Heldu da Korrika bere 16. ibilaldian Euskal Herriko zazpi lurraldeak harat-honat esan ohi den bezala zeharkatuz eta milaka eta milaka euskaldunon zangoak astinduz. Eta zertarako? Euskaldun guztiok begiak argitu eta beharrezko pausoak eman ditzagun Europako hizkuntzarik zaharrena eta gure-gurea den hizkuntzaren alde jokatzeko, nahiz eta, esan behar da hau ere, batzuek ezinikusirik handiena dioten. Espainola eta kito diote! Besteren beharrik. To, halaxe uste diat!
Aspaldi honetan etxetik kanpo egun-pasak egiten ohituak gaudenez, goazen Tuterara, beste bat gehiago, esan geure buruari eta egin. Hala-hala Alfarotik aurreraxeago bazkaldu eta han ginen arratsaldeko hirurak eta erdietarako, Ebro bazterreko hiri maitagarrian. Ordurako jende multzo bat biltzen hasita zegoen plaza nagusiaren ondoko ibilbide zabalean. Ezagunak ere bai. Donostiar, tafallar, goierriar... Kafetxo bat hartu, 5:30tan irten behar zuen Korrikak eta denbora probestuz, hiriko puntu batzuk bisitatzera jo genuen. Katedrala lehenik. Zoragarria! Lau urte berritzen pasatu omen dituzte. Merezi zuela esango nuke. Portalea, egitura, erretaulak, klaustroa, eta museoa, Ordu erdi batean guztia. Berriz joatekotan gelditu ginen. Hain ederra den plaza nagusia ikusi gabe ere ezin bada gelditu eta han ere itzuli bat eman genuen. Enparantza da hau plaza baino areago, arkupeduna baita, gaineko leiho tarteek Nafarroako herri handienen koloredun armarriak erakusten dituztelarik.
Jende multzo ederra bildu zen bertan: haurrak, gazteak, guraso eta helduak, eta adinekorik ez zen falta izan. Ikusteko jaialdia gozatu genuen. Hango kantu, bertso, hitzaldi, dantzari eta festa giroa! “Ttipi. Ttapa, Ttipi Ttapa... Korrika” mundu guztiak oihukatuz eta txalo beroak eskainiz bere garaian irten zen Kaskante deitu hurrengo herrirantz eta gu ere bai hunkipenez bete gintuen jaialdia buru-bihotzetan genuela etxerako bidean zehar.
Euskararen aldeko Korrika badator, baina kontrako beste bat ere badatorrela iruditzen zait eta ziztu bizian gainera. Esan beharrik zertaz ari naizen. Pauso faltsuak eta tranpa zikinez beterik dator, hori bai, ez dago horretan zalantza handirik. Tranparik zikinena prestakuntzako zenbait hilabete aurretik burutu dute Patxi Lopez eta konpainiak. Hain nabarmen zikina izan da, non D3M taldea, Askatasuna berdin, politika egin nahi beste deliturik gabe, legez kanpo utzi eta goizetik gauera kartzelara. Orain, lehendakaritza eskumenean duenean, helburu nagusia lortu duenean esan nahi baita, zortzikotea behintzat etxera, baina diru kopurua handi baten truke, jakina. Gure atxilotuez baliaturik estatu espainolak zenbateko diru pila biltzen duen ere jakitekoa litzateke
Ziztu batean esan dut, presaka eta muturka dabiltzala, alegia. Lehenik, sozialistek eta pepito jendeak besarkada ustel bat eman diote elkarri. Ikusteko guztiak ikusi! Tartean espainol armada Kosovotik ez bat eta ez bi erauzteko modua egin dute. Nola, bada, Kosovoren independentzia inola ere onartzen ez duen Espainiak hura defendatzen bere soldaduak eduki? Kontraesana ere bazen Kataluniari edo Euskal Herriari ukatzen dion errealitate bat Espainiak han defendatzea, ezta?
Presaka eta korrika Patxi lehendakari izateko bidean jarri dute, eta lehendakari ordea, parlamentuko burua (orain jaurlaritza ezin esango dugu) eta jakin nahi nuke eskuartean zenbait kargudunen izendapenak darabiltzaten jokoan. Orain, bai, inoiz ez bezalako emaitzarik hoberenak datozkigu. Frontismoa bukatuko da, askatasuna izango dugu eta herria gobernatzeko modu benetan egokia dena ezagutuko omen. Zer gehiago espero genezake?
Baina, baina... presoen familiei eman beharreko diru-laguntza apurren ukoa iragarri dute, gure presoek geroz dispertsio handiagoa eta kondena luzeagoak jasango dituztelarik; EITBko kazetariak entresakaren mehatxupean beldurrak airean ipini dituzte, Ikastolek euskara soilik, ezta pentsatu ere; HABE izeneko euskaltegiak ongi aztertzekotan daude, Osakidetzako zenbat arduradun berdin, etab. etab. Garzon, aldiz, harro baino harroago oraindik, egin dituenak eginda gero ere.
Eta esan gabe doa, azkenik,, biluzik eta aho bete logurarekin PNV utzi dutela. Zenbaiten iritziz merezi ere bai omen, zeren hogeita hamar urtetan gobernatu baizik ez duela egin diote Madrilen morroi izanik eta sakelak ongi berotzeko modua eginez, langileria nahiz herriaren askatasuna benetan sustatu ordez. Jarraituko zehazkiago hurrengo batean.