Denon gogoan izango da, noski, abenduaren lehen asteko gertaera hunkigarria, Uria jaunaren hilketa, alde batetik eta Durangoko Azoka ospetsua bestetik, bere 43. urteurrenean. Esan beharrik ez dut nola bata hala bestea bai prentsak eta bai telebistak bere garaian handiki jorratu zituztenez, gaurko idazlan hau ez doala bide horretatik.
Hala ere, bederen euskal liburu azokarekin badu ikustekorik, Abiadura Handiko Trenak esan nahi dut, zeren eta mila pertsonaz goitiko manifestaldia burutu baitzen bertan, igandez, abenduaren 7an, AHT Gelditu! Plataformak antolaturik. Izan zen tirabirarik ere. Lehenik, ibilaldia abian ipini baino lehen, ETAren ekintzaren kondena eskatu zuten batzuek, baina gauzak bero-beroan ez direla egin behar eta gerorako utzi zuten hau. Ororen gainetik han azpimarratu zena zera izan zen, inolako duda-mudarik gabe herritarren mobilizazioaren eta desobedientzia zibilaren erronka edo apustua zela tresnarik egokiena proiektu bidegabe honi aurka egiteko. Manifestaldiaren amaieran ez zen predikurik izan Santa Maria parrokiaren atarian baina oihu berorik bai; hauetarik, honako hau nabarmenena: “Ez, ez, ez, AHT-rik ez!”.
Hurrengo egunean berean, bi gazte ausart agertu zitzaizkigun Durango erdi-erdian, bertatik pasa zitezkeen tren eta autoei bidea eragotziz, eta AHTren aurka protesta egiteko asmotan. Trenbidearen barne, hormigoizko bidoitzar bati katez loturik, errail baten gainean jarrita bata eta bestearen gainean bestea. Hala-hala, hauen ingurura hurbildu zen jendea bortxaz sakabanatzeko modua egin zuten ertzainek eta bi gazteak atxiloturik eraman, arratsalde berean aske utzi bazituzten ere.
Aurrez, azaroaren 8an, larunbatez, Nafarroako AHT Gelditu! Elkarlana taldeak antolaturik, abiadura handiko trenari buruzko II. Jardunaldiak gauzatu ziren Iruñean. Azterketa sakonagoa izan zen hemengoa. Lehen puntu bezala, abiadura handiko trenaren (Sevilla/Madril eta Madril/Bartzelona) esperientziaren berri eman zen, berauen errentagarritasuna gogotik puztu dutela salatuz.
Garraiobideen behar gorria dugun iritzia saldu nahi digutela goikoek bestetik, baina ez dela egia. Euskal Y grekoa ere jorratu zuten aldi berean. Europa eta hiri nagusiekiko lotura eta gure errepideetako trafikoa arintzea ezinbestekoa dela badiote ere, eta beste zenbait arrazoi, kontraesan multzo bat ageri dela jokabide horretan guztian zioten. Funtsean, berebiziko garrantzia eman zitzaion azken puntua aipatuko dut. Argi baino argiago adierazi zen han, trenbide berri hau dela eta ez dela, munta izugarria den diru-xahuketa egitea suposatzen duela honek, eta zerbitzu sozial edo gastu publikoei mozketa gaitzak egitea dakarrela ondorioz. Beti ere goikoak goikoen zerbitzutan, seguru aski. Nire eranskina da azken esaldi hau.
Eta abiadura handiko trenaren abantailak? Mirarizkoak izan behar dutela diot nik. Ziztu batean sartuko omen gara Parisen nahiz Madrilen tren mota honekin. Gaur egun, Madrilera behintzat bost ordutan joateko aukera omen. Parisera halatsu. Diotenez, Iruñetik Madrilera aski dira hiru jadanik. Zertan gabiltza orduan? Zer trikimailu mota daude tarte horretan guztian? Hauxe da arazo honen aurrean neure buruari behin eta berriro galdegiten diodana.
Adi dagoen edonork entzungo zuen, esaterako, trenbide berri honek 15 m. baino ez dituela okupatzen zabaleraz. Ez dakit non. Tunel barruan, agian. Eta gainera, 800 mila kamioi garraiatuko dituela hamar urtetan zehar, gure errepideetako trafikoa biziki arinduz. Aho beroak ez badira gero! Ilargiaren adarretan bizi garela pentsatzen ez dira bada egongo edo?
Hara, Paris aldean ibili beharra tokatu zaigu azkenaldian eta Montparnasseko geltokiari neurriak ongi hartzeko modua izan dugu hala berean, baina han gure begiek ez dute ikusi kamioirik edo munta handiko paketerik kargatzen, eskuko poltsak eta gurpildun maleta horietakoak ezik. Eta trenak, hori bai, atergabe eta minutu oro sartu-irtenean, bere 27 kai edo andenetatik Frantzian barna edo Europa aldera hedatzen direlarik. Handik hona, egunez bazatoz behintzat, Poitiers hirira bitarte jakina, ederki jabetuko zara 15 metroko zabalera ezik berrogeita hamar gutxienez edo gehiago hartzen dituela hainbat puntutan.
Dena den, nik neuk eztarriko zulotik sartu nahi dizkiguten bonboi gozoki borobil guztiak aparte utzirik ere eta dena ikuspegi negatiboa ez dela nirea erakutsi nahirik, zera esango nuke, oro har E. Herriarentzat den-dena atzerapena eta kaltea izango denik ez dudala uste. Baina, hala ere, zalantzak pilatuago azaltzen dira nire buruan. Adibidez Madrilera hiruzpalau ordutan sartuko omen, baina Zumarragako batek Madrilera joan nahi badu Donostiara etorri edo Altsasura joan beharko du trena hartzera, ala...?. Orduan lehengo bideak hobetzea ez ote zen jatorrago?
Lurraldea eta ingurumena handiki izorratuko dituela ere ohartzen naiz, ezetz dioten arren. Europan gaudenez, europar egitura hau estrategikoa izango dela? Baliteke. Baina garbi daukat E. Herriari isolamendu handi bat ekarriko diola aldi berean. Eta amaitzeko, abiadura handiko trenaren arazoan, eta gisa horretako arazo nagusi guztietan, nik neuk ikusten dudan gauzarik negatiboena nahiz makurrena agintari hauen inposaketa lotsagabea da, herria hutsaren hurrengotzat eman, ezertarako aintzat hartu ez eta kontsulta koxkor bat bera ere gabe jokatzen baitute.
Esan gabe doa, azkenik, hitz arranditsuak eta gezurra ezik, egurra ere ongi maneiatzen dutela agintariok, joan den larunbatean Urbinako herrian garbi erakutsi zuten bezala. Bizkarrekoak edonori, zortzi atxilotu eta hainbat zauritu ospitalera bidean. Bai al dago horretarako eskubiderik? Denak berdinak, bai agintariak eta bai hauen menpeko zipaio delakoak! Eta erru guztia oso-osorik hauen gain (agintari eta menpeko) botatzen dut, kezka apurrik gabe bota ere.
Adibide bat argigarri. Duela gutxi Bilbon, Etxerat taldeak antolaturik mundu guztiak daki zer nolako manifestaldi jendetsua burutu zen: bi ordukoa iraupenez eta 40 mila pertsona inguru bildu zituena. Bai ote dakizu, oihu batzuk gora-behera, bakerik onenean joan zela guztia? Hori bai, bi udaltzainen laguntza aurretik eta beste birena atzetik. Eta beraz, inolako mutur beltzen beharrik ez genuen izan, horra.