Ez dakit zutabe hau argitara aurretik azken erabakia hartua izango duten baina susmo guztiak daude Ibarretxe etxera eta Patxi bilakatuko zaigula euskal erkidego honetan jaun eta jabe. Txori edo hegaztien artean arra dela kantaria badakigu. Ez dakiguna, nik neuk behintzat, kantu eta kanta ibili arren, arrak konkistatzen duen emea ala alderantziz izaten den, emeak arra.
Gure gizartera konparaketa hau aldatuz, gogobete eta hegalda bizian datorkigula ikusten dugu zozo ar kantari gisa Patxi Lopez jauna. Esan gabe doa, grina handia erakutsi duela hauteskunde aurreko kantaldian, berak eta bere kideko Espainia aldeko jaun boteretsuek. Horretarako, ongi jakin dute, demokraziaren izenean, noski, bidean oztopo zitzaizkien guztiak bazterreratzen, gutxiengoei hamar urteko kartzela bizkarreratuz. Bartzelonako onkologikoan hala galdegin didate egun hauetako batean, konfiantza pixka bat ere bai eta, ea ni ere etarra naizen. Eta nire erantzuna: “Nork daki zuek baino hobeto hala naizen edo ez? Ia biluzik jartzen nauzue, eta ikusten duzue ongi asko neurekin ekartzen ditudan arma klase guztiak”
Pasadizo hau berriketa bateko kontua izan da baina ez da batere berriketa izan Espainiako gobernuak ezker abertzalearekin (armaz josita nonbait hauek ere!) egin duen jukutria iparraldekoek esan ohi duten bezala, horretarako zigorra dantzatu eta beharrezko zaizkien trikimailu guztiak erabiliz. Zenbat aldiz ez diogu entzun hauteskunde kanpainan zehar zozo ar kantariari PP-rekin elkartu? Ez da pentsatu ere! Horregatik gutxiegi iruditzen zait gezurti faltsua deitzea. Ikusi besterik Espainia mailan PP/PSOE nola dabiltzan ostikoka eta elkar jan beharrean han lapurretak, hor salaketak eta inon direnak egiten eta batak besteari aurpegiratzen eta epaitegiak astintzen. Bai, oraingoan astindu ederra eman diote Garzon harroputz mafiosoari ere, zeren azken urteotan zehar erabili dituen azpijoko eta amarru guztiez aparte, sakela gehitxo berotzen harrapatu baitute. Kargutik baztertu egingo ote duten eta horrelako kontuak dabiltza hortik zehar. Ni neuk eta euskaldun askok ez dugu pena handirik hartuko, horra.
Esan nahi dudana, ordea, zera da, aipaturiko kantariok han elkar jan beharrean dabiltzala eta hona, elkarri esku emanik, Euskal Herria salbatzera datozela, edo beren hitzetan esanik E. Herri konstituzionala (espainol purua) izan dadin egitera. Beren ustetan Nafarroarekikoa eginik daukatenez, orain Euskadiren txanda dute, nonbait. Hori ikusteko dago oraindik eta kostako zaiela esango nuke, gu geu nor bagara behintzat.
Ikusteko ez dagoena, Patxik nahi duena lortzen badu esan nahi dut, beste errealitate bat da: “to eta har ezak hori” esanez bezala, PNV zokoratzea. Baina nola arraio izan liteke hori, ordea? Nork pentsa zezakeen kalkulu oro, tratu klase eta konponketa guztiak eginik eta egiten ohitua dagoen alderdia kanporatzea? Eta boto kopuruaren arabera, nagusi izanik, gainera. Orain komeriak! Orain kexuka eta intzirika, ezker abertzalea legez kanpo uztea eta kartzelara botatzea espainol politiko eta epaileen jokoa izan dela oihukatuz. Eta non egon da orain arte?
Tristea da baina joko horretan berean eta hein batean PNV bera izan dela partaide aitortu beharra. Hainbat urtetan zehar, gainera. Ez noa sokari gehiago tiratzera, begiak zabalik dituenak ongi daki-eta gure herri honetako gertakari edo errealitatearen berri. Ezkutukoak ateratzeko daude oraino eta ikusteko, beraz, horiek ere.
Badakit, eta hau nire iritzia da, egun ilun eta zailak pasatu beharrean gaudela ondoko legealdi honetan, baina inoiz ahaztu behar ez duguna, ohar udaberrian gaudela eta naturaren baitan bezalaxe (baratze, soro, belardi, zuhaitz...) lanari eskuak bete-betean ekin behar diogula, lotsaren edo beldurraren menpe geratu gabe. Arlo desberdinak daude gure herrigintzan, bakoitzak berea hauta dezan, hautua lehendanik egina ez badu, baina aurrera gu ere eskuak elkarturik politiko jendeari kasu gehiegirik egin gabe.
Eta harira istorio bat bururatzen zait. Politikoei sobera kasurik ez egiteko esan duena. Jokabide hori izan dute hain zuzen, Brusela hirian hilabete honen lehen larunbatean bildu eta manifestaldi jendetsua (10.000 pertsona) burutu duten kataluniarrek, nahiz eta politiko bakar batzuk beren kontura joanik bertan izan diren. Kataluniaren autodeterminazioa Europa erdian aldarrikatzeko antolaturiko manifestaldia izan da, agidanez.