Iragan Pazko Eguna dut gogoan. Ez bakarrik kristauok Jesusen piztuerako eguna dugulako, euskaldunok aspaldiko urtetan Aberri Eguna ospatzen dugulako ere bai. Lehenik eta behin gauza bitxi bat esateko, euskaldun gehienok abertzale izatea oso ezkutuan daramagula, ene ustetan. Eta zergatik diodan hori? Aberri Eguna izaki eta Urnietako balkoietan, Hernanin gehiago, konta ahala ikurrina agertu zirela. Basagoiti eta jende horrek agintea hartzean lozorrotik esnatuko al gara bestela horiek darabilten aixia eta lainezarekin izango dugu eskuak bete lan. Eta apustu bat egingo nuke, datorren urtean baietz ezaugarri gure-gurea dugun ikurrina askoz balkoi gehiagotan ikusi?
Alabaina, ospakizun maitagarri hau ekintza eta leku ezberdinetan burutu dugu abertzaleok. Aspaldidanik ari zen jo eta su Nazio Eztabaidagunea deitzen den elkartea Aberri Egun bateratu baten aldeko kanpaina sutsua egiten (ez da lehenengoa) eta bere deiak oihartzun handia izan ez duenik ezin esan Irun-Hendaia bitarte horretan. Geroz handiagoa agidanez.
PNVk bere airera jokatu du eta Bilboko Plaza Barrian ospatu egun hau. Autodeterminazioa aldarrikatzera baino ez da iritsi aurten. Bestetik, bera dela Euskadiko lider naturala eta maila horretako mezu klaseak luzatu ditu. Uste gabeko muturrekoa hartu, hauteskunde ondotik, eta aski erreta azaltzen zaigu. Ez naiz batere harritzen. EA, aldiz, ezker eskuin jokatzen ibili da: ordezkariak bidali ditu, bai, Irungo zubira, baina bestalde, Gernikan gauzatu du bere ekitaldi propioa.
Gainerakoan, Bidasoa aldera jo zuten indar gehienek: hala nola ANV, Aralar, NaBai, Abertzaleen Batasuna eta LAB, HIRU eta EHNE sindikatuak, Udalbitzakoak, HBkoak, Askapena, Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, etab. Dena den, Gazte Martxa deitu taldeko gazte independistek ez zuten sinpatia gutxi berenganatu egun horretan. Izan ere ostiralean Amaiur herritik irten eta mendiz mendi (euria, elurra...) bidea egin eta Donibane Garazira hirugarren egunean heldu ondoan, hor agertu ziren motxilak bizkarrean eta botak nahiz mendiko jantzia soinean zutela. Benetan txalotzekoa ere bada hauen ahalegina. Etorkizuna gurea dela esateko moduan txalotzekoa, noski.
Oro har jende masa ikaragarria bildu zen Fikoba aurreko plaza handian eta errepidearen albo bietan ia ordubete aurretik, nahiz eta manifestaldiak uste baino beranduago hasiera izan zuen. Atzerapen arazoa auto eta autobusek sortu zirkulazio nahasmena izan omen zen. Hastapen buruan ikurrin zabal handi bat dantzari talde batek zeraman errepide bazterretako jendea txaloka eta irrintzika ipini zuelarik. Pankarta bat atzetik, “Aldaketa garaia, burujabetza garaia. Nazio bat gara zazpiak bat”, zioena. Ondoren gorago aipatu alderdi edo talde desberdinetako hainbat ordezkari eta abertzale jende masa gero, halako masa non aurretik zihoazenek atzetik zetozenak ezin bistatu baitzituzten. Begi bistan, hori bai, ibiltarien eskuetan ikurrina, Nafarroako bandera eta arrano beltza banderak airean dantzan, sekula ikusi ez bezalako kopuruan.
Santiago zubiaren gainean izan zen une hunkigarrietarik bat, txalo eta oihuen artean, Oteiza eskultorearen monolitoaren parean. Jende multzo izugarria zegoen baita Bidasoaren handik aldean. Zubiaren alde bateko eta bestekoek elkar topo egitean Ikurrin Dantza oparitu ziguten ongi etorri bezala hango dantza talde baten bitartez. Manifestaldiaren lehen zatiak Hendaiaren erdi aldera jo zuen, zeren bertako frontoian antolatzekotan baitziren une hartatik hasita eguneko ekitaldi guztiak (hitzaldi, dantzari, bertsolari, herri bazkaria eta festa). Jendearen laurdenak edo gutxiagok ere han sarbiderik ez zuen izan, jendearen emanagatik posible ez zelako eta gehienentzat hantxe amaitu zen aurtengo Aberri Eguneko ospakizun gogoangarria. Aupa! eta ea heldu den urtean are oparoagoa egiten dugun egun hau.
Maite Aristegi andereak ZAZPIKA astekarian eta muga ankerra izan zaigun zubi hori gogoan esandako hitzak datozkit harira: “Inurrien antzera, hainbat eremutako pertsonak egiten ari diren zubi-lana inoiz baino biziago dago. Etengabeko lan nekaezin horrek eraikiko du zazpi begiko benetako zubi berria”.