Garoña

Erabiltzailearen aurpegia Hiazinto Fernandorena 2009ko eka. 11a, 14:51

Donostian Egiako parkea bataiatu dute berriro Gladys del Estal izenez. Gogoangarria ez bada gero duela 30 urte hain zuzen Tutera hirian zentral nuklearren eta Bardeetako tiro-landaren aurka burutzen ari zen manifestaldian guardia zibilek tiroz eraila izan zen donostiar neska gaztearen izena. Hautsak ongi astindu zituen gertaera izan zen hau.

Ez dakit nongo haizearen ufadak zebiltzan buruak harturik garai hartan gure agintari politikoak. Nola ez bada? Zer gutxiago? Lau proiektu, lau zentral nuklear eraikitzeko proiektuak zeuzkaten euskal lurralde koxkor honen gainean. Denon gogoan daude noski, zeintzuk eta non kokatzeko asmotan zebiltzan. Argetas, Tutera ondoan, (Nafarroa), Deba (Gipuzkoa) eta Ea eta Lemoiz Bizkaian. Azken honen inguru izandako gora-beherek isildu zituzten guztiak.

Oroitzen naiz nire adiskide min batek nola esan zidan, sekula geroz ez badiot aurpegiratu ere, behar beharrezko zuela Euskal Herriak energia nuklearra. Ni, aldiz, ezezkoan. Indarra edo energia beharko genuela baina nuklearrik ez. Hasita ginen jada kontzientzia apur bat hartzen arazo honi buruz. Ez sobera geroak erakutsi duen edo digun bezala baina lehen urratsak orduan hasi ginen ematen.

Harrezkero, zentral nuklearrez beti hartu izan dut interes puska bat eta bizpahiru ezagutzeko modua izan dut handik honako urtetan zehar. Pastrana hirian (Guadalajara) erlezainen feria bat izaten da urtero (materiala, erlearen ekoizpenak, hitzaldiak...) eta askotan joan izan gara, eta beraz, handik kilometro gutxira dagoen Zoritako zentral nuklearra bisitatu ere bai, Tajo ibaiaren ertzean.

Ez nago ziur baina duela lau urte izan zela esango nuke hara joan aurreko astean, prentsaren bidez, non jakiten dugun ixtera zihoazela delako zentrala. Gu joan ginenerako itxia zuten eta zentral elektriko bihurtzeko asmoak zituztela esan zitzaigun. Harridura eta poza izan genituen batera.

Bestetik, jubilatuz geroztik ia urtero bainuetxeren batera joan ohi gara adiskide bat eta biok. INSERSOren bidez, jakina, eta haren esanetara jokatuz. Eta zortzi bat urte izango dira, nora bidaliko eta Cofrentes herrira (Valentzia). Zentral nuklearra hemen ere. Jendea zirikatu eta kontrakorik ez. Herri sastar bat izana eta zentralarekin batera ogia, etxebizitza, eta funtsean, bizimodu berria ekarri baitzioten hango biztanleei.

Eta Garoña?   Urteotan eta egun hauetan bereziki puri-purian eta eztabaida betean dagoen zentrala. Ezaguna zait hau ere. Euskal udalekuetako lagun batzuk etxe koxkor bat Sobron herrian (Araba) eta elkarrekin egun pare bat pasatzera gonbidatu, eta hala ezagutu nuen Ebro ibaiaren ertzean kokaturik dagoen Garoñako zentral nuklear famatu hau. Burgosko partean baina gure lurretik hain hurbil dagoenez, neurriak ongi hartu nizkion irudipena daukat. Inguru hartako usaina bera ere ez dakit oraino ez ote dudan nirekin gordetzen.

Berrogei urte handi eraiki zutela eta agidanez Espainiako estatuan aurkitzen den zaharrena berau. Eta orain komediak! Isuri arriskugarri horietakoak izana behin baino gehiagotan. Araba eta inguru hartako jendea urduri eta ea noiz itxiko duten kezkaturik. Zapaterok botoak bildu behar eta garbi agindu zuela bere hauteskunde kanpainakoan eta badela garaia zerbait egiteko. Politikoak zalantzan. Ixterik nahi ez baina...

Gezurra ere barra-barra darabilte jarraipenaren aldeko handi-mandiek (Confebask esaterako), jendea behatza zupatzen dagoelakoan. Garoña itxiz gero, argindarra gutxitu eta garestitu egingo litzatekeela esanez. Nik neuk gauza bat jakingo nuke zehatz-mehatz: zenbat milioiko loteria emankorra mugitzen den batzuentzat energia iturri horretan. Dena den, ez da herria soilik Garoña ixtea oihukatzen ari dena. Erakunde nagusi batzuek ere gogotik saiatzen ari dira gurean eta oraingoan. Hala nola Arabako Biltzar Nagusiak, Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Eusko Legebiltzarra bera. Luzaro baino lehen jakingo da erabakia zein den. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!