Ez dakit batere hitz egokia den eta ongi erabilia dagoen ere. Badakit zentzu bat baino gehiago badituela izorratu hitzak, baina gerora ikusiko duzunez, ongi ohartuko zara zer esan nahi dudan hitz potolo honen bidez.
Aurrera baino lehen, krisia dela eta ez dela dirua ahitu egin omen da eta ez hemen eta Espainian edo Europan bakarrik, mundu guztian agidanez. Banketxe eta enpresa handiek dirutan blai orain arte eta orain goizetik gauera diru guztia kito. Ez da posible. Diruak zer egin du, orduan? galdegiten du edonork. Nora joan da edo non ezkutatu ote dira bat batean mundu guztiko diru metak? Ni ez nago eguzki printzek elurra urtzen duten bezala dirua urtu denik munduan. Han-hemenka, nire ustez, ganbara zoko galantak egongo dira gordailu gisa bazterretan!
Ondorioz jakina krisialdi baten baitan sartu gaituzte. Krisia? Ez omen zen hainbesterainokoa. Kosta zaie ederki Zapatero nahiz hemengo beste batzuei krisiaren errealitatea onartzen edo bederen herriaren aurrean aitortzen. Ekonomiaren atzerakada puntta bat baino ez omen zen eta gainera Espainia mailan asko nabarmentzen ez zena eta are gutxiago E. Herrian. Udazkenerako gainditua izango omen genuen. Ez dakit zein udazkenetarako, jakina. Gezurra franko sartu nahi izan digute eztarriko zulotik behera. Gora-behera horien guztien artean Zapateroren ateraldi batek sekulako grazia egin zidan duela zenbait denbora, zeren herritarrak animatzen baitzituen geroz gehiago kontsumitzera. Ulertzeko, nire adibide bat: auto berriak erosten ez badira (berdin jantzi, jateko edo etxebizitzak) beheraka doala horien salmenta eta berdin produkzioa. Horrenbeste bagenekien geuk ere eta katearen maila desberdinak direla produkzioa, salmenta eta kontsumoa. Esaiok belarri ertzera langabeziak atzaparretan harrapatu duen familiako aita bati, ea zer erantzun ematen duen.
Adituek diotenez, askoz sakonagoa eta hedadura handiagokoa da, zalantza handirik gabe, oraingo krisialdiaren sustraia eta ez jakin, gainera, beronen iraupena zenbat eta noraino luza daitekeen ere. Hori da makurrena. Kapitalismoak orain arte izan duen astinaldirik, erorketa ez esatearren, bortitzena den susmo sendoak baitaude. Eta jakina, zer egingo eta gobernuan diren agintarien aldetik arazoa konpontzeko biderik zuzenena diru publikoa (herriaren dirua) erabiliz enpresariei laguntzak luzatzea izan da. Alabaina harira datorkidan aipamen bat: milioika oparoen irabaziak izan dituztela zenbait banketxe eta multinazionalek, besteak beste, Santander Banketxeak, Telefonikak, BBVAk edo Iberdrolak iragan 2008ko urtean. Hau ere ikusi behar genuen!
Enpresariek beste laguntza klase batzuk ere badituzte. Egoera hau dela eta ez dela, langileak kalera bidaltzeko modu arin eta merkearen jabe egin dira enpresariak alde batetik eta proportzioan herritar edozeinek baino zerga fiskal arinagoak emanez salbatzen dira bestetik. Eta entzun gainera beste datu baten berri: enpresetan zuzendari eta exekutibo direnen soldatak %13,8ko igoera izan duten bitartean, langile soilaren soldata igoera %2,47/2,58 tarte horretan gelditu dela. Dena den, niretzat harrigarriena eta kaskoan sartzen ez zaidana zera da, Euskal Herriaren PIB edo euskaraz esanda, Barne-Produktu Gordina esaten dena Europa Batuan lehenengotarikoa izan eta langileen soldatak apalenetarikoak, adituen arabera, han baino %40 apalagoak, alegia.
Halatan bada, begi bistan dago beti bezala langile mundura jausi dela izorramendua oraingoan ere. Bizpahiru datu aditzera eman baizik ez dut egingo. Lehena, Hego Euskal Herrian (martxoko kontuak dira) 159.401eko kopurua osatzen dutela langabetuek eta 40 mila gehiago Nafarroa kontatuz gero. Bigarrena, urtebete bakarrean 53.287 igo edo gehitu dela hauen kopurua. Izugarria nahiz eta proportzioz Espainian baino zerbait arinagoa den, izan ere ia 4 milioira heltzen baita hor langabezian daudenen kopurua. Hirugarrena, bikoitza dela denboraldi bateko izaten diren langileen kopurua Europakoen aldean. Ororen buru, diotenez, E. Herriko langabeziaren tasa Europa Batuan den hirugarren altuena da.
Atera kontuak krisiaren erasoak zein gogor ekin dion langile mundua zigortzeari. Hasiera besterik ez omen, gainera, hau. Bestetik, ezin uka langile mundua dela hein handi batean Euskal Herriaren osagai nagusia. Horregatik, ez naiz batere harritzen datorren ostegunean zortziko greba orokorrera euskal sindikatu guztiek luzatu duten deialdiarekin eta hainbat talde desberdinek eta herritar soilek erakutsi duten beren adostasunarekin. Izango al zaigu baliagarri bide berriren baten bila abiatzeko.