Maiatzak 20, greba egun bezpera goizean ohiko taberna batean kafetxo bat hartuz greba dela eta ez dela ele-meleka aritu ginen talde bat. Bost bat lagun baino ez ginen bertan. Tabernariak berehala esan zuen itxita izango zela taberna hurrengo egunean, zeren bere ustetan ez baitzuen merezi goizeko lehen ordu batzutan ireki eta geroago ixteak, baina ez zegoen erabat grebaren alde. Bazuen iritzi bereko bat alboan. Langilea gaizki eta okerrera doan garaiotan ez zuten uste une egokia zenik eta ez zeuden batere ados grebara joaterekin.
Nik neuk kontra egitearren edo, zera esaten nien, greba bat egiteko inoiz ez zela momentu onik izaten jende askoren iritziz eta batez ere agintari eta enpresarien aldetik. Eta adibide bat jarri nien, artean egun asko ez zirela nola Patxi Lopez lehendakari berriak badaezpada ere ez zuela langile ordezkariekin bilera egin, enpresariekin baizik.
Beti ere, jakina, errazago baita goikoekin erabakiak hartu eta behekoek burua makurtzea. Eta begira ongi, sozialistak ditugula jada agintean, izatez langile munduaren ordezkari eta defendatzaile behar luketenak baina gaur egun sozialista izenez baizik ez direnak itxura guztien arabera.
Dena den, aurrez adierazita zegoenez greba egin zen egin eta nahikoa arrakastarekin, gainera. Goikoek, esan beharrik, oso partaidetza urria izan zuela baieztatu zuten, tripako min pixka batekin noski baina, eta erabateko porrota izan zela esan zuenik ere izan zen. Harat-honat egun horretan begiak zabalik ibili zenak, ordea, garbi ikusi zuen, nonahi ere enpresa, dendari, taberna eta kalean aspaldi honetan izan den partaidetzarik handiena izan zuela. Oroit herri askotan, goiz eta arratsalde gainera, zer nolako manifestazio jendetsuak burutu ziren eta hegoaldeko lau hirietan batik bat: Iruña, Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Deigarriena zera egin zait, jenderik gehiena bildu zuten manifestazioak Iruñakoa (8.000 lagun) eta Gasteizkoa (5.500) izan zirela.
Nik neuk, hurbilena bera izaki eta Donostiakoa jarraitu nuen. Hemen denetarik bazen eta gainerakoetan ere hala izan zela pentsatzen dut. Gazteria, jende heldua, eta haurrak ere bai tartean beren gurasoekin batera. Jende beroa, langile jendea izaki, nonbait, multzoaren oinarri. Atergabeko oihu beroak entzun ziren ibilaldi guztian zehar. Hauetarik gehienbat entzun zena zera izan zen: “Borroka da bide bakarra”! Besteren artean oihu bitxiak ere bai. Esaterako: ”Estamos de ladrones hasta los cojones”! Eta gogorragoak.
Kolore guztietako, talde bakoitzak berea, bandera klase guztiak eta ugari. Tarteka ikurrin bat edo beste ere bai. Ez naiz harritzen, izan ere greba horrek bi helburu nagusi baitzekartzan berekin: langileriaren errebindikazioak eta nortasuna batetik eta Euskal. Herriaren etorkizuna bestetik. Daturik erakargarriena oraingoan eta horrek mindu ditu goikoak, zera izan da, ELA eta LAB eta beste euskal eta abertzale sindikatu guztiek bat egin dutela, sindikatu espainolak eguzkiari bizkar emanez gertatu direlarik. Pauso bikaina eman dena oraingoan herritar multzo handi eskerga bat abian ipini dela edonork ikusteko moduan. Zertarako ibili beti gatazka politikoa dagoela hemen sakonean konpontzeke eta herriaren erabakitze eskubidea oihukatzen herri langileak abiatu den bide horretatik barna pauso seguruak ematen joaten bada?
Beste zerbait aipatuko dut azken lerroetan biziki deigarri gertatu zaidana eta ez niri bakarrik ustekabean harrapatu dituen beste batzuei ere bai (Rubalcaba, De la Vega, eta pepito jendea bereziki). Hauetariko batek esan duena hartu dut gogoan: ”Otegi y toda esa gente nos ha metido un gol y tenemos que remontarlo votando”.
Ez dakit zertan geratuko den ezker abertzalearen partaidetza orain Europako hauteskunde horietan baina hala eta guztiz, gauza bat daukat buruan, Europako astindua izan duela Konstituzionalak ororen buru gisa honetako erabaki bat hartzerakoan. Horregatik diot ez gaitzala etsipenak inola ere jan, zeren Espainiako demokraziaren ahuleziaren berri, ustelkeria ez esatearren, ongi baino hobekiago dakitelako han. Guk zer esanik ez.