Gu hemen, Bartzelonan, emisora katalanek zer dioten sobera enteratzen ez garenez, albisteen berri jakiteko, zoritxarrez, SER edo KOPE irratietara jo behar izaten dugu. Porrusalda diot eta ez nolanahikoa gainera Espainia aldean eguna joan eta eguna etorri maneatu eta jaten ibili dabiltzana. Horko lapurretak nahiz salaketak (pepito jendea) eta jauntxokeriak (Bermejo eta Garzon). Zakur amorratuak baino haserre, itxurakeria hutsa ez bada behintzat, erra eta zaunka handiagoekin ageri dira nola batzuk hala besteak. Dabiltzala hortxe esaten dut nik. Ederki asko konpontzen dituk elkarrekin euskaldunok hankapean erabiltzeko.
Batzuen lapurretak alde batera utzita ere, jokabide nabarmena izan da zinez ministroak eta epaile nagusiak orein-txuletak jateko erakutsi duten gosea. Garai bateko handikiak bezala, errege, konde, duke edo baliran, “hona gu hemen” esanez, ikusi besterik nola aurkeztu diren inolako baimenik gabe eta sosik ordaintzeke Andaluziako ehiza esparru horretan. Zer gertatuko, hala ere, eta bata ondoezik ospitalera eta kargutik at goizetik gauera bestea.
Porrusalda diot? Etxean ere inora joan gabe. Zalantza, haizea, hitz leunak, promesa gozoak eta urduritasuna franko ere bai ageri da E. Herriko zeru aldetik hemen. Zutabe hau argitara baino lehen ikusi ahal izango dira horien guztien emaitzak eta kezka guztiak ezkutaturik hala berean, den-denak eta bakoitza uste baino hobeto atera dela adieraziz.
Lehengo batean lagun batekin telefonoz ari ginela, hala zioen: “Pena emango lirateke Patxi Lopez lehendakari bilakatzeak baina poz pixka bat hartuko nuke Ibarretxek galduko balu ere.” Barre algara bat atera zitzaidan kontraesan honen berri entzutearekin batera. Beste batek, aldiz, senar emazteen arteko solasa zen hau. Ibarretxek galtzerik ez zuela inola ere nahi senarrak. Emaztea, berriz, Patxi lau urteko legealdi batean onartzeko prest. Froga modura, noski, esan nahi zuen. Ezer askorik ez dezakeela honek ongi ikus dezagun, alegia, eta euskaldunok are gehiago mugi gaitezen ikusteko nahi zuela aldaketa klase hau.
Oro har antzerkigile onak direla ikusi dugu gure hautagaiak, demokrazia ez den demokrazia eszenatoki desberdinetan egokitzen jakin dutenez. Negargarria benetan! Lehengoez gain alderdi bi, Askatasuna eta D3M kanpora bota eta lasa-lasai gure jende hau. Gainera hautagai zenbait Amparo Lasheras eta zortzikotea urteetako kondenarekin barrura eraman eta segi! Ezer gertatu ez balitz bezala antzerkia egiten, tartean despistatzeko etxebizitzen arazoa, langabezia... herritarren bihotzak ukitzeko eta botoak biltzeko ahaleginetan, baina guztiz isil eta mutu demokraziaren oinarri diren arazo nagusi batzuen aurrean: ilegalizazioak, ideien kondena, atxiloketa nahiz kartzelaratzeak, marko aldaketa edo herriari hitza hainbat aldiz aipatzen dena. Isil eta mutu diot denak, salbu Ibarretxek hitz erdi bat. Demokrazia honi nire irudimenean, mendi larrean hil den eta usteltzera doan ardi zahar baten trazak hartzen dizkiot, sarraskiaren usainera putreak sailean ingurumari horretara datozenean bezalaxe.
Bestetik, ordea, esan dezagun ezker abertzalearen mugida eta egunotako militantzia ere ez dela gutxi-gutxi aintzat hartzekoa. Traba guztien gainetik (txapel okerrak, zipaioak...) non eta zenbat ekitaldi burutu dituzten; propaganda eta papeletak zabaltzeko erabili behar izan dituzten, Internet barne, trikimailu guztiak. Historiara pasatuko den itxura guztiak hartzen dizkiot “urrezko boto-papera” delako horri. Norbaitek hala zioen ezkur ale bat bezala dela berau. Negu iluna jasaten ari dela ezker abertzalea une honetan eta boto hori lur onean kokatuz gero, udaberrian landarea eta harizti eder bat geroago ezagutzeko bidean jartzen garela.
Eta aurrera jarraituz, ziur zegoen ezker abertzaleak galtzekorik ezer ez duela esateko, biluzik utzia baitaukate, eta irabaztekoa baizik. Kasu honetan ere nork erakutsi du beldurrik gutxiena eta sasoirik hoberena? Europan ongi ikusten hasita daude Espainiako ustelkeria (epaile eta politikoen jokabidea, batere arrazoirik gabeko atxiloketak, torturak, dispertsioa...).
Azkenik esan, benetan pozgarri bi datu gertatu zaizkidala egunotan. Atzerrian ere zabalpen handia hartzen ari duela E. Herriaren arazoak ikustean, lehen Irlanda eta orain Palestinaren antzera edo. Oroit otsailak 21ean Milano hiriko kaleetan (Italia) mila laguneko manifestaldia burutu zela euskal arazoa errebindikatzeko, euskaldunoz aparte eta ikurrinak, italiar, kurdu eta palestinar multzo bat bertan zelarik. Eta halaber asteartean (09-02-24) gure 40 kazetariren manifestua A. Lasheras eta zortzikotea aska ditzaten eskatuz.