Nire lagun batek futboleko gure jokalarien jarrera ikusita, hala zioen: horixe “ezerez ta festa”, esan ohi den bezala, jarri dutena! Ez zegoen batere futbolarien jokabidea onartzeko. Errespetu osoa merezi duela diot honek eta honek bezala pentsatuko duten beste hainbatek. Bistan dago iritzi askotako jendea gaudela euskaldunon artean eta beste gabe, itsu-itsu eta inolako eztabaidarik gabe gauzak onartzeko ez gaudela esan nahi baitu. Horregatik, ni neu poztu egiten naiz. Arazo larriagoetan ere zentzu kritiko hau bagenu, ez genuke zertan goikoen erabakien baitan beti ibili beharrik izango.
Neuk garbi daukat eta aho betean esango dut “Euskal Herriko selekzioa” izan behar duela, futbolekoa izan, pilotakoa izan edo saski baloikoa, baina E. Herrikoa eta ez bestela, non eta Iparraldeko edo Nafarroako jokalariek selekzio horietan partaide izateko eskubiderik ez dutela pentsatzen ez dugun.
Gainera gauza batek harritzen nau, iaz Euskal Herriko selekzioa izan zuela jada deituratzat urteko partida honek eta aurten ez dakidala zergatik goiko gure jaun ahaltsuok Euskadi izena berreskuratu nahi duten. Kaska gogorkeria puska bat izango dela irizten diot edota interes politikoak daude tartean? Denetarik seguru aski.
Hala-hala, nire iritzia zertan oinarritzen denaren arrazoi batzuk emango ditut. Lehenengo eta behin, Euskal Herriak izen bat baino gehiago izan dituela bere historia luzean zehar. Esaterako, XII. mendean Antso Azkarra nafar erregearen garaian Uasconia edo Vasconia deitzen zela Euskal Herria, eta esan gabe doa, oraingo zazpiak bat baino askozaz ere lurralde zabalagoa hartzen zuela bere baitan gure herriak. Gerora, zenbait euskal idazle hartzen baditugu gogoan, esaterako Lazarraga (1567) “eusquelerria” izenez azalduko zaigu edo Axular (1643) idazlearen lanetan “euscal herria” ikusiko dugu, eta halaxe jarraituko du, harik eta XIX. mende azkenetan S. Arana etorriko zaigularik eta honek Euskadi (Euzkadi) izen berria ematen dion arte E. Herriari.
Egia esan, abertzaleok alderdi bakarrean (EAJ) biltzen ginen, 36ko gerraren aurretik, gerrakoan eta beraren ondoren. Xehetasunik ez dut emango baina zerbitzu ederra egin ez zuenik ere ez dut esango Euskadi eta beronen deiturapeko errealitateak urte multzo horretan zehar. Baina garaiak ez dira beti berberak, aldatu egiten dira, eta ez gutxi azken 30 urte hauetan. Neuk ere aldatu egin behar izan dut puntu honetan eta... beste gauza askotan.
Nafarroa aldean asko ibili ez den seinalea iruditzen zait gaur egun Euskadi izena gora eta behera dabilena. Zoaz, esaterako, Iruñera euskararen, presoen.... manifestaldi batera eta ez dira oraingo kontuak, aspalditxotik datorren haize ufadak baizik. Hori eta horrenbestez ez hasi hango kaleetan barna zoazela “Gora Euskadi” edo “Nafarroa Euskadi da” oihukatzen, baldin eta muturreko bat hartu nahi ez baduzu. Eta arrazoiarekin, zeren gaur egun behintzat ez baitira Nafarroa nahiz Iparraldea Euskadi erkidegoaren barruan sartzen, bai, ordea, Euskal Herriaren barruan. Eta ez esan ezker abertzalearen setakeria denik PNVko bakar batzuek jaurtiki duten bezala. Izatekoz, setakeria edo jakintzak zer, beren aldetik dagoela edonork ikusten du, eta zorionez, gure 165 futbolari horiek ere bai, begi bistan izan dute, agidanez. Gainera eman begiratu bat gure inguruko hizkuntzek zer deitura erabiltzen duten gure herrialdeari buruz. Pais Vasco (espainolek), Pays Basque (frantsesek), Basque Country (ingelesek), etab. Euskal Herria, alegia, eta ez Euskadi..
Askotan galdegiten diot neure buruari, ea noiz arte jarraitu behar dugun euskaldunok, besteak beste, lau zatitan banandurik bezala: euskaldun espainolak, euskaldun frantsesak, nafarrak eta euskaldunak. Badirudi Euskadi erkidegoan sartzen garenok bakarrik garela euskaldun puruak, besteak nonbait nafarrak ez dakit espainolak diren edo, Iparraldekoak frantsesak agian. Denok gara euskaldun, bata bestearen gainetik jarri gabe, eta Euskal Herria helburu edo jomuga dugularik. Adibide bat, aspaldiko kontua da baina, Antzin herrian (Lizarraldea), euskal udalekua genuen garaietan eta bereziki uda lehenean haurrak harturik hara azaltzen ginenean, lehenbizian behintzat ohikoa zen: “ya vienen los vascos” esatea eta gure erantzuna normala zenez, “y tu que eres”? – “Yo navarro”. Eta ...”yo guipuzcoano”. Urte asko baino lehen jo zuten aldaketa.
Eta azkenik, gauza bat esan gabe ez dut gelditu nahi. PNVren jokabidea oso nagia, beste epiteto latzago bat ez erabiltzearren, ikusi izan dudala beti. Zenbat urte kosta ez ote zitzaion S. Aranak idatzitako Euzkadi izena zuzendu (letra baten gora-behera guztia) eta ordainez, Euskadi onartzeko? Eta honekin ez nabil Sabin Aranari bere kategoria eraisteko asmotan eta gutxiagorik ere. Beste adibide bat eta horretan utziko dugu gaurkoa. Herria jadanik eskeka eta gure jakitunek aspaldidanik buruak hautsi beharrean zeukaten gai bat aipatuko dut: “Euskara Batua” eta beronen arazoa. Oroit Arantzazun, Euskaltzaindiak proposaturik, ospatu zen biltzarrean (1968) hartu zela baturako erabakia. Zuzenean eman genion gure baietza Ikastola munduan genbiltzanok, idazleek, kantariek, etab. Baina ondoren galga eta jukutria franko astindu zuenik izan zen. Pentsatuko duzu nortzuk.