Aurrekoan bakeari buruzko zenbait xehetasun emateko ahalegina egin nuen zutabe honetan, Alfontso Sastreren artikulu mamitsu bat komentatuz. Oraingoan txanponaren beste alderdiari atxikitzen natzaio: gerrari, eta gauzarik makurrena zera dela esanez, non lehen non orain, Jainkoaren izenean egiten direla gerrarik nagusienak.
Gauza bat entzuna dut berriki, agnostikoa den pertsona bat ez omen dela onartzen kargu publiko bat okupatzeko Ipar Amerikanoen artean. Agnostiko izatea zer den? galdegin lezake bakarren batek: Jainkoa onartzen ez edo ukatzen duena da agnostikoa. Bagenuen lehendik ere honen berri zehatzik. Esaterako, Bush katoliko fina omen. Aita Santuaren bisita eta guzti izan ditu. Hala bada, behin baino gehiagotan entzunik gaude bere ahotik, Jainkoaren deiari jarraituz, Aznar eta Blair lagun harturik, inbaditu zuela Irak, ondorioz, gerra horretan inon diren txikizio klase guztiak eta milaka hildako utzi dituelarik. Zein jainko ote zuten helburutzat? Urre beltza deritzon petrolioa ez zen, bada, izango ala...?
Eta hori aski ez dela orain non ateratzen zaigun Sarah Palin errepublikanoen aldetik presidenteorde izateko aurkeztu den andere hau, esanez, Alaskan oleoduktua egitea Jainkoaren nahia dela, beti ere pertsonak eta petrolio konpainia desberdinak elkartzeko bidea egingo duelako. Jarraian, otoitz egiteko eskatu zien aurrean zuen jendeari Jainkoaren nahia Iraken bete dadin, zeren eta amerikano agintariek hara bidaltzen ari diren soldaduek plangintza bat daukatela eskuartean, Jainkoaren plangintza dena. Entzun bezalaxe esaten dut.
Garzon eta Marlaska morrosko biak Hegoaldean eta Le Vert eta Houyvet andere prestuak Iparraldean psikopatak ez ote diren ere irakurri dut egunotan. Besteak beste, benetan kategoria itzaleko epaileak dauzkala E. Herriak esan beharrik, bai Espainiaren aldetik bai Frantziaren aldetik. Zer duintasuna duten gero epaileok, eta halako kategoria izanik, zer apaltasuna gureganaino hurbiltzeko! Bai hala fede!!! Badakizu Le Vert bera, polizia multzo bat lagun, ibili dela gure Iparraldean, hemen Garzon ibili izan den bezala, hau bai eta hau ez, gazte jende sail bat atxilotu eta eramaten? Garzonek orain 36ko gurutzada gerrakoan hilak edo erailak izan zirenen zerrenda aztertu behar omen du. Baitezpada ez du hiltzaileen zerrenda biltzeko asmorik azaldu. Hori gerorako utziko zuen, bigarren epe baterako.
Harritu egiten gara amerikanoekin. Urrutira joan beharrik!. Zer izan zen bada Francoren altxamendua? Legez eraikia zen errepublikako gobernuaren kontrako gerra izanik argi eta garbi, por Dios y por España lematzat, Jainkoaren izenean egindako gerra, eta gerra bezala, ondoko urte luzeetako diktadura ere. Zein ondo konpondu ziren gurutzea eta ezpata elkarrekin pentsatzeak ere badu lanik aski. Elizako agintariak lagun onak izan zituen Francok. Euskaldunok, aldiz, rojos y separatistas ginen haientzat. Gaurkoentzat ere hala moduz, nola bizirik larrutu nahi gaituzten ikusi besterik!
Ildo berari jarraiki, ongi egiaztaturik dago II. Mundu Gerran 6 milioi judutar erail zituztela aleman naziek eta hortik aurrera egindako basakeriak, gainera. Eta badakizu gerra hartako nazi soldaduek zer lema zeramaten gerriko ubelari itsatsita? “Jainkoa gurekin”.
Eta zer uste duzu Espainiak Amerika konkistatzeko garaian ez zituela horrelako basakeriak eta gehiago egin? Buruan dut eta ez dakit hain zuzen non irakurrita, baina 70 milioi indio jota garbitu omen hemendik hara joandako bandolero jendeak soilik hamar urtetan. Espainiako artxibo historikoetan egongo dira hainbat dokumentu, baina asko eta asko ezkutuan edo betirako ezkutaturik agian.
Bat aipatuko dut adibide bezala, Hernan Cortes, Mexiko konkistatuz azteka inperio ospetsuaren suntsitzaile izan zena. Bere gutun batean xehetasun latzak ematen ditu, hango herriak nola menperatzen, edo hobe xahutzen, zituen aditzera emanez. Erregea (Espainiakoa jakina) zela oihukatzen zien bertako jendearen (indioak) eta hango lurralde guztien jabe. Eta hara joan bezain laster, berak idatzita dago, egun bakar batzuetan hamar herri kiskali zituela eta hauetarik bazirela bat baino gehiago hogeita hamar mila etxe zituzten herriak. Eta ederki zuritzen du bere burua, esanez, nola gurutzedun bandera bat zekarten eta fededun ziren eta erregearen zerbitzuko, Jainkoak halako garaipena eman ziela, non jende asko garbitu omen, berek inolako kalterik jasan gabe. Eta gisa horretan jarraitzen du hortik aurrera ere bereak eta bi kontatzen.