Bai eta halaxe ibili naiz, zalantza-balantzan. Nire zutabea osatu nahian hasi eta gai desberdinak bururatu zaizkit. Hiru preseski. Bata, aurtengo abuztuko opor egunetan, ogia edo haragia erosteko edo kafetxo bat hartzeko hain denda eta taberna gutxi izan ditugu irekita Urnietan, non batetik bestera kalean zehar ibiltzea gertatu zaidan eta neurri batean kuxkuxean ere bai ibili naizela esan behar. Harri eta zur eginik gelditu naiz, bat edo beste salbu, gehienek honelako abisuren bat baitzeukaten kristal barnetik ezarrita: “Este establecimiento permanera cerrado...” edota “Cerrado desde el día... hasta el día... ambos inclusive”, etab. Zertan gabiltza, ordea, ikastolak, euskaltegiak eta euskara sustatze lanetan, gero ohar xinple bat euskaraz edo bietara ipintzeko gauza ez bagara? Banago, osasunarekin eta Jainkoak nahi badu, datorren udan bat-banaka kuxkuxeatuko ditudala herriko denda, taberna eta bulego guztiak, eta berebat bat-banaka zutabe honetan, izen eta guzti, salatu ere erdara hutsean ipintzen duen edonor. Ez da lehenbizikoa izango niretzat salaketa hau. Esango dut. Zutabe honetan berean salatu nuen Iparlat edo Gurelesa enpresaren jokabidea eta luzaro baino lehen ipini zituzten esne paketeetako oharrak hizkuntza bitan.
Bigarren gaia, joan den igandeko estropadak eta gure preso politikoen aldeko manifestaldian zipaioen, ez dute beste izenik merezi eta, jokabideak haserre bizian jarri nauela aitortu beharrean naiz. Ni neu gauza izan banintz hantxe izango nintzen beste zenbait urtetan bezalaxe eta aurre-aurrean jende mutur beltz horri aurpegi emanez, badakidalako bizkarreko bat edo beste gora-behera (ez zen lehenengo aldia izango) jende heldua atxilotu eta barrura eramatea ez zaiela sobera komeni. Hogei urteko gazte bati, beti ere, aiseago lotzen zaizkio. Zer pintatzen ote zuten han, goizean goizetik, kale eta bazter guztiak harturik, agidanez dozenaka asko, burutik oinetara armaz josirik eta “hemen gaude” esanez bezala harrokeria bizian, furgoneta multzo bat eta gainetik helikopteroa bere burrunba hotsa alde guztietara hedatuz? Baltza jaunaren agindua betetzera etorriak ziren, noski. Jakin beza, bada, jende honek, eta Baltza Madrilen morroi finak berdin, lege eta agindu eta zigor klase guztien gainetik daudela justizia eta herriaren eskubideak, kasu honetan gure preso politikoen eskubideak, eta beste asko eta asko bezala balore hauek defendatzen jardungo naizela bizitzeko gelditzen zaizkidan nire egun edo urteetan. Ez dugula hola-hola amore emateko asmorik.
Eta goazen, beste gabe, hirugarren gaiari heltzera. Ez da denbora asko oraino, iragan abuztuan, artikulu bat irakurri nuela HIES edo SIDA delakoari buruz. Mexikon egindako biltzar baten ondoren izan zen. Badakit min bizia edo kantzerra, malaria eta... goseak milaka pertsona milioika ez esatearren eramaten dituela beste mundura, baina ororen gainetik HIES izeneko gaitz makur hau gertatu zait benetan kezkagarri. Hara, 26 milioi hildako eragin omen ditu jada, sortu zenetik eta urte apur hauetan, eta biltzar horretan adituek esan dutenez, 33 milioiz goiti kalkulatzen dira munduan horren kutsadurak harrapaturik dauzkanak. Gaitza baino areago izurri bat dela zioten aho betean.
Eta nola harrapatzen den? Sexu bidez lehenik. Odola bitarteko delarik bigarren eta amaren bularra omen hirugarren bitartekoa, hitz gutxitan esanda.
Izurri hau dela eta ez dela beste pentsamendu batzuk ere izan ditut buruan harrezkero. Alegia, panorama hau ikusita, gure Elizak hala ere antisorgailuak (preserbatibo etab.) erabiltzearen gain daukan debeku zorrotzak txunditurik naukala esan behar. Elizako handi-mandiez ari naiz eta ez herri mailako apaiz jendeaz, zeren hauek, garai batekoak ez bezala, apalago baitira eta oinak ere lurrean finkaturik baitituzte. Egia esan pena izugarria ematen dit Eliza beti aurka edo atzetik ibiltzen dela munduak edo gizarteak edo zibilizazioak ematen dituen urrats handien aurrean.
Etsenplu bakar batzuk baizik ez ditut emango jarraian. Esaterako Biblia ia oraintsu arte eskuetan hartu eta irakurtzea debekaturik geneukan katolikoek eta herri hizkuntzara itzulirik protestanteek (Luterok eta...) duela bostehun urte emanik zuten urrats hori. Eta gauza bitxi bat esan behar dut hari honi jarraiki, euskaldunok ere lehen Biblia euskaraz protestanteena dugula, Joannes Leizarragaren Iesus Crist Gure Iaunaren Testamentu Berria (1571). Eta jokabide beraren emaitza izan zen eguzkia mugitu egiten zela eta ez zela Galileoren errematea ere. Inkisizioaren kondenapean heriotzak berekin eraman zuela azkenean. Eta beste bat. Darwinen Eboluzioaren teoriari buruzko Elizaren jarrera. Alegia, espezien eboluzioa hautespen naturalaren bidez gertatzen dela irakatsi baitzuen Darwinek, edo bestela esanik tximua dela gure antzina-antzinako arbaso edo guraso zaharra. Bakoitzak atera bitza bere ondorioak.
Gauza bera orain antisorgailuen arazoaren aurrean. Hiru iritzi jaso ditut antisorgailuei dagokienean. Guraso heldu batena bata. Honek zera zioen, apaizen erakutsien arabera jokatu duela bizitzan zehar. Teologo berri edo berritzaile batena: munduko apezpiku guztiak (Kanada, Polonia, Alemania...) ez daudela ados debekuarekin. Eta fededun gazte batena: Elizaren hierarkiaren gainetik Jainkoaren opari bat dela sexua azken batean.