Gogoan dut behin, aitona batekin berriketan jarrita, zer esan zidan: –Zahartzen ari gaituk.
–Zer bada?
–Hara, aldapa gora aiseago ibiltzen naizela behera baino, eta hori zahartzaroaren seinalea zela.
Eta halaxe izango dela pentsatzen hasita nago neu ere. Zahartzen ari naizelako agian. Hala ere gaixorik egon eta gero, bigarren aldiz oinez ikasi behar izan ondoan, eskuan makila lagun harturik hasi nintzenean, egia, aldapa gora errazago ibiltzen nintzen behera baino. Belaunek gehiago bortxatzen ninduten beherakoan.
Naturari begiratzen badiogu urte sasoi honetan, gauza bera gertatzen zait, irudimenez behintzat. Urtea beherantz doala. Bai, bai, oso politak dira pago, haritz, gaztain eta beste hainbat zuhaitzen kolore mota bitxiak udazkenean, eta onddoak eta mizpirak edo gaztain erreak, baina urtea malda behera doala edonoren begi bistan dago. Mendi bat bezala ikusten dut nik urtea. Sanjoanetan gailurra jotzen duela eta udazkenarekin beheko zuloan ezkutatzen dela.
Ez dira lehengo garai bateko neguteak izaten azken urteotan, baina hala ere negua, eta zer esanik ez udaberria, bizi berriaren seinale dira biak ere. Bestela esanik, neguan abiatzen dela urtea aldapa gora. Hortik aurrera ez dut xehetasun askorik eman behar ene ustetan. Hori horrela, behin baino gehiagotan pentsatzen egon naiz, zergatik ezarri ote zuten gure aurrekoek udazkenaren bihotzean Santu Guztien jaia esaten duguna? Gure bizitzak beherantz doazela ikusi eta ondoren bizi berria dugula ohar gaitezen? Baliteke.
Nik, egia esan, inoiz baino garbiago daukat buruan errealitate hau, eta inoiz bada eta, Eduardo nire sehaska lagunak agur egin digun egunotan. Esan gabe doa ukitu berezia izan duela niretzat agur horrek. Mandatu bat eman nahi nion nire sehaska lagunari, baina ezin izan dut azkenean. Nire mandatua zer zen? Goraintziak arrapaladan emateko gure aurretik joanak diren guraso, senide, ahaide eta adiskide guztiei nire partetik, horra.
Garai batean, lehengo jendeak ondo daki, ama batek haurra izan eta bularra etorri bitartean beste ama batengana eraman ohi zela jaio berria egun batzuetarako. Hala-hala, sehaska berean egonak ginen biok. Horregatik, elkar topatuz gero, izenez ez baina, “kaixo sehaska laguna”! esanez, batak bestea agurtuko genuen.
Astean behin edo bisitatu izan dut bere gaixoaldian, ni neu pixka bat ibiltzeko gauza izaten hasi nintzenetik behinik behin. Umetako edo eskolako aberia koxkorrak eta pasadizoak oso gogoko izan ditugu elkarrizketa hauetan. Eta gaztetako aberia handixeagoak eta gerokoak izan zaizkigu aipagarri hala berean. Gauak luze, egunez norbait behar zuen solas egiteko. Eta izan du, etxeko eta kanpoko, lagun edo bisitaririk zorionez..
Solasaldi guztion gainetik, niretzat benetan deigarri gertatu dena, beste behin edo bestetan ere gertatu zait, hauxe da: heriotzari aurpegi emateko izan duen, ez dakit nola esan tenplea, kuraia edo ausartzia. Nik norbaiti aipatu jarrera hau eta “horiek dituk barrabilak horrenak”! erantzun zidan. Eta ez dut ukatzen nik neuk ere.
Bestela nola bada, medikuak aurrez adierazi bezala, bere burua kili-kolo ikusi eta bereak egin zuela pentsatuz “ni banoa” edonori aho betean esateko ahalmena? Eta are gehiago. Duela hilabete pare bateko kontua da emaztea, seme-alabak eta senideak hartu azken agurreko bazkari bat egitera gonbidatuz eta bazkaria egin herriko jatetxe ezagun batean? Deigarria ezik harrigarria ere bada niretzat horrelako patxadarekin, lege zaharreko jendeak ohi zuen bezala heriotza onestea. Sekula ahaztuko ez zaidana eta ni neu horretarako, garbi esaten dut, gauza izango ez naizena seguru aski. Zutabe hau amaitzeko, agurrik beroena luzatzen diot nire sehaska lagun minari beste mundura.