Amalurra

Oraino denbora asko ez dela  HERRIA iparraldeko (Baiona) astekarian gauza bitxi bat irakurri nuen eta hark eman dit gaurkoan mataza askatzen ahalegintzeko hari punta. Zera zioen hitz bitan esanda: Lur hau laster ez dela aski izango, martxa honetan ugaltzen eta urratzen bagoaz, beronen gainean bizi garen jendea behar den moduan bizi ahal izateko, eta beraz, Lur berri baten bila abiatu beharrean gaudela. Ezin uka lehenbizian irribarre apur bat heldu ez zitzaidanik ezpainetara, baina gauza ez zihoan txantxetan, irakurri ahala, gero ikusi nuenez.

Lur berri baten bila, baina nora? Bai ote gizakia bizitzeko baldintzak dituen beste mundurik hor goian izarren artean? Eta baldin bada ere nola joan hara? Milioika argi-urteren distantziara dauden mundu horietara? Aterabide bakarra seinalatzen zuen. Lur hau sano mantentzea eta biziki ongi zaintzea gure ondorengoak hemen berean bizi daitezen.

Aspalditxotik entzunik daukagu. Eta galdegiten dut behin eta berriz entzunik ere jabetzen ote garen lur hau berotzen ari dela eta klima aldaketa batek bere azpian hartzen ari gaituela? Adituek argi eta garbi esaten ari dira iragan urte multzo honetan Iparburuko eta Hegoburuko (Patagonia) glaziar edo izotz-horma tzarrak puskaka urtzeko bidean doazela eta neurri zehatzak hartu beharrean gaudela bizi garen mundu edo planeta hau hondamendira eramatea nahi ez badugu, munduaren ozono-geruza eskuak betean gastatzen ari garelako.

Ozen esan behar da zentzu honetako aldaketak, klima aldaketak, beti izan direla milaka edo milioika urteren burura. Behin baino gehiagotan esan zaigu dinosauroak deitu animalia tankar haiek klima aldaketaren ondorioz hil edo desagertu zirela gure planetaren gainetik. Nik neuk ere badut adibide zehatz bat arazo honi buruz. Duela urte multzo bat Saharako basamortua goitik eta beheraino zeharkatu genuelarik, gauza harrigarri asko atzeman genuen lurralde zabal hartan, baina harira datorkigunez honako hau aipatuko dut. Hango are, hondar eta harri gainean zuhaitz tantaiak, luze-luze etzanda, ikusi  genituela fosilizaturik. Bai, fosilizatu edo harri bihurturik. Haietako baten pusketa, lagin  modura edo, etxean gordetzen dut oraino.

Bistan dago, beraz, lehen ere klima aldaketak izan direla eta ez nolanahikoak baina  diferentzia handi batekin, haiek naturalak zirela. Gizakiak eragina, ordea, oraingoa eta ez milaka edo milioika urteren poderioz, baizik eta urte gutxitan, diotenez, martxa honetan bere ondorio guztiekin burutu daitekeena.

Munduan zehar nonahi ere agintariak kezkaturik dabiltza arazo honen aurrean. Duela gutxi Europa Batuko agintari arduradunek biltzarra ospatu dute klima aldaketa dela eta ez dela, neurri beharrezkoenak hartzeko asmotan. Arazoa, agidanez, handiki larria da, Estatu Batuek eta Txinak, berauek zikinenak izan arren, entzungor eginez badabiltza ere.

Gas zikina, inoiz bada eta, ausarki jariatzen omen dugu zeru aldera eta atmosfera gogotik ari da kutsatzen eta berotzen. Egungo gizakiok berogailuari denak emanda gabiltzala diote zientzialariek. Eta ondorioak? Latzak dirudienez. Atmosfera berotzearen adibide bat, gorago aipatu bezala glaziar izotzen urketaren bidetik doana, Kilimanjaro, mendeetan zehar, negu eta uda, kaskoa zuri eduki duen mendi tantaiak, galdu omen du bere txapela zuria.

Benetan adierazgarria ez bada gero!

Ondorio gehiagorik aletzen hasita, bakar batzuk emango ditut aditzera. Eguraldi aldaketa bihurria: lehorteak, ekaitzak, uholdeak...; osasun arazo handiak: alergiak, asma, kantzerra, depresioak...;  uzta eskasia: barazki, fruta, kafea, lore landareak, zuhaitz edo basoen ezkutatzea, haltza edo gaztaina gure artetik aspalditxo ezkutatu ziren modura edo. Azken batean kutsadura nardagarri honetan laborantza mundua izango dela diote kaltetuena. Eta jatekoa faltatzen bazaigu, ez dakit harri koskorrak jan behar izango ditugun edo. Egoera hau azkar kontrolatzen ez bada, denbora baino lehen mundu hau utzi beharrean gertatuko garela esaten dute barra-barra. Azken juizioa gainean ote dugun pentsatzekoa ere bada. Ez da horrenbesterako izango. Baina ez nago dena gezurra denik ere.

Energia nuklearra omen kaltegilerik handiena (oroit Garoña gure kasuan)  eta zenbait fabrika berezi beren tximinietatik gasa edo kimika zikina bota eta atmosfera gehienik kutsatzen ari direnak. Beti oroitzen naiz Epele auzoko (Hernani) aitona batek duela urte batzuk esan zidana. “Hara, (behatzarekin seinalatuz bertako kimika fabrika) familiarentzat ogia hortik bildu genuen etxera, baina osasuna ere hor utzi genuen”. Asma gaixotasunak harturik eztulka bizian agertu zitzaidan gure aiton hau. Amiantoa omen beste gas zikin horietarik nagusienetakoa eta planeta berotu ezik, kantzerra dakarkiguna. Oraino asko ez dela prentsaurreko bat eman du amiantoaren biktima elkarte berezi honek Administrazioari deialdia luzatuz eta beren kalkuluen arabera 8.000-10.000 langile hilko direla, amiantoa dela kausa, datozen urte andana batean.

Bestalde, aspaldian bada hainbat protesta bazterretan  protestak? Hemen berean ere, euskal lurrean, ez dira gutxi eta aski ezagunak zaizkigunak, gainera. Adibidez zaborra erraustearen aurka (Zubieta); zentral termikoak (Lezo), Boroa (Bizkaia), Lantaron (Araba), Castejon (Nafarroa), Koke (Muskiz), etab. Abioien eta autoen narda, aldiz, ez da ahaztutzat ematekoa. Guri dagokigunez, etxean sortzen dugun zaborra, bakoitzak berea (kristala, papera, plastikoa, organikoa) ardurarik handienaz murrizten eta begiratzen eta behar den lekuan uzten jakingo dugulakoan amaitzen dut gaurkoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!