Ipar Ameriketako berriek liluraturik gauzkate egunotan, aspaldidanik hango gertaerak deigarri bazitzaizkigun ere. Baina nork pentsa Obama, eta beltza gainera, nagusi aterako zenik? Sinesteak ere badu lanik asko! Eta nola, gainera? Botoen portzentaia handi batekin atera ere. Harrigarria guztiz! Aurreko Bush ahaltsu zuritoarekin nazka-nazka eginda zeuden seinalea, duda-muda handirik gabe. Aldaketaren itxaropenak gogotik eragin ditu, ikusten denez, hango herritarrak. Geuk ere itxaropen hori ezin galduko dugu, baina geroago aipatuko hau.
Beltzak diozu? Bai, eta beltzak agintera iristearekin poza hartu dut hein batean neuk ere, haiek pasa dituzten mendeetako zapalkuntza eta kalbarioa ikusita. Obamak, hala ere, nahikoa lan izango du agindutako guztia konplitzen. Hiru arazo dauzka, arazo nagusiak, egunotan prentsak aditzera eman digunez: Irak eta Afganistango gerra biak eta... krisialdi ekonomikoa, han hasi baita sumendia okaztatzen eta bere barneko zikinak oka eta oka botatzen eta mundu guztira barreiatzen. Ez naiz harritzen nonahi ere hango aldaketaren irrika hori sentitzea eta neurriak hartzen hastea, beheko jendea izango delarik, noski, batik bat zama gehienik nozituko duena (lan gabezia, hipotekak, jatekoa...). Bestetik, hara begira ibiltzeak ere ez dut uste sobera mereziko duenik. Agintariak beltz ala zuri izan han gringoek lehengo lepotik izango dute burua. Gero da bihar esan ohi den bezala.
Gero horri utzi eta goazen harira. Neurri batean beti jarraitu izan dut beltzen arazoa, lehenik Martin Luther King liburua irakurri eta iparamerikar beltzen errebindikazioaren eta mugimenduaren berri ikasi nuenean, handik gutxira, bai Kennedy eta bai Luther King bera erailak izan zirelarik (1968). Baina beltzen mugimenduak ez zuen atzera egin, aurrera baizik, bereziki gazte jendeak hartu baitzuen mugida horren erreleboa. Eta horra orain noraino iritsi diren. Jende klase guztiak eman dizkio bere botoak Obama beltzari: arraza, hizkuntza, gazte eta heldu edo zahar.
Aipatu baizik ez dut egingo benetan negargarria den amerikar beltzen historia. Orain Somaliako kostaldean atunak harrapatzea bezala izan baitzen gizonezko, haur eta emakumeak Afrika beltzean harrapatu (ehiza egin esango nuke) eta goitik beheraino Amerika esklabo beltzez hornitzea XVI-XVIII mendeetan zehar. Eta esan behar da espainolak ez zirela atzera gelditu negozio zikin honetan, izan ere espainolek lurralde bat harrapatu (hartaz jabetu, asiento, rancho...izena ipini) eta lurralde hauek lantzeko “asto” eta “mandoak” behar zituzten , baina gizonezkoen ehiza bakarrik eginez gero, emakume eta haurrik gabe, belaunaldi batekin amaitzen zen esklaboen lana. Hor zegoen koska.
Hara, zifra bat edo beste baino ez dut emango. Espainiak esaterako bere asiento horietarako urtean 4.000-5.000 esklabo beltz erosi zituen bakoitza 20/25 dukat pagatuz mende erdi batean bakarrik. Eta garai berean (50 urtetan) 150.000 beltz kalkulatzen dira garraiatu zirela Amerika guztira. Badago beste datu bat, deigarri egiten zaidana. Felipe V. espainiar erregeak 1701ean frantses gobernuaren konpainia batek ahala eskaturik, honek Ginea frantsesa deitzen zena hornitu nahi eta, hamar urtetan 48.000 beltz saltzeko baimena eman zuela. Funtsean, Ingalaterrak hasiera eman zion esklabo beltzen abolizioari, eta aitzitik, Espainiak azkena. Eta datu bitxi bat, beltzen trafiko honetan azkenekoa, euskaldun konpainia bat izan zela itsasoz garraiatzen zituena: Uriarte eta Kia zeritzana. Lanbide polita zinez sosa biltzeko!
Luther King liburuaren antzera nire bizitzan, arazo honi buruz, beste gertaera batek barrua ongi astindu zuen oroitzapen bat ere badut nik. Afrika Beltzean neure begiz ikusita nago esklabo beltzen salmenta egin ohi zen uharte edo irla bat. Gorea du izena eta Dakar hiriburutik (Senegal) legoa asko gabe dagoena. Duela dozena bat urte, handik zehar ibili ginelarik, berau bisitatzeko parada izan genuen. Uharte koxkor bat, etxe bakar batzuk, eta kuartela izandako bat eskola bihurturik eta itsas ertzean pabilioi gisako etxe handi bat eta ezker-eskuin bi portu txiki itsasontziak sartu-irten egiteko. Etxe handi hori gela zabalez osatua, lur barnean harrapaturiko jendea, ganadu feria batean ganaduak bezala esklaboak salgai ipintzeko etxea. Gela bat gizonezkoentzat, bestea emakumezkoentzat eta hirugarren bat haurrentzat antolaturik egon zena. Gainean terraza eta beste gela batzuk handikien jolas klase guztietarako egokituak. Paraje hau benetan hunkigarri izan bazitzaidan ere, beste zerbait izan zen hunkitu edota amorru bizitan ipini ninduena. Uharte hartan barna genbiltzalarik, non ikusten dugun monumentu oroigarri bat, gainean soin edo busto bat zeukana. Agidanez, hango gobernadore izan zen batena. Azpian bere izen-deiturak Blaise Daigne eta han agintean egon zeneko urteen datuak (ez naiz gogoratzen), baina euskalduna, Kanbo herriko semea. Horra dena esan.
Eta orain, etxera itzuliz, Euskal Herriaren barneko aldaketa nahiz itxaropenaren bidea zertxobait, bigarren puntu bezala, jorratzeko asmoa ere banuen, baina zutabe honek gehiagorik ematen ez duenez, beste baterako utzi behar. Izan ongi, bitartean.