Hitz hauekin hasiera ematen zion duela gutxi: “Si vis pacem, para pacem”, latinezko esaldi bati jarraiki Alfontso Sastre idazle eta pentsalari jakitunak GARA egunkariko idatzi mamitsu batean. Bestela esanik, “bakea nahi baduzu, egizu bakea”. Bakea ez dela zeru goitik euria heldu den bezala datorren zerbait, gu geu lasai asko besoak gurutzaturik gauden bitartean. Bakea eginkizuna dela, guretako bakoitzak eta herritar guztiok elkarrekin bilatu, atzeman, eraiki eta egin edo gauzatu beharreko errealitatea delako.
Aspalditxotik daki beronen berri gure Alfontsok, urte mordoa baita, emaztea (Eba zena) eta familia harturik Espainiatik aldendu eta Euskal Herrian bizi den gizon argi honek, gure herriaren alde ahaleginak eta bi egin eta egiten ari delarik.
Eta kexu larri bat luzatzen zuen jarraian: hemen, eta larria ez dela ezin esan, bakearen alde gehien saiatzen ari direnak kriminalizatu eta atxiloturik barrura edo ilegalizatu egiten dituela Espainiako gobernuak, bere morroi leial guztien laguntzarekin. Eta biziki harritzen dela, lege eta eskubide guztien gainetik halako ankerkeriak egiten ari dela ikusita, Espainiaren baitan ahots bat ere aurka ez ateratzea, jakitun, epaile, idazle edo kazetarien artetik.
Lotsa izpirik gabe jokatzen ari dela gobernua hau zioen. Gainera, ikusi besterik, azkenaldi honetan nola legez kanpo bota dituen, lehen Batasuna bezalaxe, EAE eta EHAK alderdiak, Amnistiaren aldeko Gestora eta Askatasuna eta, ondorioz, zer nolako jende multzoa, lehenak lehen, sartu duten kartzela zuloan, han-hemenka Espainiako kartzela desberdinetan, 200 urte eta gehiagoko kondena bizkarrean dutela. Ni neu ere Alfontsorekin nago, zeren esaten baitu errespeturik handienez txapela eranzten duela hauen guztion aurrean.
Ondoren, espainol politikoei zuzentzen zaie, eskuina izan ala ezkerra dela esan, nola bata ala bestea pare-parean daudela jokabidez eta frankismoaren oinordeko garbiak direla aurpegiratzen die, beren buruak super-espainoltzat dauzkatelarik. Are gehiago. Espainia zerutik heldu den ideiatzat daukatela, baina Historiak albora uzten ari dituela gehitzen die berebat gure jakitunak.
Eta jarraitzen du hauei zuzenduz, ez dakiela euren arteko inork bere artikulua irakurriko duen, baina irakur baleza, seguru aski, “banda terroristaren inguru” horretan sar lezaketela eta hala ere garbi esaten diela “ezker abertzalea” dela hemen herriaren adierazpen politikoa arnasten duena eta askatasunaren arima dena, bai eguneroko lanean eta bai euskal lurralde desberdinetako populazioaren gehiengoa osatzen. Ikustekoa dela zenbat eta zenbat doazen kartzelara aberriarenganako maitasuna beste deliturik gabe eta soilik maitasun hau politikaren arloan edo kulturaren munduan erakusteagatik.
Gero, zera dio. Kondena gora eta kondena behera isiltzen ez diren alderdiekin ez dela batere fio. Bakearen bila abiatzeko, delako kondena santu hori ezpainetan derrigorreko baldintza bezala ipintzeak usain txarra dakarkiola, ez dagoela hor benetan bakearen bidea urratzeko gogorik, alderantziz baizik, jarrai dezala biolentziak. Berak, bere ahulezia ezaguturik ere, behin baino gehiagotan eskaini duela bere burua, gutxienean etxea garbitzera datorren emakumezkoaren papera beteko duela pentsatuta, baina ez alferrik.Horiek apustua eginik daukatela, zigorra zigorraren gainean eta kito. Garbi dagoela bakerik ez dutela nahi, daukatena galtzekoa daukatela ongi dakitelako.
Zigorra? Ikusi besterik hurrengo egun batean zer esan zuen gobernu espainoleko presidenteorde Maria Teresa de la Vega andereak Madrilen egindako adierazpenetan:”Euren etorkizuna espetxea da eta geurea, berriz, askatasuna”. Aurpegia behar da! diot nik Aurpegian zazpi azal esaerak dioen bezala gehituko nioke.
Ororen buru, ordea, guk bakea nahi dugula dio Alfontsok, bakearen bidea behar dugula urratu. Gainera ez edozein bake klase. Gu belauniko jarraraziko gaituen bakea ez inola ere eta are gutxiago gure preso politikoak daudela usteldu arte kartzelan exijituko duen bakea. Benetako bakea nahi badugu, beharrezko zaigula ekin eta jarrai bakea egiteari egunak dituen ordu oro, eta ondoren esaten du, justizia eta askatasuna albo batera utzita ez dagoela bakerik, eta gauza jakina dela, horiek nahi duten bakea kanposantuko bakea dela ere.