Aurreko zutabean Ameriketako esklabo beltzen mendeetako kalbarioa eta Obama presidente izatera iritsi delarik, hango aire ustelduari zer nolako ufada freskoa ekarri dion eta nolako itxaropen izpi berriak piztu dituen esaten genuen. Gaurkoan etxera begira ibiliko gara. Lehenik eta behin, bide gurutzearen lau aldetara aldarrikatuz, etsipenak harturik ez gabiltzala euskaldunok aitortu behar. Etsipenak harturik? Ez horixe, beste batzuek horren bila badabiltza ere!
Jarraian apurka-apurka aletzen joango naiz eskuartean dudan gaia. Eta hasteko esan, sekulako hanka sartzeak egiten ari direla ene ustetan. Esan gabe doa, ez dudala gauza berririk asmatu eta aipatuko, egunero entzuten, irakurtzen eta ikusten ari garena ordena pixka batekin emango baizik. Pepito jendeari buruz, neure hiztegian dagoen deitura da, ez diet aipamen koxkor bat ere egingo, denok baitakigu frankista eta faxista hutsak direla eta erremedio gabeko jendea dela. Hauen uste edo gogoaren arabera, euskaldunok, baina denok gainera, kartzelara joan beharko genuke, eta... betirako. Ez dakit infernu berria muntatzen edo zer asmotan dabiltzan!
Besteak aipatuko ditut, Zapatero eta bere samaldakoak esan nahi dut. Hauek bai direla penagarriak benetan! Oilo bustia baino txaldanago dabiltza eta besteen, lehengo horien alegia, anparoan, oilarrik basatiena baino harroago jokatzen ari dira. Ongi dakizu lokatzetan bota handiak jantzita izan arren, zenbat eta aurrerago jo hainbat eta hanka zulo handiagoak izan ohi direla, ezta? Horrelaxe ageri zaizkigu, bada, gaur egun sozialistak.
Sortzez ezkerra direla edonork daki eta 36ko gerrakoan, besteak beste, borroka, sufrimendu eta hamaika heriotza jasandakoak langileriaren alde eta errepublikaren aldeko ahaleginetan. Franko hil zelarik eta agintearen jabe egin ondoan, monarkiko bilakatu ziren langileriaren ordezkari izenean, eta estatuaren terrorismoaren sortzaile (oroit GAL eta gainerakoak) eta inon diren lapurreta klase guztiak egin, gainera. Hartan amaitu zen beren agintealdia.
Bigarrenez, Zapatero buru, agintera iritsi berritan, hitz ederra franko entzun genuen, eta beste behin “hitzak ederrak bihotza faltso” gertatu dira, euskal kantu batek dioen bezala. Demokrazia? Demokraziaren ordez salbuespen egoera bizi dugu, makur asko bizi ere, egun, euskaldunok, eta mendekua mendekuaren gainean. Atxiloketak, inkomunikazioak, torturak, kartzelak...ez dira aski nonbait. Orain, adibidez, 20 urteko kondena bete arren, beste urte multzo bateko oparia egiten die gure preso politikoei, eta bestetik, etxeratu ondoren, 20 urte gehiagoko kontrol zorrotza izateko lege berria omen datorkigu. Zer espero genezake hauengandik?
Baina, baina, ez dute dena berekin. Galdorra zut, nola jartzen dira Euskal Herrian behatz bat mugitzen dela ikusi bezain laster! Eta gezurra nabarmen eta barra-barra nola jariatzen dute! Rubalcaba ministroak esaterako, eguneroko prentsa guztiari, espainolari eta antzeko eskemak dituztenei esan nahi da, burua jateraino. Gure gazte bat hartzen dutelarik, bi segundo baino lehen (Txeroki adibide) badaki pertsonaia prestu honek haren milagro, ekintza eta tresna guztien berri. Ez Delfosko orakulua balitza ere...! Lasai, ekin... ez utzi nahi dutena egiten, geroa gurea da eta! Ez daukate zer eginik. Europatik abisu zorrotz bat etorri zaie duela gutxi, gure alde noski, eta entzungor egin dute oraingoan ere. Bruselan bilkura interesgarri bat izan da oraindik orain euskaldunon arazo politikoari buruz. Hori ere isilik gorde dute. Guk ez, ordea.
Azkarraga bera Kanada aldetik barna ibilia da Quebec-eko agintariekin eta haien asmoen (erreferenduma) berri jakiten. Gustura etorri den azalpenak egin ditu. Izan ere hirugarren aldiz erreferenduma egitera doaz hango abertzaleak eta uste dute oraingoan aterako dutela gehiengoa. Ez dezagun galdu geuk ere esperantzarik, lehenengoan ez bada...
EAren erabakia etorri da gero, PNVrengandik banandu eta burujabetzaren aldeko mugimendu zabalaren alde jokatzea iragarriz (Unai Ziarreta), eta hurrengo egunean bertan ezker abertzaleak enbido, bide horretatik elkarlana posible izango dela esanez (J.R.Etxebarria). Ebroz handik aldean bakarrik ez, hemen ere hautsak ondo harrotu ditu. Ez naiz batere harritzen. Arrazoia? Ehun urte eta gehiagoan “Gora Euskadi, gora eta gora” aritu eta orain kontzierto berria, politikoa deitzen dena, omen jokabiderik zuzenena. Leialena eta oparoena ere bai batzuentzat, diot nik. Lehena aski ez balitz bezala, bigarren ziria sartzera dihoazkigula esaten hasita dago jendea.
Azkenik, egunotako istorio bat aski zarata sortu duena: euskal futbolisten erabakia, Euskadi ez baina, hemendik aurrera “Euskal Herriko selekzioa” deitzea exijituz. Hurrengoan sakonduko gai hau. Gaurkoz beste aipamentxo bat: Azaroaren 18an, Alfonso Sastre lagun, Koldo Mitxelenako aretoa mukuru beteta zegoen jende multzoaren aurrean hordago polita jo ziola Arnaldo Otegik PNVri, soberan dagoela hau esan baitzuen, gutxi-asko hitz hauekin edo beste batzuekin.