, eta pentsua etab. gastuak kontuan hartuz gero, 42-45 zentimo arteko kostua duela beraientzat litro esneak.
Etorkizun beltza ikusten dute eta biziki kexatzeko arrazoiak berebat ez dituzte gutxi. Orain krisialdi orokor bat etorri eta inon diren laguntzak banketxe eta auto saltzaileei. Baserritarrei, ordea, inon diren murritzenak. Gainera kexu dira, dendari txikiak diren bezalaxe, Eroski, Carrefour eta horrelako supermerkatu handiak kanpotik heldu den esne edo produktuez baliatzen direla gehienbat. Merke ekarri eta hemengoa baino merkeago saldu, horra. Beste datu mingarri bat. Kaiku eta Iparlat, adibidez, milioien laguntza izan duten arren, hala ere ez direla egun beren buruaren jabe, Emmi deitu suitzar konpainia bat baizik. Bagaude oraindik hala fede entzuteko eta ikustekorik!
Amaitzeko, deigarri gertatu zaidan iparraldeko kontu bat. Baionako udalak hartu duen erabakia, heldu den ikasturteari buruz. Ikastola edo eskoletako jan gelak jatekoz hornitzeko barazkiez eta beste, inguruko nekazari edo baserritar ekoizleez baliatuko direla. Zentzu honetan badakit beste zenbait lekutan ere gisa honetako edo bestelako ekimen politak burutzen hasirik daudela. Beste baterako gaia izan beharko.