Kontrola

Hitz hau erabili dugu gaur goizean nire lagun batek eta biok, kafetxo bat hartuz, herriko taberna batean solasean ari izan garelarik. Kontrola? (haren ahoan superkontrola), ezartzen ari zaizkigula genion euskaldunoi Ebroz handik aldetik. Ez dakit egia den baina behin baino gehiagotan entzun eta irakurri izan dut hamar pertsonetatik edo hamar pertsonako polizia bateko proportzioa daukagula euskaldunok, honako hauek denak kontatuz gero: nazionalak, guardia zibilak, sekretak, ertzainak edo bizkartzainak. Europan inon ez bezalako proportzioa daukagu diotenez. Arnasa bera ere kontrolatzeko proportzioa agidanez.  Eta jarraian errepaso txiki bat egin diogu jarrera honi.

Lehenik, EGIN eta EGUNKARIA bata bestearen ondoan itxi zituzteneko gertaerak izan ditugu ahotan. Hain zuzen, gaur dira 10 urte (uztailak 15) EGIN itxi zutela. Hori dela eta,  ekin diot geroxeago zutabe hau idazteari.  Hernaniko kiroldegian lehengo larunbat arratsaldean iragarrita zegoen bezala ospatu zen urteurren horri buruzko ekitaldia.

Irri eta iseka apur bat ere erabili dugu, egia esan, gertaera deitoragarri hau aipatutakoan. Oroitzen al haiz nion nik Aznar jaunak zer esan zuen orduan? “Zer uste zuten bada, ez ginela ausartuko?” esan baitzuen erabat harropuzturik. Eta nire lagunak, bestetik, nik neuk ahazturik neukan beste pertsonaia bat aipatu dit: Atutxa jauna, telefonoa hartu eta Madrilera zorion-agurra bidali zuenekoa.

Irria eta iseka, eta pena ere bai noski, sentitu dute gure bihotzek une horretan, baina begi bistan dago hordago guztiak ez dituztela ere beren eskuetan. EGIN itxi eta hurrengo egunean berean, herriaren laguntzaz (lokala, dirua, ahalegina...) egunkari berria GARA izenez ezagutzen duguna zutik. Beste horrenbeste gero, EGUNKARIA itxi eta hurrengo egunean, euskaldunok BERRIA  moldatzeko kuraia erakutsi genuenean. Ez zuten, seguru nago, ostiko makala hartuko nik dakidan batzuek kasu bietan ere. Harroputzak direla esango ez duk bada, genion gero, izan ere Garzon “ospetsuak” berberak gauzatu baitzuen itxiera berrehun polizia berekin ekarri zituelarik, lapurren modura gauaren ilenpeaz baliaturik, eta egunkaria ezik, EGIN Irratia ere bertan behera utzi. Orain komeriak! Hamar urte geroago zer egin edo orduko hanka sartzea (eta gerozkoak) nola disimulatu ez dakitelarik.

Segi oraindik hariari!  Bestetik, gure aldetik hilak izan direnen izenak, (hauek ez baitira biktimak) hemengo herrietako plaza eta kaleetatik ezabatzeko agindua, azkenean emandako agindua zerbait goxatzeko modua egin badute ere. PP hor hasi da berriro amorru bizian ekintza hori azken muturreraino eraman behar dela aldarrikatzen. Falta zena! Horretaz hala zioen nire lagunak, Hernaniko kasuan Pana izena zeraman parketik gauerdian kendu zuten “zipaioak” etorriko ote dira plaka berriz ipintzera? Urnietako kasuan ez dute horrelako lan bat hartu beharrik izango. Hemen, esaterako,Gurutze Igantzi zenak  edo

J.Karlos Alberdik ez baitute eduki beren izeneko kale edo plazarik. Etorriko da egunen bat aukera hori gauzatzeko ere. Ez da esperantza galdu behar.

Eta banderaren auzia zertan den?  Bandera espainola ezarri behar dela euskal erakundeetan. Hori ere bai? Bai. Bilboko alkate esaneko eta apalak berehala ipini du bertako udaletxean. Donostiakoak, aldiz, agindua bera jaso baino lehen. Hau, are esanekoagoa, berriz.

Errepasoari jarraiki, espainol hizkuntzaren arazoa jorratu dugu gero. Galtzeko arriskuan omen espainola, hala diote Savater jaunak eta Diez andereak. Hau ere ikusi behar genuen! Sekula euskara ikasteko pauso erdi bat eman ez duen jendea, orain PP gainera, prediku horiekin guregana. Ez die burukomin makala ematen, noski, Ebro alboraino ikastolak nahiz euskaltegiak (Kortes, Tutera, Sartaguda, Lodosa, Biana, Oion...) zabaltzen eta hedatzen doazela ikusi beharrak. Era berean aipagarria izan zaigu frantses akademiaren kezka eta beldurra ere, nola adierazi baitu, euskara goratuz gero, frantsesa baztertzeko arriskutan gertatzen dela. Amorratuta dabiltza, duela bostehun urtetik hona beren alde izan duten olatua orain gure alde abiatu denean.

Eta ororen buru, E. Jaurlaritzak eman duen legea ikusita, tripa guztiak kiskalita dabiltzala ezin uka. Lege honek dioenez, denda eta saltegietan, espainolaz aparte, euskaraz atenditu beharra ezartzen baita, nahiz eta oraino leku askotan bertako pertsonalak maiz esan ohi duen, edo hobe erregutzen jada,  “En castellano por favor”. Euskaldunok badakigu zer egin behar dugun horrelakoan: “denda honetan ez al dago euskaraz egiten duenik”? Datorrela! Eta onez onean baina lotsa apur bat eraman dezala berekin baztertua sentitzeagatik. Edota beste denda baterako bidea hartu. Horrela ikasiko du jendeak.

Gauza gehiago ere saltsatu ditugu, baina gaurkoz hemen uzten dugu gure solasaldia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!